Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 3a.

 

Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna da maiatzaren 3a. Egun horrek aukera ematen digu informazioa jasotzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko, prentsa askatasunak gizartean eta hezkuntzan duen garrantziaz jabetzeko eta ikasleekin pentsamendu kritikoa lantzeko.

 

Informazioa jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dugu sarri, baina zer esan nahi du, benetan, prentsa askatasunak? Euskarazko hedabideen sare eta elkarlanerako egitasmoa da Hekimen, eta hauxe adierazi digu elkartearen zuzendaria den Igor Astibiak:  “Proiektu komunikatibo libre eta independenteak sortu eta garatzeko aukera edukitzean datza prentsa askatasuna, haien tamaina edota hedadura edozein izanik ere”.

Hark azaldu duenez, azken urteotan proiektu komunikatiboak esku bakan batzuetan kontzentratu dira pixkana, eta monopolio horrek kamustu egin ditu eztabaida soziala eta herritarren kritikarako gaitasuna. Horren aurrean, gogorarazi du gainerako botereak kontrolatu eta fiskalizatzea ere badagokiola prentsari informazio eskubidea bermatzeaz gain. Horretarako, Astibiaren ustez, ezinbestekoa da “hizki larriz idatzitako kazetaritza” aldarrikatzea: “Iturri kontrastatuetan argitaratutako edukiak bermatu behar dira, eta dagokion lekua eskuratu behar du ikerketa kazetaritzak, propaganda interesatua ez delako herritar kritikoak sortzeko bidea”.

 

Sareak, gezurrak eta algoritmoen diktadura

Astibiak ohartarazi du ezin dela albo batera utzi sare sozialen eragina prentsa askatasunari buruz hitz egitean: “Sareetan, gero eta ugariagoak dira gezurrezko berriak, algoritmoaren diktadurak ezarritako eduki eta iritzi interesatuak edota gorrotoa hedatzeko helburuz sortutako edukiak, eta, testuinguru horretan, informatuta egoteko eskubidea ia ezerezean gelditu daiteke”. Gainera, sareetan bermerik gabeko informazioak hedatzen direla azpimarratu du Astibiak. Horri lotuta, beste arrisku bat ere nabarmendu du Hekimeneko zuzendariak: “Maiz, kazetariak ez diren pertsonak ari dira komunikazio lanean, inolako bermerik gabe, eta kazetaritza eta behar bezala lan egiten duten komunikabideak kaltetzen ditu horrek azkenerako”.

 

Iturria egiaztatzen ikastea

Ikasleei gezurrak antzematen irakasteko, helduek erabiltzen dituzten edo erabili beharko lituzketen estrategia berberak erabiltzea gomendatzen du Astibiak: “Egilearen izenik ez bada ageri, atzean ez badago komunikabide baten bermerik edota iturria zein den egiaztatzeko biderik ez badugu, arreta handiagoa jarri behar dugu”. Horrez gain, bestelako egiaztatze zerbitzuek zer dioten ikustea gomendatzen du Astibiak, bai eta zer data duen eta zer testuinguru ere, edukia sinesgarria den ala ez neurtzeko. Dena den, Astibiak ohartarazi du hau ez dela behin bakarrik ikasi beharreko ariketa: “Egiaztatze lan hori gero eta zailagoa da, gezurrezko mezu edota irudiak gero eta sinesgarriagoak direlako; gainera, egunez egun eta etenik gabe eguneratu beharreko ariketa da”.

 

Euskarazko hedabideek ikastetxean duten garrantzia

Astibiaren esanetan, ezinbestekoak dira euskarazko hedabideak sostengatzeko baliabideak eta laguntza instituzionalak; bestela, handitu egiten da egin beharko litzatekeenaren eta egin daitekeenaren arteko muga, eta leku handiegia hartzen du boluntarismoak. “Ekosistema sendotu eta modernizatzeko, laguntzak eta publizitatearen kudeaketa areagotzea da gakoa”. Prentsa askatasuna eta euskaraz informatzeko eskubidea zaintzeko, bi neurri zehatz proposatu ditu ikastetxeentzat Astibiak: Lehenik, inguruko euskarazko komunikabideekin lan egitea: “Ezagut itzazue, erraztu elkarlanerako bideak, eta bilatu loturak ikasleen eta gertuko komunikabideetako profesionalen artean, egitasmo interesgarriak sortu baitaitezke elkarlan horretatik”. Eta, bigarrenik, ikasleen ikasketa prozesuan euskarazko hedabideen edukiak txertatzea proposatzen du: “Asko eta askotarikoak dira euskarazko komunikabideak, eta ez da egongo landu ez duten gairik; gainera, hemeroteka handia eraiki da urteetan, askotarikoa, kalitatezkoa eta euskarri desberdinetan”. Astibiaren ustez, gaztetan hartzen diren ohiturek arrastoa uzten dute, eta bide hori oso interesgarria eta emankorra izan daiteke.

 

Ikasleak kazetarien rolean jarriz

Prentsa askatasunaren eguna egun bateko ekimen huts bilakatu ez dadin, ikastetxeek landu dezaketen errutina bat proposatu du Astibiak: “Ez legoke gaizki astean behin ikasleak kazetari bihurtzea, barrutik ulertzeko albisteak nola eraikitzen diren, nola egiaztatzen diren eta zer erantzukizun dakarren informazioa zabaltzeak”. Astibiak zehaztu duenez, errutina hori taldeka egin daiteke: batzuek irratsaioa prestatu dezakete eguneko albisteekin; beste batzuek gezurrezko berri bat hartu, eta gezurra dela jakiteko zer egin duten azaldu dezakete, eta azken taldeak intereseko gai bat hautatu dezake, eta ikerketa kazetaritzako lan txiki bat egin.

 


Prentsa askatasuna aldarrikatzeko eguna

Maiatzaren 3a Prentsa Askatasunaren Nazioarteko eguna da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1993an ezarritakoa, UNESCOren ekimenez. Egun horren helburua da prentsa askatasunaren oinarrizko printzipioak gogoraraztea, kazetaritzaren independentzia babestea eta herritarrek informazio fidagarria jasotzeko duten eskubidea azpimarratzea, bai eta kazetariek jasaten dituzten presioak eta erasoak ikusaraztea ere.