Erregai fosilen kontsumoa zorrozki murriztea urgentea dela diote Stop Fosilak mugimenduko kideek.

 

Erregai fosilen kontsumoa zorrozki murriztea urgentea dela diote Stop Fosilak mugimenduko kideek, eta, bide horretan, energia berriztagarriak izango dira alternatibarik onena.

 

Stop Fosilak ekimena sortu dute hainbat pertsonak, eta manifestua sinatu dute fokua erregai fosiletan jartzeko helburuz, XXI. mendeko mehatxurik handiena baitira naturari eta ekosistemei dagokienez. Gure osasunean efektu zuzenak dituzte erregai fosilek, gainera, eta munduan heriotza kausa nagusienetako bat dira, airearen kutsaduraren ondorioz. Euskal Herrian, energia kontsumoaren % 85 erregai fosiletatik dator, eta arazoa erdigunean jarri behar dugula dio Gorka Laurnaga Stop Fosilak ekimeneko kideak.

 

Erregai fosilak klima aldaketaren erantzule nagusia direla esaten duzue. Zein da alternatiba?

Gure aldarri nagusia da erregai fosilak lur azpian utzi behar direla eta horiek kontsumitzeari utzi behar diogula. Energia berriztagarriak izango dira alternatiba: hidroelektrikoa, biomasa, geotermia eta, batez ere, eguzki energia eta haize energia.

 

Eguzkia eta haizea izango al dira irtenbide nagusiak?

Bai. Gaur egun, Euskal Herrian, energia kontsumoaren % 85 erregai fosiletatik dator, eta, ez-fosiletatik, % 15. 2050. urterako edo lehenago, kontsumoaren % 95 inguru energia berriztagarriek hartzea beharko genuke. Gure ustez, hau da dilema: edo Donald Trumpen petrolioa, edo Euskal Herrian sortutako energia.

 

Euskal Herrian egoera bereziki kezkagarria dela diozue, eta karbono dioxido isuriak munduaren batez bestekotik gora daudela gurean. Zergatik?

Iparralde global osoan gertatzen den zerbait da. Isurien erdia munduko % 10 aberatsenak egiten du, eta gu aberatsenen artean gaude. Gure barne produktu gordina altua denez eta energia kontsumo altuak ditugunez, isuriak ere handiak dira. Gizarte industriala gara, bost aireportu ditugu, eta ia 2.000.000 auto pribatu, eta gehienek erregai fosilekin funtzionatzen dute. EAEko galdaren % 93k gasarekin funtzionatzen du, eta, Nafarroaren kasuan, populazioa hirian kontzentratuta ez dagoenez, garraioak kontsumo handia sortzen du.

 


Gaur egun, Euskal Herrian, energia kontsumoaren % 85 erregai fosiletatik dator, eta, ez-fosiletatik, % 15


 

Egoera horren aurrean energia burujabetza izateko beharra aldarrikatzen duzue. Nondik hasi gaitezke?

Trantsizioa ahalik eta azkarren egin behar da. Horrek esan nahi du energia komunitateak garatu behar ditugula eta teilatuetako autokontsumoaren eredua ahalik eta azkarren garatu behar dugula. Bestalde, instalazio fotovoltaiko eta eoliko handiagoak beharko ditugu, eta gure kontsumoa murriztu beharko dugu, batez ere garraio pribatuari dagokionez.

 

Txikitik eragin dezakegu, baina ezinbestekoa al da politikak ere horren zerbitzura jartzea?

Bai. Eskala guztietan egin behar dira eraldaketak: eraldaketa pertsonaletik hasi eta politika publikoetaraino. Bi dira guk geuk egin ditzakegun aldaketarik handienak: auto pribatu fosila uztea eta bizikletara edo garraio publikora pasatzea, alde batetik, eta dieta aldatzea —eta, batez ere, haragi gorriaren kontsumoa murriztea—, bestetik.

 

Kontzientzia hartzea oso garrantzitsua da. Zer da haurrei eta gazteei erakutsi behar dieguna?

Naturarekin harreman parekidea izateko, alderdi askotan egin behar dira aldaketak. Bederatzi muga planetariotatik zazpi gainditu ditugu. Ingurumen arazoek ikusten ez dena ikustea eta erakustea eskatzen digute: hondakinak ontzira botatzen ditugu, eta ez dakigu ondoren zer gertatzen den, adibidez. Karbono dioxido isuriekin gauza bera gertatzen da: gure autoak kea botatzen du, baina ez dugu ikusten eta ez dakigu zer gertatzen den horrekin. Oso garrantzitsua da aztarna hori erakustea. Gure etxean dauden objektu guztiek aztarna energetiko eta fosil izugarria dute atzean.

 


Trantsizio justua eta azkarra

Trantsizio energetiko justua eta azkarra behar dugula diote Stop Fosilak ekimeneko kideek:

Trantsizio justua

· Ongizate jasangarria: nahikotasunaren bidetik, ongizaterako oinarrizkoa bermatzea guztiontzat, planetaren mugen barruan.

· Burujabea: burujabetza energetikoa handitzea.

· Herritarra: esku-hartzea eta eredu publiko eta partekatua sustatzea.

Trantsizio azkarra

· Kronometroa: larrialdian gaude. Parisko Akordioaren epeekin eta erritmoarekin bat egin behar dugu.

· Erreala: ahalik eta justuena, herritarrena eta ekologikoena izan behar du, baina errealista.

· Iturrien aniztasuna: mikro-eskala beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Askotariko eskalak eta iturri energetikoak denak batera garatu behar dira.