Magnet Erakarri hezkuntza proiektuak helburu sozialak erdiesten lagundu nahi die ikastetxeei metodologia berritzaileen bidez. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko proiektu pilotuetako bat Gasteizko Barrutia ikastolan egin dute hiru urtez, eta artea baliatu dute erreminta pedagogiko gisa, Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren laguntzarekin.
Magnet edo iman eskolak AEBn sortu ziren, 70eko hamarkadan, eta, orduz geroztik, leku askotara zabaldu dira, hala nola Erresuma Batura, Errusiara, Kataluniara, eta baita Euskal Herrira ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako Magnet Erakarri proiektu pilotuaren bidez. Programa espezializatuak garatzeko aukera ematen die proiektu honek aniztasun sozial handiko ikastetxe publikoei, hain zuzen ere, egitasmoaren azken helburua “segregazioa gainditzea” baita. Metodologia berritzaileetan oinarritzen dira Magnet Erakarri proiektuko ikastetxeak, eta metodologia horiek inguruko erakunde esanguratsu baten eskutik garatu behar dituzte ikastetxean. Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau ikastetxetan ezarri zuen proiektu pilotu gisa Magnet Erakarri programa, duela lau urte, eta horietako bat Gasteizko Barrutia ikastola da. Proiektua gauzatzeko erremintatzat artea hartu du eskolak, eta hiru urtez Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Euskal Museoa izan du bidelagun.
“Segregazioa gainditzea ez dago gure esku, baina, Magnet Erakarri proiektuaren bidez, beste helburu zoragarri asko lortu ditugu, lau urteko prozesu honetan”, adierazi du Barrutia ikastolako zuzendari Monika Arratibelek. “Artea egunerokoan eta naturaltasunez lantzea lortu dugu; ikasleak motibatuago dauzkagu; irakasleok irakatsi eta ikasteko prozesuari buruzko begirada aldatu dugu, eta talde sentimendua indartu egin da”.
Artiumentzat ere, proiektu aberasgarria izan da Barrutia ikastolarekin elkarlanean aritzea, Hezkuntza eta Berrikuntza Proiektuen arduradun den Txaro Garaigortak adierazitakoaren arabera: “Kontua ez da izan artea arteagatik egitea; pentsamendu artistikoaren potentzialtasuna zabaldu nahi izan dugu, eta aberasgarria izan da. Ikusi ahal izan denez, pentsamendu artistikoa baliagarria da eskolako curriculuma garatzeko”.
Lehen urratsak pandemiaren hastapenetan egin bazituzten ere, elkar ezagutuz ekin zioten proiektuari. Artiumeko kideek ikastolara bisita egin zuten, eta Barrutiakoek, berriz, museora, eta elkar ezagutzen eta trebatzen hasi ziren. “Barne hausnarketa egin zen, zer ahulezia eta zer indargune zeuden ikusteko, eta berrikuntza gaiei loturiko trebakuntzan, ahalmen handia zuten euren alde, bai eta hobetzeko eta proba egiteko gogo handia ere”, Garaigortaren esanetan. Arte hezkuntzan prestatu dira irakasle guztiak, lantegiak eta behaketak egin dituzte zikloz ziklo Artiumen; arte plastikoen inguruan, baina baita harago ere, gorputzari, soinuari edo hitzari loturiko arte lantegiak egin zituzten. Aldiz, klaustroaren urteroko aldaketa izan da zailtasunetako bat: “Datozen irakasle berriak prestatu egin behar dira, eta proiektura erakarri”, adierazi du Barrutia ikastolako irakasle eta Magnet Erakarriko arduradun den Andrea Urteagak.
Nitik gura
Aldaketa metodologiko handia ekarri du proiektuak, zuzendariaren iritziz: “Orain, artearen bidez, matematika lantzen dugu; artearen bidez, ingelesa lantzen dugu; gorputz hezkuntza… Begirada pedagogikoa aldatzera eraman gaitu Magnet Erakarrik, eta proiektuan sakondu ahala, talde sentimendua indartu egin da. Denok batera joateak zer garrantzi duen ikusi dugu, bai ikasleei begira, baina baita irakasle taldeari begira ere; eta harago, familien artean eta eskolako komunitate osoaren artean. Talde lana eta talde lanak dituen balioak bultzatu nahi izan ditugu proiektu honekin”.
“Curriculumeko eduki guztiak eta konpetentzia guztiak lantzeko baliatu dugu artea —azaldu du Urteagak—. Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako azken mailara arte, ikasgela egonkorra barne hartuta, maila bakoitzera egokitu dugu proiektua”. Etorkizuna proiektatuz egitasmoa jarri du horren adibide zuzendariak: Artium Arte Garaikideko Zentroaren eskutik egin ditu hiru urte Barrutia ikastolak Magnet Erakarri proiektuan. eskola osoa bildu zuen barnean proiektuak, eta ikusgai egon zen museoan. “‘Nolako Barrutia amesten dugu?’, galdetu genuen; ‘nolako ikasgela?’; ‘nolako ikastetxea?’; ‘nolako jolastokia?’, eta guztion artean, hainbat maketa egin genituen; batzuek, Kapla egurrezko xaflekin; bestek batzuek, medikuek eztarria begiratzeko erabiltzen dituzten makilatxoekin, eta LHko azken mailetakoek, egurrezko benetako piezekin. Horretarako, Enzo Mari arkitektoaren autoeraketa proiektutik abiatuta, zenbakiak, neurriak eta eskalak barneratu behar izan zituzten praktikaren bidez, bakoitzak bere mailan”. Eta, ondoren, nola emaitzak hala prozesua, Artiumen erakutsi zituzten. Antonio Ballester artistarekin elkarlanean egin zuten erakusketa. Urrats garrantzitsua da erakustekoa: “Haurrentzat ez ezik, familientzat oso garrantzitsua izan da haurrek egindako lanak Artiumen ikustea. Gure familien egoera sozioekonomikoa kontuan izanik, ez da oso ohikoa Artium bigarren etxe gisa sentitzea, eta, beraz, are pozgarriagoa da ondorioa”, azaldu du Arratibelek.
Harrotasunaz eta ahalduntzeaz gain, kide eta parte izatearen sentimenduak areagotu dira proiektuari esker, zuzendariaren iritziz: “‘Hau nik egin dut’ esatetik, ‘hau guk egin dugu’ esatera pasatu dira ikasleak. Erronka da, gure publikoa egunero ari delako berritzen, etorkin emari handiko ikastetxea baita Barrutia (gaur egun, 24 nazionalitatetako 356 haur ditu ikasgeletan). Baina, proiektu honekin, ikasle etorri berriak geureganatzea lortu dugu, lehen egunean ez bada bigarrenean. Ikasle guztiei baina, bereziki, ikasle etorri berriei euren lekua aurkitzen lagundu die arteak, haur guztiek ikusten baitute denen ekarpena baliozkoa dela lantegietan. Ona/ txarra kontzeptuak alboratu ditugu; horretan hezi ditugu; ekarpen guztiak baliagarriak direla erakutsiz hezi ditugu. Gainera, etorri berriek, ahozko hizkuntzatik harago, gorputzez edo eskulanez adierazi ahal izan dute behar dutena. Horrek ongi sentiaraztea dakar, lekua aurkitzea, eta kide izatearen sentimendua areagotzea”.
Kide sentitzeak dakarren indarra argi ikusi zuen zuzendariak, Artiumek egindako proposamenari jarraituz eta Esther Ferrerren eta Jose Antonio Sistiagaren lanetatik abiatuta Pentsatzeko leku bat lantegian garatutako ekintzari esker: “Proiektu gisa eta ikusizko produktu gisa, ‘hau Barrutia da’ sentitu nuen: kartoi puska batzuk moztu genituen eskuarekin, kartoiari berari jarraituz, eta bakoitzak nahi genuen bezala margotu genuen egokitu zitzaigun zatia, kolore bakarrez, puntuka, koloreak nahasiz… Eta ondoren, puzzlea osatu behar genuen, hasieran zegoen bezala uzteko. Ez zen ariketa erraza izan; elkar ulertu behar genuen, eta elkarrekin joan, puzzle osoa osatzeko. Emaitza ikustean, ‘hau Barrutia da!’ sentitu genuen. Hainbeste koloretako puzzlean, Barrutiako kultura eta hizkuntza aniztasuna ikusi genituen; denok lotuta gaudela eta bakoitzak bere lekua daukala ikusi genuen”.
Hau nik egin dut’ esatetik, ‘hau guk egin dugu’ esatera pasatu dira ikasleak. Erronka da, gure publikoa egunero ari delako berritzen
Monika Arratibel Barrutia ikastolako zuzendaria
Orain, proiektu edo unitate bakoitzaren abiapuntua artelan batek ezartzen du eta hortik, alor bakoitzari loturiko edukia edota konpetentzia garatzen da
Andrea Urteaga Magnet Erakarriko arduraduna
Artea, ikasleen motibagarri
Partaide izate hori, ikasleek ez ezik, familiek ere sentitu dutela nabarmendu du, gainera, zuzendariak: “Hasieratik eta ibilbide guztian zehar, familien parte hartzea handia izan da, eta familiak diogu, eta ez gurasoak, izeba-osabak eta aitona-amonak ere etorri baitira hona, eskolan dugun erakustaretoko artelanak ikustera, baina baita prozesuetan laguntzera ere”.
Akademikoki eta curriculumaren ikuspegitik begiratuta, ikasleen ikasteko gogoan Magnet Erakarrik onerako eragin duela ikusi dute irakasleek. Eragin du motibazioan: “Liburu batekin eskalak ikastea, adibidez, zail gerta dakieke hainbat ikasleri, baina, ikastetxearen maketa egin behar duela esanda eta kanpora atera, neurtu eta kalkuluak eginda, oso motibagarria da ikusten eta ukitzen duenari loturiko helburu bat edukitzea”, Urteagaren hitzetan.
Gela egonkorreko ikasleentzat ere artea oso motibagarria eta baliagarria dela ikusi ahal izan dute. Urteagak itsasoaren lanketa egin zuteneko proiektua ekarri du gogora, adibide gisa: “Azken helburua edo emaitza eskolako erakustaretoan jarriko genuen horma irudi bat zen, eta tutoreak eta ikasgelak horma irudi horren gainean egin zuten lan; baina, bitarte horretan, ikasleen autonomia eta emozioen hezkuntza landu ahal izan zituzten artearen bidez”.
Gisa horretan ikasleak partaide aktibo eta motibatu senti daitezen artea ikasteko prozesuetan txertatzeak irakasleei “lan erantsia” dakarkiela argi du Urteagak. “Liburu bati jarraitzea errazagoa da, argi dago hori. Metodologia berritzeak inplikazio handia eskatzen die irakasleei; lana, antolaketa eta trebakuntza eskatzen die. Baina emaitzak ematen dituela ikusteak berak motibatu egiten ditu irakasleak, bide horri jarraitzeko”. Lan erantsi horregatik, hain zuzen ere, beharrezkoa da “gaian lidergoa hartuko duen irakaslearen rola”, Arratibelen aburuz; “lidergo partekatua behar da”.
Hiru urtez eskutik helduta egin dute ibilbidea Artiumek eta Barrutiak, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko proiektu pilotua hiru urtekoa baitzen. Tarte horretan, proiektua simetrikoa izan da, hau da, ikastetxeak egiten zuenaren isla erakutsi du unean-unean Artiumek. Laugarren urte honetan, ikastolak bere kasa jarraituko du bidean aurrera. Proiektua gauzatzeko irakaslearen gidaritza ikastetxeak berak hartu du beregain, adibidez. “Laugarren urtean, lan guztia sistematizatzea etorri da. Artiumekin egindako lantegien eta trebakuntzen banku bat egin ondoren, hiru urteetan egindakoa programazioetan txertatu dugu”, azaldu du Arratibelek. Urteagak erantsi duenez, “orain, proiektu edo unitate bakoitzaren abiapuntua artelan batek ezartzen du ikasgela bakoitzean, eta hortik, alor bakoitzari loturiko edukia edota konpetentzia garatzen da”. Batzuetan, ikastetxe guztiak aldi berean lantzen du egitasmo bat; beste batzuetan, zikloz ziklo edota ikasgelaz ikasgela egiten dira lanketak. Horrez gain, ikastola osoak arte proiektua garatzen du elkarrekin, ostiraletako arte hezkuntzako saioetan. Horrela, ikastola osoak artista baten lana ezagutu ahal izan du; esate baterako, Yayoi Kusama, Sonia Delaunay, Maria Freire, Esther Ferrer eta gisa horretako artisten bizitzak eta lanak ezagutu dituzte haurrek.
Magnet Erakarri proiektutik beste ikastetxeetara zer esportatu daitekeen galdetu diegunean, eta kontuan izanik ez dutela Artiumen bezalako zentrorik bidelagun izango, “ikastetxe osoa inplikatuko duen lan bat egitera” gonbidatuko lituzke Arratibelek: “Ikastetxe guztiari (HHtik LHra eta ikasgela egonkorra barne) elkarrekin zerbait egitea proposatuko nioke, txikia bada ere. Baliagarri izango zaie talde sentimendua eta eskolako partaide izatearen sentimendua indartzeko; niretzat, zoragarria izan da hori egitea, eta hurrengo pausoak emateko motibagarria”.