Uharte Arte Garaikideko Zentroa
Ez da museoa, ez da bisitan joateko lekua, ez baitago ezer ikusteko. Artea lantzeko toki bat da, artistentzako lan-lekua, lan artistikoak egiteko zentro bat, esperimentatzeko eta sortzeko toki bat. Horixe da Uharte Arte Garaikideko Zentroa. Berezitasun horrek, ikasleekin, irakasleekin eta ikastetxeekin lantzeko hainbat proiektu eskaintzen ditu.
Arte garaikideari estuki lotutako zentroa da Uhartekoa (Nafarroa), ekoizpen, esperimentazio eta ikerketa artistikorako zentroa. Komunitatearen esku jartzen ditu baliabide materialak, ekonomikoak eta heziketa aukerak. Esperimentazioa eta ikerketa sustatuz ezagutza sortzea bilatzen da: beste modu batera esanda, arte garaikidearen bitartez pentsatzeko eta hausnartzeko aukera ematea ikuspegi kritiko batetik eta testuinguru batetik abiatuta. Sormen-lanak egiteko lekua eskaintzen die zentroak artistei, ikastetxeei, irakasleei eta ikasleei. Ikustera ez, egitera gonbidatzen ditu.
Ikasleentzako aukera anitz
Uharte Arte Garaikideko zentroak hezkuntzara zuzendutako eskaintza zabala du. Hasteko, ikasleei zuzendutako proiektuak ditu: A3, eskola lurraldea eta Uharteko ikastetxearentzako proposamen itxia. “Azken hori, Uharten gaudenez, bertakoei eskaintzen dieguna da. Gainerako biak –A3 eta Eskola Lurraldea– Nafarroako ikastetxe guztiei eskaintzen dizkiegu. Deialdiak egiten ditugu parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten eta hortik aukeratzen dira”.
Eskola Lurraldean i
kastetxe osoak parte hartzea da baldintzetako bat, ez irakasle edo talde bakar batek, komunitate osoak baizik. Ikasturte osoko proiektu bat garatzeko 3.000 euroko dirulaguntza ematen du Uharte zentroak eta ikastetxea eta inguruko lurraldea lotzen dituen proiektua da garatu behar dena, betiere sormen garaikidearekin lotura duten prozesu eta hizkuntza garaikideak erabiliz. Uharte zentroak aholkularitza teknikoa eta kontzeptuala eskaintzen ditu eta baita azpiegituretarako laguntza ere. “Proposamenarekin lotura eduki dezaketen artistak bilatzen ditugu, irakasleei behar duten formazio jakin bat eskaini eta abar. Iaz Lizarrako Remontival ikastetxeak Iturriaren koloreak izeneko proiektua garatu zuen. Aurten Burlatako Bigarren Hezkuntzako Amor de Dios ikastetxeari eman diogu dirulaguntza. Arkitektura publikoko proiektu bat egingo dute. Herriko espazio publikoak aztertuko dituzte eta eraldaketak proposatuko dituzte. Udalarekin eta herritarrekin batera ari dira proiektua garatzen, denen ideiak eta proposamenak jasoz”. 2020-2021 ikasturteko deialdian parte hartzeko, otsailean irekiko dute izen-ematea.
A3 proiektua, berriz, ez da ikastetxe osoari bideratutakoa, irakasleei baizik. Haur, Lehen zein Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako da, beren eguneroko lanean arte garaikidearen ikuspegia txertatu nahi dutenentzat. Horrela, edozein delarik ere lantzen duten arloa, arte garaikidearekin lotura egiten da. “Lehen irakasle bakoitzarekin proiektu jakin bat egiten genuen; orain, berriz, guk egiten dugu proiektuen eskaintza eta horiek lantzen ditugu. Dena dela, norbaitek oso garbi baldin badauka zer landu nahi duen, hura aurrera eramateko aukera izaten du, noski”. Eskaintzen dituzten proiektuen artean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. ziklorako “Beste sorgin batzuk eta botere pertsonalak” izeneko proiektua daukate. Paula Duroren margoen bidez Latinoamerikako kulturetako sorginen inguruan pentsatzeko balio du eta “Quitapenas” panpinak sortzen dituzte. Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetarako “Zer dira mugak?” proiektua daukate eta hor mugak zer diren eta zein muga mota dauden hausnartzen dute. Mugetatik abiatuta kontakizunak asmatu eta laburmetraia bat egiten dute. DBHko proiektu bat “Gure inguruko 1968” izenekoa da. Urte horretako irudiak aztertzen dituzte Pariseko eta Woodstockeko errealitateekin konparatzeko. Post-argazkilaritzan aritzen dira eta collage lanak egiten dituzte “Zikinbrillista” manifestuaren aholkuak jarraituz. Horrekin batera hausnarketak ere egiten dituzte emakumearen paperaren inguruan, kulturartekotasunaren inguruan, ingurumenaren gainean eta egungo eta lehengo gizartearen drogen erabileraren inguruan. Irakasle bakoitzak hiru saio izaten ditu: lehendabizikoan Uharteko hezitzailea ikastetxera joaten da eta proiektua aurkezten die ikasleei hainbat dinamiken bitartez: dialogikoak, plastikoak, ikusmenezkoa, gorputzaren bidezkoak... Bigarren saioan duen jakintzagatik, erabiltzen duen teknikagatik edo egiten ari den zerbaitegatik proiektuari ekarpena egin diezaiokeen pertsona bat gonbidatzen dute. Hortaz, Uharteko hezitzaileak eta artistak mintegi bat eskaintzen diete ikasleei, Uharten edo ikastetxean. Eta hirugarren eta azken saioan amaiera ematen zaio. “Dena dela, prozesua beti irekita uzten da, irakasleak jarraipena emateko aukera izan dezan aurrerantzean ere”.
Irakasleei begirako formazioa
Irakasleei eskainitako formazioari garrantzi berezia ematen diote: “Guretzat oinarrizkoa da: ezin dugu eskolan ezer planteatu sustraietara jo gabe, eta sustraia irakasleen formazioa da”, azpimarratzen du Uharteko hezkuntza arduradunak. “Irakasleen formaziorik gabe ibilbide laburra edukiko du arte garaikideak eskoletan”. Ikastaro hauek ILZrekin elkarlanean eskaintzen dituzte. Batzuk teorikoagoak izaten dira eta beste batzuk praktikoagoak. Teorikoetan Arte Hezkuntzak kultura-produkzio gisa duen esanahia jorratzen da, eta beraz, irakasleak kultura-eragile eta sortzaile gisa duten eragina. Ikastaro pratikoetan irakasleek egunerokotasunean behar dituzten teknikak irakasten dira: igeltsuarekin moldeak egiten, silikonarekin, estanpatzeko teknikak...
Eskaintza hibridoa
Hirugarren hanka bat ere badu Uharteko hezkuntza eskaintzak, hibridoa deitzen diotena: Vaca. “Urtean sei arratsaldetan elkartzen gara irakasleekin eta arte garaikideko gonbidatuekin. Egoerak sortzen ditugu eta irakasle parte-hartzaileei euren gelan proiektu bat garatzeko prestakuntza ematen diegu eta berau garatzeko laguntza eskaini”. Amaieran irakasleak eta haien ikasle guztiak Uharten biltzen dira jardunaldi batean. “Irakasleek elkar ezagutzen dute, baina ikasleek ez eta oso polita izaten da sortzen den giroa: DBHko batzuk HHko txikiei euren proiektua esplikatzen, urritasuna zuten ikasle talde bat DBHkoei azaltzen... Oso sinergia interesgarriak sortzen dira”, Ojangurenek dioenez.
Uharte Arte Garaikideko Zentroa
Kalbario 2 31620 Uharte, Nafarroa Tel.: 948 361 457 www.centrohuarte.es
Ikasleentzako hezkuntza jarduerak: A3 Eskola lurraldea
Irakasleentzako ikastaroak: - Flower Power: pedagogia feministatik abiatuz arte garaikidearekin egiteko gauzak - Etxeko bideoklip bat nola egin
Hibridoa: Vaca proiektua: 2019-2020an Gordina proiektua