Abenduaren 1a bitartean aurkeztu daitezke proiektuak

 

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren hirugarren deialdia aurkeztu dute gaur goizean Hernaniko Udalak eta Hik Hasi egitasmoak. Bertan izan dira Hernaniko alkate Xabier Lertxundi, Hezkuntza zinegotzi Axier Mingo, Hik Hasiko eragiletza arduradun Ainhoa Azpirotz eta Joxe Mari Auzmendi zenaren familiakoak. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak gogora ekarri duenez, “2020an Hernani herri hezitzaile izateko erabakia hartu genuen. Guretzako, garrantzitsua da hezkuntza formaletik haratago hezkuntzarekin lotutako beste ekimen batzuk sustatzea”.

 

Joxe Mari Auzmendi bera hizpide izan du Lertxundik: “Joxe Mari Auzmendi pertsona garrantzitsua izan zen gure herriarentzat eta hori azpimarratu nahi dugu beka honekin. Gerturatu dizkigun baloreak mantendu nahi ditugu. Beti egongo gara zorretan berarekin, ezer bueltan eskatu gabe horrenbeste eskaini duen herritarra izan baita”.

Hernaniko Udalak Hik Hasirekin batera sustatzen duen Auzmendi Hezkuntza Bekari dagokionez, elkarlanaren motibazioa argitu du: “Hobekuntza pedagogikoa, euskara eta euskal kulturaren biziberritzea, herri hezitzailea eta inklusioa bultzatzen dituzten Euskal Herri osoko proiektuak babesteko ideian bat egiten dugu”.

Axier Mingo Hernaniko Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, “hezkuntzaz ari garenean, bat-bateko iraultza utopia izan daiteke. Hezkuntzan aldaketak su baxuan ematen dira, amesteko momentuetan sortzen dira. Baina momentu horiek, askotan, laguntza behar dute. Unibertso horretan udal gisa jartzen dugun aletxoa da Hik Hasirekin batera Auzmendi beka sustatzea” .

Hik Hasik Hernaniko Udalaren prestutasuna eta borondatea eskertu ditu ezer baino lehen, Azpirotzen hitzetan: “Hezkuntzari garrantzia ematen dion herria eta Udala da, eta herritarren ekimenak bultzatzen ditu. Beti izan da erraza Hernaniko Udalarekin eduki dugun lankidetza eta oso eskertuta gaude”.

Hik Hasik hezkuntza berritzeko eta eraldatzeko bidelaguntza profesionala eskaintzen du, 28 urte daramatza dibulgazio lanetan eta Euskal Herriko milaka irakasle euskaraz formatzen. Hezkuntza komunitateko hezitzaileentzat informaziorako, prestakuntzarako, elkarrizketarako eta eztabaidarako elkargunea da… eta horren guztiaren osagarri gisa sortu zuen Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka, Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Hernanin bizi baitzen Joxe Mari eta herriko partaide baitzen.

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, Hik Hasik eta Hernaniko Udalak hezkuntza komunitatearen eskura jartzen duten tresna bat da. Bekak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jartzen du arreta. “Bekara aurkeztuko diren proiektuek ikastetxeei hobekuntzan eta eraldaketa pedagogikoan laguntzea nahi dugu, eta horretarako, ikerketa bat egitea eta horren ostean material bat eskaintzea hobetsiko da”, adierazi du Azpirotzek. Hik Hasiren egitekoetako bat hezkuntzan dauden hutsuneak detektatzea eta horiei erantzutea izan da. “Eta beka honekin ere horixe nahi dugu: eraldaketa prozesuetan dabiltzan edo hasi nahi duten ikastetxeei helduleku bat ematea, marko bat eskaintzea”, esan du Azpirotzek.

Hik Hasiren Aholkularitza Zerbitzuak horixe egiten du, ikastetxeei haien helburuei eta erronkei erantzuteko bidelaguntza eman, eta beka aholkularitzaren osagarri dela dio Azpirotzek. “Aholkularitzaren helburua ikastetxeei eraldaketa pedagogikoa egiten lagunduko dien bidelaguntza ematea da; eta bekaren helburua ikastetxeei eraldaketa pedagogikoa egiten lagunduko dien material bat eskaintzea”.

Euskal Herriko ikastetxeek, gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko, pedagogiko eta abarrei erantzuteko, eraldaketa prozesuak egitea beharrezkoa dute. Eraldaketak marko teoriko eta bide-orri metodologikoa behar ditu. Beka honen helburua, ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa eta azterketa egin ostean, eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak proposatzea izango da. Horrela, etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen material bat proposatuko du, orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, hain zuzen ere, horren gainean, ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren.

Beka hau zuzenduta egongo da Euskal Herrian Hezkuntza-hobekuntzan dabiltzan ikerlariei, ikerketa-taldeei,  pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei.

Proposamenak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 1ean amaituko da eta epaimahaiak, aurkeztutako lanak aztertu ostean, 2026ko urtarrilaren 8an jakinaraziko du saritutako proiektua zein den. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da eta urte eta erdiko epean gauzatu beharko da.