Goizalde Sanchez, Mungiako Larramendi ikastolako irakaslea

 

Irakasle jantzia, inplikatua eta eguneratua izateko ezinbestekoak dira etengabeko formakuntza eta irakurketa. Horregatik izan ditut beti esku artean Hik Hasi aldizkariak. Hasiera batean, gaztetako logelan, orain, aldiz, bulegoetan, tutoretzetan edo mesanotxean izaten ditut artikuluak edota monografikoak. Horrela, eskuetan aldizkari bat nuela, Lehen Hezkuntza Eraldatzen formakuntzaren berri izan nuen eta ikastolaren laguntzari esker formakuntzan murgildu nintzen.

Bi ikasturte hauetan, besteak beste, ikasleen beharrizanei, hezkuntza legeei edota irakaslearen profilei buruz ikasteko eta hausnartzeko hainbat aukera izan ditugu irakasle, aditu eta proiektu ezin hobeen eskutik.

Esaterako, Alvaro Beñaranen eskutik ume izatera bueltatu gara haurren ezaugarriak eta beharrak zein diren gogoraratuz. Gainera, behar horiek asebetetzeko neurozientziaren ikuspegian murgildu gara non ikaste-prozesua aktiboa bihurtzen den eta alderdi emozionalean zein pedagogikoan bidelagunak bihurtzen garen. Aniztasunaren aberastasunaz eta onuraz ere aritu gara eta horri erantzuteko aukera ugari aztertu ditugu. Betiere, ikasleen beharrak, nahiak eta autonomia mailak kontuan izanik ikasteprozesua ikasleen gainean eraikitzen baita, ikaslea beti bere ikaskuntzaren erdigunean ipiniz. Are gehiago, ikasle bat hezteko tribu osoaren presentziaz hausnartu dugu eta horregatik, pedagogikoa sistemikoan murgilduz familiaren eta ikastolaren arteko harremanaren garrantzia ikusi dugu pedagogia Iratxe Vazquezi esker.

Orobat, profesional gisa asko hazi gara eta naiz eta sortu dugun irakasle talde eroak grina eta aitzakia komun bat izan (Lehen Hezkuntza eraldatzea), hezkuntzaren gainean hausnartzeko eta hitz egiteko topagune bihurtu dugu. Baina hilean behin elkartu izan garen irakasle talde hori hanka motz gelditu da; elkargune barik geratu baikara. Beraz, Hik Hasi, zer eskainiko diguzue asteburuetako talde eroak gero eta handiagoak izan daitezen eta olatuak gero eta indar handiagoa izan dezan?