Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko eguna da apirilaren 2a. 

 

Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko eguna da apirilaren 2a. Autismoa duten pertsonen errealitatea ikusarazteko, haien eskubideak aldarrikatzeko eta hezkuntzatik inklusioaren alde urratsak emateko aukera eskaintzen digu Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Egunak.

 

Azken urteotan kontzientzia handiagoa dagoen arren, eskoletan oraindik ere maiz gertatzen da autismoa duen haur batekiko lehen begiradan ikusten duguna “portaera” gisa etiketatzea, eta ez ulertzeko eta komunikatzeko modu desberdin baten adierazpen gisa. Testuinguru horretan, Gautena elkarteak autismoaren arloan egiten duen lanak ikuspegi esanguratsua eskaintzen du hezkuntza ingurunea nola egokitu ulertzeko. Izan ere, Gautenako hezkuntza arloko koordinatzailea den Izaro Alzak gogorarazi bezala, “askotan ikaslea da ingurunera egokitzea espero duguna; baina autismoa duen haur baten kasuan, kontrakoa da: ingurunea da autismoa duen ikasleari erantzun egokia emateko egokitu behar duena”.

Alzak ohartarazi duenez, egunak ez luke kontzientziazio keinu huts batean geratu behar: Fokua jartzeko baliagarria da, baina garrantzitsuena da horrek egunerokoan jarraipena izatea. Ikastetxeen antolaketan, profesionalen koordinazioan eta helduen begiradan eragitea ezinbestekoa da, ikasle autisten ongizatea eta parte-hartzea benetan posible izan daitezen”.

 

Presentzia, parte-hartzea, ikaskuntza eta ongizatea

Alzak argi dauka ikasgela batean inklusioa egoteko, ezinbestekoa dela lau osagai elkarri lotuta egotea. Haren esanetan, presentzia, parte-hartzea, ikaskuntza eta ongizatea ezinbesteko dira horretarako: Ikaslea gelan egote hutsarekin ez da inklusiorik lortzen; ikasleak ondo egon behar du ikaskuntza egon dadin, eta ongizatea oinarri jarrita errazagoa da ikasleak parte hartzea, harremanak egitea eta ikasgelako erritmoan egotea”.

Horrez gain, Alzak dio ikasle bakoitzak behar dituen baldintzak sortu behar direla: egitura eta aurreikuspena ematea, trantsizioak zaintzea, komunikatzeko aukerak bermatzea eta lasaitzeko aukera izatea. Horrela, presentzia fisikoaz gain, ikaslea benetan taldeko kide sentitzeko eta jardueretan parte hartzeko aukera du. Gainera, hezkuntza saileko koordinatzaileak, lau dimentsio horiek eskolako espazio guztietara —patioan, jantokian eta abar— zabaltzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, horietan ikusten baita ongizatea bermatuta dagoen ala ez. Hala ere, ez da beti erraza autismoa duten ikasleek espazio horietan presentzia eta parte-hartzea izatea.

 


Ikastetxeetan izan dudan esperientzietan oinarrituta, txoko seguruak sortzeak, komunikazio-sistema bat eskaintzeak, trantsizioak aurrez abisatzeak, eta hurrengo ekintza zein izango den aurretik partekatzeak asko laguntzen die

 Izaro Alza,  Gautenako hezkuntza arloko koordinatzailea.


 

Zer esaten ari den ulertzearen garrantzia

Autismoa duen ikasle baten aurrean, irakasle askok nondik heldu ez dakitela sentitzen dute askotan, eta halakoetan “nik orain zer egin behar dut?” galdetzea oso ohikoa izaten dela dio Alzak. Horren aurrean, irakasleei gogorarazten die ez daudela bakarrik, eta horregatik, taldean laguntza eskatzeko eta kezkak partekatzeko deia egiten du, erantzuna ez dadin pertsona bakar baten gain geratu. Portaera zail baten aurrean, gainera, begirada aldatzea proposatzen die Alzak irakasleei: bakoitzak bere buruari galdetuz, zer esan nahian ari da ikaslea?”. Hori azaltzeko, Alzak icebergaren irudia erabiltzen du: “Guk icebergaren punta soilik ikusten dugu, baina ezin gara soilik puntan ikusten dugunarekin gelditu; alegia, ikusten den horren atzean askotan badago zerbait gehiago: estimulu gehiegi, nekea, ziurgabetasuna, ulertzeko zailtasuna edo egoera batek sortzen duen tentsioa”. Horrela, erantzuna eraikitzen da puntatik harago begiratuta, eta ikasleak eskolan egoteko eta parte hartzeko baldintzak hobetzen dira.

 

Eguneroko keinu txikiek duten eragina

Alzaren iritziz, egunerokoan egiten diren keinu txikiek eragin handia dute ikasle autisten ongizatean: Ikastetxeetan izan dudan esperientzietan oinarrituta, txoko seguruak sortzeak, komunikazio-sistema bat eskaintzeak, trantsizioak aurrez abisatzeak, eta hurrengo ekintza zein izango den aurretik partekatzeak asko laguntzen die”. Gainera, Alzak gaineratu du beste neurri eraginkor bat izan daitekeela erregulazio-gune gisa balio dezakeen espazio lasai bat izatea; izan ere, batzuetan ikasleek estimulu gehiegi jasotzen dituzte. Haren hitzetan, askotan egitura gutxiko uneetan agertzen dira zailtasunak, eta aurreikuspenak egoera eramangarriago egiten laguntzen du.

Arestian aipatutako guztiak, Alzaren ustez, ezer gutxirako balio du, familien eta ikastetxeen arteko lankidetzarik ez baldin badago: Azken finean, familiak dira jakiten dutenak haurrarekin zerk funtzionatzen duen eta zerk ez”. Horregatik, ikastetxeak familiaren informazioa jaso eta funtzionatzen duen horretatik abiatzea proposatzen du, familiaren eskutik joanda pauso egokiak ematen saiatzeko.

 


 

Autismoa ikusarazteko eta inklusioa bultzatzeko eguna

Apirilaren 2a Autismoaren Kontzientziaziorako Nazioarteko Eguna da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2007ko abenduaren 18an 62/139 Ebazpenaren bidez ezarritakoa, autismoaren gaineko ezagutza zabaltzeko eta gizartean kontzientzia pizteko helburuarekin. Funtsean, egun horrek aukera ematen du pertsona autisten errealitatea ikusarazteko eta hezkuntzatik zein gizarte osotik inklusioa, errespetua eta berdintasuna sustatzeko.