IRATI UGALDE MUNIOZGUREN DERIOKO TXORIERRI INSTITUTUKO DBHKO 4. MAILAKO IKASLEA

DBHko laugarren mailako lehen hiruhilekoaren amaierako azterketak jadanik igarota, atzera begiratzeko gogoa sartu zait bat-batean, eta oso atsegina ez den gauza batez konturatu naiz: “azterketa-astea” deritzogun horrek ez du zentzurik, eta ez du inoiz izan. Lehen, azterketa-aldia ebaluazio- -amaierako azterketak egiten ziren astea zen. Ikasle nagusiagoak, gure adineko batzuen neba-arrebak, aste horretarako buru-belarri ikasten ikusten genituen, haien etorkizuna aste batean zituzten proben mende balego bezala. Hala ere, institutura sartu ginenean, mito bat zela pentsatu nuen. Lehen mailan geundenean, ikasturte amaierako azken azterketa orokorrei esaten zieten “azterketa-astea”, eta ezin nuen sinetsi proba gutxi horiengatik ibiltzen zirela beste ikasleak hain kezkatuta. Konfi namendua pasatuta, laugarren mailan gaude jada, konturatu gabe, baina tamalez egunero kontrolatuago gaudela ematen du, gure ikasketen gainean erabaki ezinik, egunerokotasun estandarizatu eta monotonoa hausteko aukerarik gabe. Lau urteotan, ez dut aldaketarik ikusi, baina ez dut horretaz asko pentsatzeko aukerarik ez eta asmorik izan ere, orain arte. Koordinatzaileak asteko azterketa-egitaraua banatu zigun, eta ikasleen proposamenak ekiditen zituen. Gure esku egon beharko luketen edo, gutxienez, hitza izan beharko genukeen gaietan, guztiz ikusezinak gara, eta, askotan, zifra baten moduan agertzen gara datu-basean, koadernoetan eta espedienteetan. Horren ondorioz, galdu egiten da ikasle eta pertsona modura dugun balioa, eta ez zaio horri garrantzirik ematen. Hezkuntza-sistemaren begietan batetik hamarrerako zenbaki bat besterik ez bagara, ez da harritzekoa gauden moduan egotea. Estresa eta lo falta eguneroko lan-kargagatik eta antolaketa eskasagatik ikasle askok jasaten ditugun arazoak dira. Azterketak, proiektuak, lanak, ariketak… Den-dena hartzen da kontuan gure etorkizuna markatuko duen zenbaki horretan. Denbora mordoa eman behar dugu lanean, eskola-orduez gain gure aisialdiko denbora ere horretan xahutuz. Azkenean, ikasketen inguruan eraiki behar izaten dugu egunerokotasuna, beste alderdi batzuetan, gizartean eta arlo pertsonalean, adibidez, geure buruak garatzeko aukera galduz, eta, aldi berean, gure bizitza akademikoaren inguruan eta azterketa-aldiko antolaketaren gainean erabakiak hartzeko aukerarik izan gabe. Hau al da nahi dugun hezkuntza- -sistema? Ikasleok, pertsona baino, zifra modura ikusten eta tratatzen gaituena? Gure ongizatean pentsatzen ez duena? Nik, behintzat, ez.