Arte terapiara tentsioa askatzeko erabili izan du umeekin Irati Arriola psikologo eta arte terapeutak. 

 

Adierazpenerako baliabidea da arte terapia, eta edonoren egoera emozionala identifikatzeko aukera ematen du. Artea sendagarri eta ongizaterako bide izan daiteke.

 

Ez da ezagutza artistikorik izan behar, artera eta arte terapiara jotzeko. Zerbait urruna balitz bezala ikusten dugu askotan; ideia zurruna dugu buruan, baina edonork jo dezake artearen mundura. Egokia da umeentzat zein helduentzat, eta, adibidez, tentsioa askatzeko erabili izan du umeekin Irati Arriola psikologo eta arte terapeutak. Heltzen joan ahala alde batera uzteko joera izaten badugu ere, arteari eustea zeinen komenigarria den azpimarratu du Arriolak.

 

Zer da arte terapia?

Artea baliabide gisa erabiltzen duen psikoterapia mota bat da. Gure terapietan, sortu egiten dugu, eta, ondoren, sorkuntza lana interpretatzen dugu, pertsonaren barneko gatazken, arazoen edo beldurren gaineko informazioa jasotzeko. Beste bide batzuetatik adierazterik ez duguna adieraztea lortzen dugu artearen bidez.

 


Arte terapia egiten dugunean, helburua ez da zerbait polita sortzea, sorkuntza bera eta prozesuak dakarrena baizik

 Irati Arriola psikologoa eta arteterapeuta


 

Sorkuntza lanen bidez pertsonen egoera emozionala zein den ikusten duzu, beraz.

Hori da. Alde batetik, adierazpenerako baliabidea da, sorkuntzak asko laguntzen duelako erregulazio emozionalean, eta, bestetik, egoera emozionala identifikatzeko erabiltzen dugu. Kasu batzuetan, abstraktuak dira sorkuntzak, eta abstrakzio horretan irakurtzen ditugu emozioak edo egoerak: pertsonak nola margotu duen, elementuak nola kokatu dituen, zer kolore erabili dituen… Irudi bakoitza non kokatu duen eta zer kolore erabili duen aztertuta, edo trazuaren indarrari erreparatuta, pertsona horri zer gertatzen ari zaion ikus daiteke. Beste kasu batzuetan, testak edo marrazki batzuen interpretazioak erabiltzen ditugu. Zientziak balioztatutako testak dira, eta, adibidez, esanahi bat edo beste esanahi bat izango du zuhaitz bat marrazteko moduak.

 

Zer diziplina biltzen ditu arte terapiak?

Ni arte plastikoetan espezializatuta nago, eta gehienbat margoa, pintura, eskultura eta horrelakoak erabiltzen ditut; baina musika, antzerkia edota dantza ere erabiltzen dira. Pertsonaren eta landu nahi denaren arabera egokitzen da.

 

Artea urrun ikusi ohi dugu. Guztion eskura al dago?

Nik uste dut artistari buruz dugun ikuspegia aldatu behar dugula. Arte sorkuntzari beldur handia diogu, arteari buruzko ikuspegi zurruna transmititu digutelako. Txikitan, denok egiten ditugu sorkuntza lanak eskolan eta lotura dugu artearekin, baina, urteak aurrera joan ahala, alde batera uzten dugu normalean. Ontzat jotzen dena egiten ez badakigu, zerbait modu errealista batean irudikatzen ez badakigu, badirudi ez dugula balio. Artea, ordea, oso zabala da, eta onuragarria da denontzat. Arte terapia egiten dugunean, helburua ez da zerbait polita sortzea, sorkuntza bera eta prozesuak dakarrena baizik.

 


Irudi bakoitza non kokatu duen eta zer kolore erabili duen aztertuta, edo trazuaren indarrari erreparatuta, pertsona horri zer gertatzen ari zaion ikus daiteke

 Irati Arriola psikologoa eta arteterapeuta


 

Zer onura ditu arteak? Zer lantzeko aukera ematen du?

Ongizatea eragiten du; autoezagutzan, erregulazio emozionalean edota psikomotrizitatean laguntzen du. Esango nuke autoezagutza eta oreka eskaintzen dituela, batez ere.

 

Artea terapia ez denean ere sendagarria al da?

Bai. Arteak presente egotea eskatzen digu; lagungarria da ekintza bera, eta interakzio soziala ere sustatzen du. Partekatutako ekintza denean, une onuragarriak ekar ditzake.

 


Jung-en arketipoetan oinarrituta

Irati Arriolak egiten duen arte terapia Carl Gustav Jungen arketipoetan oinarrituta dago.

Jung psikiatra eta psikologoa izan zen, Suitzan jaiotakoa, 1875ean; psikologia analitikoaren sortzaileetako bat izan zen. Joera horrek eduki inkontzienteak kontzientzian integratzea bilatzen du, nortasunaren garapen osoa lortzeko. Indibiduazio deitu zion prozesuari. Batez ere inkontziente kolektiboa eta arketipoak (giza adimenean dauden eredu unibertsalak) lantzeagatik egin zen ezaguna Jung.