Aurrematrikulazio garaiak agerian jartzen du ikastetxeen arteko konpetentzia. Ezinegona eta tentsioa sortzen baldin badu, zergatik ez saiatu aldatzen guztion ongiaren ideia garatuz?
Aurrematrikulazio garaian gaude, horrek dakarren guztiarekin: irratian, egunkarietan eta aldizkarietan iragarkiak, autobus geltokietan horma-irudiak… Mugimendua bada. Herri eta hiri batzuetan egoera lasaia izango da, eta beste batzuetan, berriz, urteroko lehia piztuko da; lehiakortasuna baitago muinean, nork zenbat ume bereganatu.
Ez da erraza, jakina. Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua eta misioa defendatzea zilegi da; hezkuntza zerbitzua eskaintzen jarraitzeko nahia edukitzea zilegi da; haur eta gazteei ahalik eta ikas-ibilbide arrakastatsuena eta egokituena eskaintzeko anbizioa edukitzea zilegi da; eta familien beharrei erantzuteko eskaintzak egitea zilegi da.
Ikastetxeen titulartasunean sartu gabe —horrez gaindiko konpetentzia ere bai baitago sare bereko ikastetxeen artean—, beste ariketa bat egin daiteke, jaiotze-tasa behera doala ikusirik, lehiakortasuna areagotzeko arriskua handitu egin baitaiteke. Urtarrileko zenbakiko elkarrizketa nagusian Juanjo Falcó Lleidako udaleko alkatetzako aholkulariak zioen konpentzia gainditu egin behar dela. Nola? Pedagogia asko eginez. Ikastetxeei guztion ongiaren ideia ikusaraztea dela bidea zioen. Lehiakortasunak segregazioa dakarrela ikusaraztea eta herriarentzat eta herrialdearentzat hori txarra dela jabearaztea. Ikuspegi hori edukitzeko, ingurua eta herria betaurreko horiekin ikusteko, zuzendaritzetan buruz ongi jantzitako jendea behar dela zioen. Zuzendariez gain, beste batzuk gehitzea ere gaizki ez: irakasleak eta gurasoak.
Irudika dezagun une batez bi eskola dituen herri bat, non Gabonak elkarrekin ospatzen dituzten, Santa Ageda eskean elkarrekin makilak astintzen dituzten eta inauterietako festa elkarrekin egiten duten. Eskolaz kanpoko jarduerak udaletik eskaintzen eta koordinatzen diren herria dela eta eskola bietako umeak eta gazteak nahasten direla. Otsaila iristean ez dutela aurrematrikulazio kanpainarik egiten, udala arduratzen delako ikastetxe biei buruzko informazioa helarazten. Sikiera, beste herrietan gorpuzten den tentsiorik ez litzateke egongo, eta ez da gutxi.
Errealitatetik urrun dagoen egoera da, gaur; bihar, akaso ez. Lehiakortasunak sortzen duen har txar horretatik libratzeko aukera emanen luke. Jakina, baliabideak eta zuzenketa neurri ugari beharko dira, eta baita mehatxu izan daitekeena indargune bihurtzeko irudimena ere. Baina hasteko, aurrena, begirada aldaketa eta buruz ongi jantzitako jendea behar da, Falcók dioen moduan. Eta hori norberaren eta taldearen esku dago.
Badira eskuin kutsuko eta ezker usteko sektoreak, ikastola kontzeptu modura, proiektu, erakunde eta mugimendu modura desagerrarazteko jokoan ari direnak
Antton Izagirre