Eskola Txikien 14. Topaketan, Aramaion, arte hezkuntza izan zuten aztergai.

 

Hainbat eskola txikitan prestatzaile izan diren irakasleak izan ziren hizlari: HUHEZIko Ixiar Rozas eta EHUko Estitxu Aberasturi. Arte hezkuntza “garaikidetzeko” eta berrikusteko gakoak eman zituzten.

 

Arte hezkuntzari eskaini zion eguna Eskola Txikien 14. Topaketak (Aramaio). Bi urtez behin egiten duten jardunaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 44 eskola txikitako ordezkariak elkartu ziren, 210 hezitzaile, eta arte hezkuntza izan zuten ardatz. Horretarako, eskola txikiekin elkarlanean aritu izan diren bi hizlari gonbidatu zituzten: Ixiar Rozas eta Estitxu Aberasturi. Lehena idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea da, eta bigarrena, margolaria eta EHUren Donostiako campuseko Hezkuntza Fakultateko irakaslea. Biek eskola txikietako irakasleei prestakuntza saioak eman dizkiete. Ideia ugari ekarri zituzten mahaira, guztiak Rozasek deskribatu zuen ardatz honen gainean: “Arte hezkuntza ez da ostiral arratsaldeetan, ikasgelan haurrak leher eginda daudela, entretenitzeko egiten den proposamena. Artea egiteko modu bat da. Ezagutza sortzeko praktika moduan ulertzen dugu arte hezkuntza, egitetik —eskuekin eta buruarekin egitetik— galdetzera garamatzan praktika gisa, metodologia gisa. Zenbait gaitara edo zenbait ikasgaitara gerturatzeko modu bat da”.

“Mundua mugitu duten egiturazko aldaketa handien aurrean, zeresan handia du hezkuntzak”, Aberasturiren eta Rozasen aburuz; eta, eginkizun horretan, eskolak zer landu nahi duen erabakitzeaz gain, eduki horiek nola landu ere erabaki behar du: “Edukia estrategia zientifikoetan soilik oinarritzen badu, gizatasuna baztertzeko arriskua izan dezake ikasketak. Pertsonengan eta haien gizatasunean oinarritu nahi badugu, uste dugu arte hezkuntza arlo aproposa izan daitekeela”, adierazi zuen Aberasturik. Arte hezkuntza birpentsatzean, beraz, zer eta nola birpentsatu behar dira. Aberasturiren arabera, “zaharkituta gelditu den arte hezkuntzaren iruditeria” pitzatu egin behar da. “Garaikidetu” egin behar dugu: “Emankorragoa den beste zerbait eraikitzen saiatu behar dugu. Edozein ikaskuntza abiatzen laguntzen digu arteak”.

 


Eskola txikiak, praktikan

 

Eskola txikiak, praktikanTopaketaren bigarren zatian hainbat ikastetxek euren proposamenak partekatzeko aukera izan zuten, komunitatean lan egitea eta elkarrengandik ikastea baitira topaketen beste xedeetako bat. Herri hauetako eskola txikiek aurkeztu zituzten euren arte esperientziak: Altzo, Berrobi, Zerain, Larraul, Olaberri, Aginaga, Aramaio, Aizarna, Aulesti, Amoroto, Etxebarri ,Turtzioz eta Trapagaran.


 

Artearen ikuspegi garaikidea

“Garaikidetzeaz” ari direnean, ez dira ari “boladan dagoen artea” eskolara eramateaz edo adimen artifiziala erabiltzeaz. “Proposamen bat garaikidea izango da, ez artelan bat hartzen dugulako —esan zuen Rozasek—, baizik eta gure garaiko arazoekin eta munduan ditugun kezkekin, gatazkekin eta galderekin erlazionatzen gaituen zerbait lantzen ari garelako”. Arte garaikidearen ikuspegia balioestean, arteak “bizitzatik” edaten duela nabarmendu zuen Aberasturik: “Arteak bere testuingurutik edaten du; munduan gertatzen ari diren gauzak azaleratzen ditu; ikertu egiten ditu, eta pieza artistiko moduan itzultzen ditu”. Porositatea deitzen dio horri Rozasek: “Arreta jarri behar dugu kanpoan dagoen horretan; munduak eragin egiten digu, eta hunkitu egiten gaitu… Inguratzen gaituen errealitatearekin zintzoak diren hezkuntza praktikak interesatzen zaizkigu arte hezkuntzan”. Bat dator horrekin Aberasturi: “Bizitza ikasgelan sartzeko aukera ematen du arteak. Kanpoan gertatzen den horri erantzun bat emango diogu, eta erantzun hori testuala, bisuala… izan daiteke”.

 


Arte hezkuntza ez da ostiral arratsaldeetan, haurrak leher eginda daudela, entretenitzeko egiten den proposamena. Ezagutza sortzeko praktika moduan ulertzen dugu arte hezkuntza
 

Ixiar Rozas, HUHEZIko irakaslea


 

Nolako arte hezkuntza nahi dugu? 

Arte garaikidearen ikuspegia hobetsi ondoren, ikuspegi horrek honako galdera hau ekarri zien hizlariei: nolako arte hezkuntza nahi dugu? “Geure buruari nolako arte hezkuntza nahi dugun galdetzeak esan nahi du eskoletan dagoeneko badugula arte hezkuntza. Arte hezkuntza egiten da dagoeneko. Baina nolakoa esaten dugunean, zerbait aldatu beharko genukeela esaten ari gara”, adierazi zuen EHUko irakasleak. Eskola Txikietako hezitzaileengandik jaso dute Rozasek eta Aberasturik berritzeko beharra, prestakuntza emateko eskaria. Unibertsitatetako irakasleei esperientziak erakutsi die “kostatu” egiten dela ikastetxe askotan arte hezkuntza lantzea, eskola txikiez harago ere, Rozasek azaldu zuenez: “Aparte egiten den ikasgai bat bezala hartzen da arte hezkuntza. Aurrerantzean, artea lantzen dugunean hezten ari garela pentsatu behar dugu, eta metodologia bat izango dela”. Aldaketa dakar, beraz, ikuspegi berriak, Aberasturik aurreratu zuenez: “Arte hezkuntza zentzu horretan landu nahi badugu eta hezkuntzari begira eskaintzen dituen aukera ikaragarriak baliatu nahi baditugu, ohartu behar dugu berritzen dugunean geure burua ere berritu egin behar dugula. Horrek gure barrenean galderak egitea eta mugimendu aldaketa bat egitea dakar. Ezin gara leku berean gelditu”. Bat dator Rozas: “Berritzeko, ezinbestekoa da egiteko modu berriak izatea, metodologiak eta egiteko moduak aldatzea”. Mugitzen hasteko, arteari eta arte hezkuntzari loturiko hainbat kontzeptu eta ezaugarri berrikusteko eta aldatzeko proposamena egin zuten Aramaion, artea pizgarri edo eragile izan dadin.


Lehen kontzeptua: beldurra edo finkatuak dauden ideiak  

Arte hezkuntzara ikuspegi garaikide batetik gerturatzeko, artearekiko dugun jarrera berrikusi beharko genuke lehendabizi, Aberasturiren arabera: “Finkatuta dauden ideia asko ditugu gure buruan, arteari lotuta. Oro har, beldurra sortzen du jendearengan arteak: ‘ez dakit egiten’; ‘txarra naiz artean’; ‘ez zait artea gustatzen’; ‘ez dakit marrazten…’”. Hezitzaileak ideia horiek astindu egin behar ditu, arte hezkuntzan murgildu nahi badu, EHUko irakasleak azaldu duenez: “Denok dugu gaitasuna artea egiteko. Lanean hasi behar dugu: zalantzan jarri behar ditugu baieztapen horiek. ‘Ez naiz txarra; beldurra hartu diot agian uneren batean…’. Geure beldurrak eta finkatutako ideiak astintzen hasi behar dugu.”


Irudimena

Arte hezkuntzarekin lotura zuzena daukan beste kontzeptu bat irudimena da, eta irudimenak, era berean, lotura dauka beldurrarekin, Rozasen arabera: “Irudimenari hegalak mozten dizkion hezkuntza sistema daukagu, irudimena zikiratzen duena, orokorrean hitz eginda. Haurrak txikiak direnean, lekua uzten zaio irudimenari; LHn, leku gutxiago hartzen du; DBHn, desagertzen hasten da, eta unibertsitatean, zer esanik ez! Gero, irakasleei askotan entzuten diegu: ‘Nik ez daukat irudimenik’, ‘ni ez naiz sortzailea’ eta abar. Lantzen den zerbait da irudimena; ez da zerbait abstraktua. Giza kondizioa da. Irudimenik gabe, ez gara ezer. Ezin dugu ez oraina ez etorkizuna pentsatu, irudimenik gabe”. Rozasen aburuz, adin guztietako ikasleekin irudimena lantzeko egitekoa daukagu irakasleok: “Irakasleon misioa da 0 urtetik hasita ikasle guztiekin esperimentatzea eta ikasleak ahalduntzea. Horretarako, irakasle garen neurrian eta gure ikasgeletan irudimena landu ahal izateko, geuk ausartu behar dugu geure irudimenari ateak, leihoak eta zirrikitu guztiak zabaltzen”. 

Artera gerturatzeko, beldurra galtzeko eta irudimena lantzeko, galdera egokiak egitearen garrantzia nabarmendu zuten bi hizlariek. “Artelan baten aurrean, ‘zer da?’ galdetu beharrean ‘zer ikusten dugu?’ galdetzen badugu, galdera beste modu batean egiten hasten bagara, pentsatzeko aukera gehiago zabaltzen ditugu, eta begirada aldatzen dugu”, adierazi zuen Rozasek. “Irakasle dj-aren ideia” proposatu zuten: “Hartu obra, jabetu eta erabili, noski, egilea aitortuz. Ezinbestekoa da hori. Jabetzea ez da lapurtzea. Egiletza aitortzea artearen lanbidearen atzean ardura, lan, denbora eta koherentzia handia dagoela aitortzea da”.

 


Denok dugu gaitasuna artea egiteko. Lanean hasi behar dugu: zalantzan jarri behar ditugu baieztapen horiek. ‘Ez naiz txarra; beldurra hartu diot agian uneren batean…’ Beldurrak astintzen hasi behar dugu

Estitxu Aberasturi, EHUko irakaslea


 

Esperientzia eta parte hartzea

Ikasketa prozesu guztietan eta, beraz, baita arte hezkuntzan ere, garrantzitsuak dira esperientzia eta parte hartzea, Aberasturiren arabera: “Esperientziak gure inplikazioa eskatzen du, eta horrek geure buruari honako galdera hau egitera garamatza: zer intentzio pedagogikorekin erabiltzen dut artea? Intentzio bat dagoenean, ikasketa dago, bai ikasleen kasuan, bai eta hezitzaileon kasuan ere. Beraz, ikasleei material bat edo proposamen bat egiten diegunean, zer intentzio pedagogiko dugun galdetu behar diogu geure buruari: zer proposatzen diet, eta zertarako?”.

 

Denbora

“Artean hezteko eta artearekin hezteko”, gogoeta egin behar da denboraren kudeaketaz ere, Rozasek azaldu zuenez: “Denboraren kudeaketaren gaia oso garrantzitsua da, bai bizitzan, bai eta hezkuntzan ere. Gatazka handi bat daukagu guztiok denboraren kudeaketarekin. Hezkuntzan, artearen bitartez hainbat gauza ikasi nahi baditugu, ezinbestekoa da denbora hartzea. Gertatzen zaiguna da hezkuntza denboraren kontra antolatuta dagoela; hau da, hezkuntza hezkuntzaren kontra antolatua daukagula. Exceleko orri asko bete behar ditugu, eta presiopean ari gara beti, hezkuntza emaitza batzuk lortzera bideratuta dagoelako… Arte hezkuntzak beste denbora batzuk behar ditu. Prozesu horiek ezin dira egin, ez bada denbora aintzat hartzen”.

 

Ulertzea

Gizartean arteak sortzen duen beldurrarekin lotuta dago artea ulertzea edo “ulertua izatearen ideia”, Aberasturik azaldu zuenez. Tentsioa sumatzen du arte hezkuntzan, gai horri loturik. Beldurrari loturiko konplexuak eduki ohi ditugu honelako pentsamenduen atzean: “Nola gerturatuko naiz pieza horretara ez badut guztiz argi egilea nor zen eta zer egin zuen? Nola eramango dut pieza hori gelara?”. Horrelako kasuetan, hezitzaileak, ulertzeari garrantzia ematen dionez, objektibotasunera jotzen du, hau da, biografiara: Nor zen piezaren egilea? Zer egiten zuen? Eta hori egiten dugunean, ito egiten dugu obraren ideia bera. “Ulertuak izateak ez du esan nahi artistak egin duena sinplifikatzea edo azaltzea, baizik eta bidaia elkarrekin egitea”. Bidaiatzeko, biribilean jarri, obrari begiratu eta denbora eskaintzea proposatu zuen Aberasturik:  “Umeei ‘zer gertatzen da pieza honetan?’ galdetzen badiegu, ikusiko dugu umeek ez diotela beldurrik arteari eta berehala ideiak botatzen hasten direla eta elkarrekin bidaia egiten”. Ez sinplifikatzea eta objektibotasunik ez bilatzea gomendatu zien hezitzaileei: “Arte hezkuntza ez da objektiboa, subjektiboa baizik, piezak subjektiboak baitira. Ulertuak izateko, ez daukagu objektibotasun horretara gerturatu beharrik. Beldurra alboratzen badugu, elkarrekin gozatzeko modua aurkituko dugu. Denbora eskaintzen badiogu, zerbait gehiago ikusten hasiko gara…”.

 


Irakaslearen eta ikaslearen artean konexiorik ez badago, ezin da hezkuntza prozesurik abiatu, eta ez da ikasketarik izango. Konexioa ezinbestekoa da arte hezkuntzan ere
 

Ixiar Rozas, HUHEZIko irakaslea


 

Konexioa

Arte hezkuntzan, “hezkuntzan bezala”, funtsezkoa den beste ezaugarri bat konexioa da, Rozasen arabera: “Irakaslearen eta ikaslearen artean konexiorik ez badago, ezin da hezkuntza prozesurik abiatu, eta ez da ikasketarik izango. Konexioa ezinbestekoa da arte hezkuntzan ere. Haur Hezkuntzan, beharbada, errazagoa da haurrekin konektatzea; Lehen Hezkuntzan ere bai. Eskola txikietan, ratio txikiagoek lagundu egiten dute… Baina zer gertatzen zaigu DBHn? Zer gertatzen zaigu unibertsitatean?”. 

Bi hizlariek nabarmendu zuten, eragileak baliatuta eta arte hezkuntzari loturiko kontzeptuak berrikusi ostean, funtsezkoak direla prestakuntza eta lanketa pertsonala arte hezkuntzako prozesuak garatu ahal izateko. Hau zioen Rozasek: “Ez dago errezetarik arte hezkuntzarako, hezkuntza berritzeko errezetarik ez dagoen moduan. Ezin da hezkuntza berritu, ez badago lanketa pertsonalik. Berrikuntza prozesu batean sartzen garenean —nahiz eta uste dugun hezkuntza berritu baino gehiago eraldatu egin behar dela—, gauzak lekuz mugitzen dira. Batzuetan, dena hankaz gora jartzen zaigu, eta beldurrak, erresistentziak eta aurreiritziak agertzen dira. Hori guztia gainditzeko, prestakuntza eta lanketa pertsonala behar ditugu”. “Metodologian inplikatzeko, beharrezkoa da ezagutza; baina, horrez gain, beharrezkoa da komunitatea ere”, erantsi zuen Aberasturik: “Hau guzti hau elkarlanean eraman daiteke aurrera; bestearen praktika ikusteak pentsarazi egiten digu. Partekatzeak parte hartzera bultzatzen gaitu”.

 

 

Topaketan esanak

 

  • Konturatu ginen arte hezkuntzan gizonezko pintore zuri hilen lanak lantzen genituela eta birpentsatzen hasi eta ikuspegia zabaldu behar genuela”. (Altzoko eskola txikia)
     

 

  • 2018-2019 ikasturtean, lantegien bidezko metodologiara pasatu ginen. Baina arte lantegiari ez genion behar bezala heltzen. Beldurra agertu zitzaigun: zer rol du hezitzaileak arte lantegian? Prestakuntza behar genuela ikusi genuen”. (Zeraingo eskola txikia)

 

  • Arte lantegiak prestakuntza eta koordinazio lana eskatzen du, aurretik, bitartean eta ondoren, baina lantegi horretan ari den hezitzaileak begirada horretatik ikusten du ingurune guztia ”. (Berrobiko eskola txikia)