Musika, antzerkia, pintura, dantza... arteak komunikatzeko eta barruan duten hori beste adierazpide batzuen bitartez espresatzeko aukera zabala eskaintzen die nerabeei.
Musika kontzertura joan eta oilo ipurditan egon den gaztea, poema bat irakurtzen ari delarik hitz bakoitzeko malko bat isurtzen duena, barneko estuasunak dantzaren bidez lasaitzen dituena, asteroko antzerki tailerretik etxera irribarrez itzultzen dena, edota asteburua kalean grafitiak egiten ematen duena. Forma asko hartzen ditu arteak nerabezaroan eta erabilerak ere beste horrenbeste izan ditzake.
Sarritan entzun dugu pertsonok ez daukagula alderdi bakarra, ez garela arrazionalak soilik, baita emozionalak ere, eta zoriontsu izango bagara alderdi biak landu behar ditugula. Alicia Aristik urteak daramatza Bigarren Hezkuntzan Arte Plastikoekin zerikusia duten irakasgaiak ematen eta oso argi du pertsonon alderdi afektiboa landu ezean beste guztiak ezin duela funtzionatu: “Ez gara makinak, nahiz eta gizarte honek askotan hori nahi lukeen. Guk emozioak barruan dauzkagu eta horiek gabe ez gara ezer. Pertsonon alderdi hori ere zaindu egin behar da”.
Aristiren hitzetan, emozioak lan- tzeko modu oso egokia artea da. Arte-sorkuntzak sekretuetara eta kontaezinak diren sentimendueta-raino iristeko aukera eskaintzen digu; limiteekin jolastuz, egia eta gezurra nahastuz… “Pertsona guztiok buruan irudiak sortzen ditugu, eta irudi horiek sentimendu eta sen-
tsazio ugari sorrarazten dizkigute. Sormenak irudi horiei forma ematen die, eta gaur egun badakigu sormena pertsona guztien esku dagoela, ez jeinu gutxi batzuen eskuetan soilik, garai batean pentsatzen zen bezala”.
Nerabeen kasuan, gainera, sekulako garrantzia har dezake arte-sorkuntzak. Izan ere, nerabeek gauza mordoa izaten dute barruan, energia handia, bor-borrean egoten dira eta zenbaitetan ez dakite azaleratzen barruan duten hori, edo ez dute nahi: “Nerabeei askotan kosta egiten zaie ahoz komunikatzea eta arteak beste adierazpide batzuen bitartez espresatzeko eta komunikatzeko aukera zabala ematen die. Euren barruan duten horrekin konektatzen dira artearen bidez, eta gainera, norbere buruarekin bakarrik lanketa egiteko balio die, inori inolako azalpenik eman beharrik gabe, nerabeek askotan ez baitiote inori esplikaziorik eman nahi izaten”.
Antzerkia, idazketa, plastika, musika… adierazteko modu asko eskaintzen ditu arteak, eta batez ere, momentu zailetan, garrantzi-
tsua da arteari ateak irekitzea, nerabeek artea norbere buruarekin eta inguruarekin hobeto setitzeko balia dezaten. Horretarako, ordea, pertsonari bere burua espresa-tzeko bideak eskaini behar zaizkio ume-umetatik: “Artearen alorrean figuratiboari begira soilik egon ohi gara gure oraingo nerabeak haur izan direnetik, ez da lantzen espresioa, ez da lantzen abstrakzioa, ez da lantzen barruan darabilzun hori nola adierazi. Txikitatik umeari arau zorrotzegiak eta itxiegiak jartzen badizkiozu (adibidez, marretatik atera gabe margotzeko edo itsasoa derrigor urdinez pintatzeko) nerabe denerako sormena erabat mugatuko diozu pertsona horri”.
Artearekin nerabeek izaten duten harremana prozesu bat izaten da, pertsonaren araberako prozesua, bakoitzak bere modura bizi baitu artea. Nerabeek, normalki, txikitatik izaten dute hartu-emanen bat artearekin. Batzuek, jarduera artistikoren bat egiten dutelako; eta beste batzuek, jardun ez arren, ikus-entzule moduan jasotzen dutelako. Idatzi egiten dute batzuek barnean duten hori askatzeko, beste batzuek musika jotzen dute euren barne munduan sartuta bakean senti-
tzeko, eta badira plazer bila dantza, antzerkia edota beste jarduera motaren bat egiten dutenak ere. Hortxe dago artea lantzen hasteko oinarria, nerabeak bere gozamenerako egiten duen horretan. Kasurik gehienetan, gustuaren arabera, nerabeak berak aukeratzen du arte adierazpide bat edo beste. Garrantzitsuena da bakoitzari gustukoen duen hori aukeratzen uztea eta nerabea egiten ari den horretan inplika dadin saiatzea: “Nerabeei egiten duten hori euren barnetik sor dezaten lagundu behar zaie. Azken batean zerbait euren barnetik sortzen denean, gero horrekin loturiko beste zerbait ere egin dezaketela ikusten dute. Hala, pixkanaka nerabeak inplikatzen hasten dira eta egiten ari diren hori gogo handiagoarekin hartzen dute. Askotan, gainera, espero ez dituzten gauzak egitera iristen dira eta euren barnean ere ordura arte ezezagunak zituzten alderdiak ezagutzen dituzte”.
Elliot W. Eisnerren esanak gogoratu ditu Aristik. Haren arabera, gaur egun nerabeen gehiengoak egiten duena da bere ingurukoen (irakasleak, familia…) aurreikuspenetara egokitu, hau da, berez interes handirik sortzen ez dieten lanak bete. “Baina artelanak kontrakoa eskatzen du, arteak zerbait esatera behartzen gaitu, barnean dugun hori adieraztera. Eta adierazpen hori ez da emozio edo sentipen huste soil bat, baizik eta ideia, irudi edo sentimendu baten kondentsazioa da, publikoki eta material batean azaleratuko dena”.
Arteak aukera ematen du nerabeek dituzten gatazkak, arazoak eta ezin ulertuak azaltzeko. Gainera, nerabezaroan hain ohikoa den helduekiko erresistentzia, eta instituzio ezberdinetatik eskatzen zaizkien betebeharrak hobeto kudeatzen laguntzen du. Horrexegatik artea terapia moduan ere erabil daiteke. “Arteterapiak, sormena erabiliz, gure barnera bidaiatzea proposatzen digu. Bidaia horretan gatazkarekin topatuko gara eta hau irudikatzen duen sortze-lana lantzen dugunean, gure pertsonarengan ariko gara lanean; aldatzen, eraldatzen. Arteterapian pentsamendu horiek guztiek forma hartzen dute”.
Arteterapian artea erabiltzen da gaztearengana iristeko bide gisara. Garrantzitsua da nerabearengana zeharka hurbiltzea eta barnean duena pixkanaka artearen bidez kanpora dezan laguntza ematea. Hala gaztea kontzientzia hartuz joango da eta gutxika-gutxika bidea bere kabuz egingo du: “Lagundu bai, baina ezin da bere lanean sartu eta zer dagoen ondo eta zer gaizki esanaz erabat gidatu. Ideiak eman daitezke edota komentarioak egin. Adibidez, bere lanean zerbait interesantea ikusten baduzu hortik segi dezan gomendatu. Baina, funtsean, nerabeak berak egin behar du bidea”.
Horrez gain, arteak nerabeei euren buruaz eta barnean duten horretaz kontzienteago izateko balio die, baita norbere burua ordenatzeko eta mundua hobeto ulertzeko nahiz bizi diren ingurunean euren tokia topa-
tzeko ere: “Sormen jarduera zehatz batean barneratzeak eta adimen guztia horretan jartzeak izugarri laguntzen du kontzentratzen, dispertsiotik aldendu eta norbera den horrekin bat egiten”.
Artearekin sormena bera ere lantzen da: “Bizitzan aurrera egiteko oso beharrezkoa da sormena. [Pedro Migel] Etxenikek berak dio zientziarik ez dela existitzen sormenik gabe”. Bestalde, arteak ikuspegi kritikoa lantzen laguntzen du: “Irudiaren munduan bizi gara, eta nerabeekin artearen bidez ingurune horri buruz hausnartuz, gero eta irizpide handiagoa izango dute errealitatearen inguruan kritikoago izateko eta jada ez da hain erraza izango parean jarritako edozer pasiboki irenstea”.
Azken batean, emozioak adieraziz plazera sentitzen da artearekin. Artearekin disfrutatzea gauza handia da, horrek nerabeen bizitza hobea izan dadin eragiten baitu. Aristiren ustez, modernitateak krisi psikologikoa ekarri du eta horrek aurrez existitzen ez ziren hainbat arazo berri ekarri dizkie nerabeei: depresioa, antsietatea, estresa edota anorexia. “Arazo horiei aurre egin eta zorion-
tsuago izaten lagun dezake arteak. Artearekin eta nerabeekin dudan esperientzian argi ikusi dut artea aproposa izan litekeela nerabeekin lan egiteko, adin tarte horietan, gure gizartean behintzat, zentralak bihurtu diren zenbait gai eta arazo lantzeko: identitatearen eraikuntza, gorputzei buruzko hausnarketa,
autoestimua, harreman sozialak...”.