Gorka Erostarbe | Kazetaria
Beta 'i'. Bi hizki. Etxeko bihurtu zaizkigu aspaldi samarrean. 'B' eta 'i', hizki bi, gogora dakarkigutenak bikien guraso garela. Ez alferrik 'bi' da garbi ahoskatzen ikasi zuten lehen hitzetako bat, eta gehien errepikatzen duten zenbakia, alde handiz gainera. Ez alferrik duela bi hilabete bete zituzten bi urte, eta “bi”, “bi”, “bi” eta “bi” ari dira uneoro, berdin euren buruaz, berdin dituzten jostailuez edo oinetakoez. Dena da ‘bi’ eurentzat, Gure artean erdi brometan esaten dugu ez zuka, ez hika, ez berorika, bika ari zaizkigula bi-biak. 'B' eta 'i', bi hizki. Garazi eta Elorri; Elorri eta Garazi: bi biki.
“Bi dira!”, amaren oihua lehen ekografia egiten zioten bitartean. “Bai, bi dira”, medikuaren baieztapena. “Ah bai?”, aita ezjakinaren itauna. Identifikatzen ez nituen gorputz atal mordoxka bat eta mugimendua ikusten nuen oroz gain, mugimendu handia eta kaotikoa, gutxi asko ondorengo hilabeteetan izan dugunaren parekoa. Bai ginekologoaren aurpegiak eta baita amarenak ere garbi iradoki zidaten zetorrena ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula; bi-biak amak izanak ziren lehenago ere. Bost urte lehenago bikiak izan zituen bikote lagun-minaren ohartarazpena gero: “Lasai, lan handia da, baina guk ere egin badugu...”. Kalean ere ez zitzaigun aholkurik falta izan lehen ordutik: “lana erruz egin beharko duzue, baina elkarrekin haziko dira, eta behin koxkortuta zoragarria izango da, oso harreman berezia izango dute!”.
Neure baitarako kezkaren galdera: “Behin koxkortutakoan zoragarria izango da, hortaz! Ze ondo... eta bitartean?”. B eta i. Bi. Bizkitartean, biki tartean.
Erabateko ezjakinaren talaiatik hasi nuen gurasotasunaren esperientzia, eta nire buruari premisa nahiz babes gisa zera bakarra jarriz: “Emaiezu denbora”. Hartu nuen denbora, hartu nuen zaintzarako eszedentzia ere. Denbora emanez joan gara ikusten, ikasten, hazten, hezten. Bikiak eta hirurok elkarrekin egin dugu bidea, metaforikoki bezainbat literalki, fisikoki.
Bidea egiten igaro dugu orain artekoa; bidegorrian pasiran, hain zuzen ere, Urola errekaren abaroan, orain gorantz, orain beherantz, erdi kantuan-erdi xuxurlan. Ordu asko eta asko lo, beste hainbat negarrez, eta baita bakanen bat jolasean zein solasean.
Hartu nuen denbora; bada hartarako aukera, nahiz eta askoz ere laguntza eta baliabide gehiago beharko genituzkeen erakundeen aldetik. Baina, hala ere, askotan denbora urri. Bi dira bi, eta bakoitzak behar du berea, bere denbora. Etengabe joan naiz bikiekin gauzak ikasten, denboratasun berri bat, malguago bat neureganatzen.
Oraintsukoa da esperientzia: sartu naiz siestara bi txikiekin, buruan egin beharrekoen eta pentsamenduen anabasa presazko nekagarri bat nuela: “ea azkar hartzen duten lo, beste gauza garrantzizko horiei heltzeko”. Pixkana euren lorako arnas erritmoa jabetu da nire gorputzaz; erlaxatu egin naiz aurrena, eta lo aurreko denboratasun pausatu-gozoan barneratu naiz hurrena.
‘Bi’ eta ‘i’. Bi.
Eta bitartean, biki artean.
Denbora irabazi dudala iruditzen zait.