Aniztasuna balioan jartzeko teoriatik praktikara pasatzeko ordua da. Bizipozako elkarteek hainbat gako eman dizkigute zenbaki honetan: elkar ezagutzea eta komunitatea erdigunean jartzea dira horietako bi.
Denok dugu aniztasunaren aldean kokatzen gaituen ezaugarriren bat. Aniztasuna ez da soilik gaixotasun arraroak dituztenen, etorkinen, homosexualen, mendekotasuna dutenen edo sailkapen handietan sartzen direnen kontua. Aniztasuna ez da besteen kontua. Teoriatik praktikara, aniztasunaren aldean kokatzeko gakoak eman dizkigute zenbaki honetako erreportaje nagusian. Lehen gakoa: elkar ezagutzea. Besteen errealitateak ezagutzea. Hala dio Leire Elizegi Bizipozako koordinatzaileak: “Ezezaguna zaigun guztiari bizkarra ematen diogu, ezezaguna den guztiari beldurra diogulako”.
Elkar ezagutzeko komunikazio kanalak sortu behar ditugu. Ahotsa eman behar zaio besteari. Hala erakutsi digu Pausoka elkarteko Amaia Irazustak: “Ez eman ontzat ezer; galdetu eta eman ahotsa. Ez pentsatu besteen ordez. Askotan gure beharretatik pentsatzen dugu besteengan, gure egiteko moduetan inkluitu nahi ditugu besteak, eta aniztasuna kontuan izan nahi badugu, gauzak beste modu batean egin behar ditugu, ez orain arteko gure moduan”.
Asko dugu ikasteko aniztasunaren ondorioz zailtasunak dituzten familiengandik eta elkarteengadik. Haien “indar eraikitzailea” nabarmentzen du Elizegik: “Egunerokoan gure eskubideak eta beharrak gutxi gora- behera asetuta ditugunean geureari begira jartzen gara, eta jarrera indibidualistagoak hartzen ditugu. Baina elkarteetako familiek, oinarrizko eskubideen alde borrokan ari direnek, beste indar bat daukate modu kolektiboan eragiteko”.
Azken gako bat ere eman digute: komunitatea. Indibidualismoa ez dator bat aniztasunarekin. “Komunitate bat garela sentitu behar dugu. Aniztasuna aitortzeko hitz klabea komunitatea da —dio Bizipozako Nerea Godoyk—. Indibidualismoa apurtu eta benetan komunitate sentitzen hasten garenean gauzak bestela ikusten dira”. Teoriatik praktikara pasatzeko ordua dugu. Eskubideez ari gara. Denok irabaziko genuke.