Konpromisoa, konfiantza, enpatia, elkartasuna… krisian daudela esaten da. Esaten da gizarte modernoa likidoa dela,  lanak egonkortasuna galdu du, baina baita harremanek ere, “erabiltzen dut eta botatzen dut”, baita lagunak ere. Malgutasunaren izenean. Askatasunaren izenean. Prekarietatea deitzen dio Zygmunt Bauman soziologoak, gaurko gizarte aldakor, arin, balio solidorik gabeko honi prekario deitzen dio, “lanpostuak bezain prekario bilakatu ditugu giza harremanak”. Inongo ez izateak aske ala huts egiten gaitu?

Hedonismoa, kontsumismoa, indibidualismoa, itxurakeria… bogan daudela esaten da. Patrika hustu behar dugu bihotza betetzeko. Kontsumitu behar dugu. Hartu behar ditugu pastilak lo egiteko, edo lo ez egiteko. Nork bere barnera begiraturik ikusiko du zenbat duen hutsetik.

Nola eraiki dugu, hitzez batzuetan bederen, hainbeste gaitzesten dugun gizarte eredu hau? Akaso batzuek diseinatu dute eta gu oso kontziente izan gabe rol batzuk jokatzen ari gara? Eta gure seme-alabekin erreproduzitzen? Akaso gustura gaude... baina akaso ez... eta kontzientzia hartuko bagenu?

Ardura hartuko genuke.

Kontsumoak, gabeziak, gaitzak, mendekotasunak, deskonfiantza, antipatia, insolidaritatea... prebenitzeko bide zuzenena haurtzaroa zaintzea da. Maitasunez, presentziaz, denboraz, kontaktuz asetzea haurra. Ume osasuntsu ez eze, dohatsu, baliotsu eta esparru eta harreman anitzak kudeatzeko tresnaz eta gaitasunez jantzia heziko dugu, heldu oro bat osasuntsu izateko tresnak eskainiko, gizarte osasuntsuago bateko kide izateko. Minak, saminak eta suminak izango dituena, bai, baina horiek guztiak kudeatzeko barnea beterik —eta ez huts— izango duena.

Denbora, presentzia eta maitasuna eskaini behar zaizkio haurtzaroari. Bat datoz Itziar Agirre Euskal Herriko Pedagogia Sistemikoko Eskolako zuzendaria elkarrizketa nagusian eta Ane Ablanedo Larrion prebentzioan eta haur psikologian aditua den irakaslea Eztabaidagaian. Eta haurtzaroa ezagutu egin behar da, haurraren garapenaren berri izan, ulertzeko, bide lagun izateko, naturala eta normala dena ez patologizatzeko. Bi adituokin bat dator honetan ere Xabier Tapia psikologoa gai nagusian.

Bizitzak ekarriko ditu sufrimenduak eta frustrazioak, berez. Ez diezazkiogun geuk jarri bidera.