Oraindik hedabideetan nahiko ikusezinak diren arren, urritasuna duten haur eta gaztetxo ugari ari da gaur egun kirol egokitua praktikatzen gure inguruan. Kirola urritasun ezberdinak dituztenen gaitasunetara egokitzea esan nahi du kirol egokituak. Haur horien gurasoek aipatzen dutenez, “izugarrizko” balioa dauka euren seme-alaben autonomiaren konkistarako. Ostadar Inklusioa taldeko kideak ezagutu ditugu.
Haurraren autoestimua lantzeko oso baliagarria izaten ari da guretzat kirol egokitua. Taldean zure lekua aurkitzea, baliagarria zarela ikustea, talde baten barruan zaudela sentitzea eta harreman horietan aberastea”. Marian Martinez, Anderren amari, sentipen bereziak sortzen zaizkio bere semeaz hitz egiterakoan. 14 urte ditu Anderrek, garun paralisia dauka eta txikia zenetik praktikatzen du kirol egokitua. Ostadar Inklusioa taldeko partaidea da bera; urritasuna duten pertsonentzat kirol jarduera eta zerbitzuak eskaintzen ditu talde honek. Hala, Ostadarren eskutik, Anderrek saskibaloia, slaloma, eta surfa egiten ditu, baita horietan lehiatu ere. Marianek aipatzen duenez, ugariak dira kirol egokituak haurrari eta familia guztiari ekarri dizkion onurak: “Hasieran, Anderrek zailtasunak zituen: bakarra zela sentitzen zuen, ezberdina zela. Eta nik ere ama bezala gauza bera sentitzen nuen, arazo guztiak nik nituela”. Zentzu horretan, beste batzuekin elkartzeak asko laguntzen duela aipatzen du: “Adibidez, Gasteizera txapelketara joan eta bat-batean 100 haurrekin topo egiten duzu, bakoitza bere ezaugarriekin, eta guztiak beraien gaitasunetatik kirola praktikatzen. Hori izugarria da.”
Hasieran eskola kirolean ibili zen Ander, baina amak aipatzen duenez, momentu batetik aurrera ez zen eroso sentitzen. Hala, 8 urterekin hasi zen Salto Bera Bera saskibaloi taldean, eta horrek Anderri asko lagundu zion: “Ordura arte, ikastolan besteekiko oso urrun zegoela sentitzen zuen berak, eta Bera Berako taldean ikusi zuen helduagoek, urritasuna izanda ere, beraien bizitza egiten zutela, gida-tzen zutela, beraien etxea zeukatela, bat unibertsitatean ikasten ari zela, beste batek txakurra zeukala… Eta hori ikustea oso positiboa izan zen Anderrentzat”.
Surfak izaera aldatu dio Anderri. Hegan egitea bezalakoa dela esaten du eta pentsa zer den hori aulki batean bizi den nerabe batentzako. Izugarrizko askatasuna eman dio
Marian Martinez
Bera Beratik Ostadar Inklusioa taldera egin zuen salto, geroago, Anderrek: “Bera Berakoa maila altuko saskibaloi taldea zen, batik bat helduek osatzen zutena, eta, Ander oso gustura joaten zen arren, bere adin berekoekin egotea behar zuela ikusi genuen. Momentu horretan, Ostadar Inklusioa taldetik proposamena egin ziguten Lasarten taldea osatzeko eta guretzat izugarria izan zen”. Saskibaloia praktikatzen du gehienbat, baina Ostadarrek aukera ematen die kirol gehiago probatzeko eta ekintza desberdinak egiteko. “Haur hauen alderdi emozionala eta autoestimua lantzeko lan handia egiten dute, kirolak dituen baloreak ikasten dituzte, taldean jokatzen, lehiatzen, galtzen eta irabazten… Gauza horiek guztiak eguneroko bizitzan ez dituzte, ikastolan ez dutelako jolasten futbolean jolas-orduan, adibidez”, aipatzen du Marianek. Eta autonomia ere asko lantzen da. Kirolari esker, gorputzaren mugimenduak asko hobetu dituela dio amak, eta aulkia ere oso ondo maneiatzen duela. Anderrek autonomia osoa lantzen jarraitzea nahi dute gurasoek: “Aurten, adibidez, entrenamendura bakarrik joatea nahi dugu eta horretan lagunduko diogu. Eta, era berean, makuluekin gehiago ibiltzea nahi dugu, gorputza gehiago lantzen duelako. Baina berak ez du nahi. Soilik surfera joateko hartzen ditu makuluak, motibazio handia daukalako surfa egiteko, eta hori landu nahi dugu guk”.
Surfak Anderri izaera aldatu diola dio amak: “Etapa triste bat pasa zuen gure semeak eta surfak izugarrizko askatasuna eman dio. Berak aipatzen du hegan egitea bezalakoa dela eta pentsa zer den hori aulki batean bizi den nerabe batentzako”. Ostadarreko taldean dagoen “giro ona” azpimarra-tzen du Marianek, eta gaineratzen du beste kiroletan baino gehiago ikasten dutela: “Ez dago hainbeste lehiakortasun eta antsietate beraien artean. Pentsa, gure seme gazteenak –hiru seme dira eta Ander da zaharrena-, futbola utzi eta Ostadarren jarraitu nahi du, saskibaloia egiten. Ostadarren ateak irekita dituzte urritasunik ez duten haurrek ere parte hartzeko, eta kirolari inklusibotasuna ematen diote lanketa horrekin”.
Gadea: autismoaren hormez gaindi
Gadearen gurasoentzat ere ugariak dira kirolak beraien alabari ekartzen dizkion onurak. 19 urte ditu Gadeak eta Autismo Espektroaren Nahasmendua dauka. Atletismoa praktika-tzen du kirol egokitu moduan, eta piraguismoa egiten du talde inklusibo batean. Bere, aitak, Jose Manuel Reguerok aipatzen duenez, “Gadeak kirola egitea nahi genuen, ikusten genuelako behar zuen zerbait zela, baina zer egin? Kirola, azken finean, beti da lehiakorra, nahiz eta ludikoa edota aisialdirako aukera izan. Baina aurkariarenganako norgehiagoka eta lehiakortasuna hor dago. Gadea bezalako gaztetxoei, ordea, komunikazio alderdi horrek zaildu egiten die praktika. Orduan, ikuspegi hori jasoko zuen zerbait bilatu nahi genuen. Hau da, taldean egiten den zerbait, baina taldeko praktika lehiakorra izan gabe”.
Kirola ez da bakarrik korrika egiteko edo salto egiteko. Gadeak, esaterako, bizkarrean lordosia dauka eta kirolak laguntzen dio lesioa gehiago ez garatzen
Beatriz Alesanco
Modu horretan hasi zen Gadea piraguismoa egiten. “Gadeari ura izugarri gustatzen zaio eta bere gelako lagun taldetxo batekin hasi zen. Taldea inklusiboa zen, bere ahizpak ere parte hartzen zuen, eta ikaragarri gustatu zitzaion”, kontatzen du Beatriz Alesanco amak. Hala, piraguetan gidari izan zuten monitorea Ostadar Inklusioko kidea zen eta piraguismoaz gain, ea atletismoa interesatzen zitzaion galdetu zion. Eta atletismoko taldea osatu zuten.
Gadearen gurasoek aipatzen dutenez, funtsezkoena taldea da, eta osotasun horretan autonomia maila garatzea. Beatrizen esanetan, “haur hauek, ez badituzu apur bat zirikatzen, etxean lozorrotzen dira. Eta bakardade horretan aurkitzen dira. Etxera iritsi eta telebistaren aurrean ordu luzeak pasa ditzakete”. Kirola eginez, berriz, astea diziplina batekin aurrera eramaten dutela gaineratzen dute: “Badaki kirola egiteko motxila prestatu behar duela, zer sartu behar duen kirol-poltsan, garraio publikoan bera bakarrik
etortzen da, takilara joan, jantzi… Eta etxera bueltatzean berdin: motxilatik arropak atera, garbigailuan sartu…”
Autonomia lantzearekin batera, ariketa fisikoa ere oso garrantzitsua dela azpimarratzen dute. Beatrizek kontatzen duenez, “kirola ez da bakarrik korrika egiteko edo salto egiteko. Gadeak, esaterako, bizkarrean lordosia dauka eta kirolak lesio hori gehiago ez garatzen laguntzen dio”. Zentzu horretan, motrizitatea asko lantzen dutela gaineratzen du.
Diana, autonomiaren konkistan lasterka
Dianaren familian aspalditik izan dute atletismorako zaletasuna. Bere gurasoek txikitan praktikatu zutelako edo, aitonak oraindik ere korrika egiten duelako, Diana ere bere bizitzan atletismoari tokia egiten ari zaio. 15 urte ditu Dianak, eta ikusmen urritasuna dauka, jaiotzez. Horrek ez dio eragotzi, ordea, kirola egitea. Astean hirutan entrenatzen du Donostiako Belodromoko atletismo pistan, eta Mikel eta Ezequielekin osatzen du taldea, Ostadar Inklusioa taldearen baitan.
Izaeraz, beti aurrera egiten duen pertsona da Diana, borrokalaria eta lehiakorra. Euskadiko Txapelketa irabaztea esperientzia oso positiboa izan zen familiarentzako eta zer esanik ez beretzako
Jaione Ezkerra
Jaione Ezkerra Dianaren amak konta-tzen du aurrez pare bat urtean funky egiten ibili zela: “Hasiera batean gustura ibili bazen ere, pixkanaka deseroso sentitzen hasi zen, eta eten bat egitea erabaki zuen, pentsatzeko denbora bat hartu zuen. Atletismoak gure familiarekin izan duen loturagatik-edo, pentsatu genuen kirol horrekin probatzea”. Hala, Donostiako atletismoko talde batera jo zuten, baina han ateak itxi zizkietala aipatzen du Jaionek: “Arrazoitu ziguten ez zeuzkatela behar hainbeste baliabide Diana bezalako pertsona bati zerbitzua emateko. Guretzako kolpe gogorra izan zen hori”. Gerora, baina, Ostadarrekoen berri izan zuten, eta haiekin aztertzen hasi ziren zein kirol modalitate izan zitekeen egokiena Dianarentzat. Izan ere, kontatzen duenez aukeraketa hori ez da erraza izaten batzuetan: “Batetik, gustuko zer duen ikusi behar da, eta bestetik, zer egiteko gai den. Izan ere, pilota edo baloiarekin egiten diren kiroletarako, adibidez, mugatuta dago Diana. Atletismoa gustuko kirola du eta probatzea pentsatu genuen. Baina ez da hori bakarrik. Ikusi behar da, era berean, zer-nolako taldean sartzea izango den egokiena. Izan ere, kirol egokituko taldeak anitzak izan daitezke. Hala, Diana bezala ikusmen urritasuna duten gazterik eta kirol hau praktikatzea nahi zuenik ez genuen ezagutzen inguruan. Orduan, adimen urritasuna duten Mikel eta Ezequielekin osatu du taldea Dianak eta momentuz oso gustura dago”.
Horiek ditu taldekide eta entrenatzailea, berriz, Jokin. Gida batekin egiten du lasterka Dianak, eta normalean entrenatzaileak laguntzen dion arren gidari lanetan, laguntzaile faltarik ez dauka Dianak. “Aitak ere parte hartu izan du berekin lasterketetan. Aitarekin ere entrenatzen du eta aitona ere laguntzaile aparte da”, dio Jaionek. Elkarri lotuta lasterketa egitea uste baino zailagoa dela aipatzen du Dianak: “Biok batera eraman behar dugu erritmoa, pausoa”. Baina ezinbesteko laguntza da Dianarentzako eta badaki era horretara ez duela minik hartuko. Aurrez beste bi gidarekin ibili da, baina lan kontuengatik-eta utzi egin behar izan dute.
Entrenatzen hastearekin batera hasi da Diana lehiatzen, eta ama-alabek aipatzen dute esperientzia aberasgarria zaten ari dela guztientzat. “Izaeraz beti aurrera egiten duen pertsona da Diana, borrokalaria, lehiakorra, eta irabaztea gustatzen zaiona. Dianak Euskadiko Txapelketa irabazteak ikaragarrizko poza eman zigun, esperientzia oso positiboa izan zen familia guztiarentzat eta zer esanik ez beretzako”, kontatzen du Jaionek. Espainiako Txapelketan ere parte hartu berri du eta hura ere oso esperientzia aberasgarria izan dela dio amak: “Bere antzeko egoera bizi duten adin tarte beretsuko neska-mutilak ezagutzeko aukera eman diote txapelketek Dianari eta, harrezkero, elkarrekin harremanetan jarraitzen dute”. Dianak lasterketa duen aldiro, familia osoa joaten dira asteburua pasatzera eta Jaioneren arabera, “egun politak izaten dira guztiontzat. Ahizpa txikia ere gustura joaten da, eta miretsi egiten du ahizpa nagusia”.
Zentzu horretan, Jaionek zalantzarik ez du: “Autonomiarako konkistan, ekarpen handia izan da kirola Dianarentzat, baita familiarentzat ere.”
Ostadar Inklusioa Taldea, kirola denentzat sustatzen
2016an sortu zuten Jurgi Olasagastik eta Amaia Kadarsok Ostadar Inklusioa taldea. Kirol elkarteetan eta kirol egokituan zuten esperientziaz baliatuta, urritasuna zuten gazteentzat eskaintza falta zegoela ikusi zuten. Hala, Ostadar Kirol Elkartearen barnean, sekzio berri bat sortu eta hirugarren denboraldian bete-betean ari dira momentu honetan.
Urritasuna duten pertsonentzat kirol jarduera eta zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina taldea ez da mugatzen urritasunak dituztenetara bakarrik. Modu horretara, inklusioa bilatu nahi dutela aipatzen du Jurgi Olasagastik, taldeko ordezkariak: “Inklusio baten barnean, ireki nahi dizkiogu ateak haur eta gazteei, urritasuna izan ala ez izan”.
Ugariak dira, Olasagastik aipa-tzen duenez, kirolak urritasuna duten pertsonei ekartzen dizkien onurak: “Batetik, jarduera fisikoa egiteko aukera; agian bere herrian ezin izan duelako kirolik egin beretzako moduko eskain-tza falta zelako. Bestetik, bere antzeko egoeran dauden pertsonen esperientziak partekatzeko aukera. Eta, horri lotuta, ikusten dute ez direla bakarrak. Talde izaera bat ere sentitzen dute. Eskolara joan eta ikaskideekin asteburuan zure taldearekin bizitako esperientziak konparti-tzeko aukera izatea oso aberatsa da. Gainera, harremanak egiten dituzte eta lagunak ere bai. Eta azkenik, badira kirolak bereak dituen abantailak ere: lehiatzeko aukera, txapelduna izatekoa, galtzeko aukera, frustratzekoa, esfortzua…”
Haurren autonomia lantzeari garrantzia berezia ematen diote Ostadar Inklusioa Taldean. Olasagastiren arabera, “egia da egoera honetan bizitza ez dela erraza, eta urritasuna duten pertsonei babes handia ematen zaie; ez denek, baina askotan gertatzen da. Gu saiatzen gara haur hauek ahal duten neurrian autonomoak izan daitezen trebatzen, eta, talde kirola denez, taldekideek elkarri laguntzen, ahal duten neurrian. Taldearen barruan, bakoitzak ahal duena egiteko esaten diegu”.
Autonomia lantzen dute zen-tzurik zabalenean. “Guk haurraren autonomia lantzen dugu, baita beraien arteko autonomia ere. Inportanteena da beraiek saiatzea eta konturatzea esfortzu bat eginda lortzen direla helburuak”. Baina esfortzua ez bakarrik entrenamenduan: “Ez zaio zure amari ahaztu ur botila poltsan sartzea. Beste gauza bat da amak sartzen dizula botila poltsan baina gauza horiek ere landu egin behar dira”. Txikitatik ohitura onak hartzea oso garrantzitsua dela aipatzen du Olasagastik.