Baby Led Weaning izenez ezaguna egin zaigun metodoak, haurraren dietan elikadura solidoak sartzeko moduari egiten dio erreferentzia. Hainbat adituren arabera, ugariak dira elikatzeko modu honek haurrari ekartzen dizkion onurak. Besteak beste, garapen psikomotorrean laguntzen die, baita elikagaiak hobeto ezagutzen ere. Gainera, haurrak segurtasunez jaten ikasten du.

Gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari da gure inguruan Baby Led Weaning izenaz ezaguna egin den haurra elika-tzeko metodoa. Haurrak 6 hilabete inguru dituenean abiarazten den elikagai osagarrien hasierarekin du zerikusia eta pixkanaka haurrari elikagai horiek osorik, xehatu gabe, eskaintzea du oinarrian. Elikagaiak haurrari forma eta tamaina egokian eskaintzen zaizkio, eta modu horretan lortzen du haurrak bere kabuz janaria eskuetan hartu eta ahora eramatea, bere apetitu eta lehentasunak errespetatzea ahalbidetuz. 

Eskaini, eman beharrean
Baliteke haurrak elikagai solidoak jaten ikastea ezer berria ez izatea familia askotan. Hala ere, oro har, haurrari jaten ematen diogula esaten dugun arren, Baby Led Weaning metodoarekin janaria eskaintzeari ematen zaio garrantzia: haurraren-tzako egokiak diren janari zatiak jartzen ditugu platerean, mahaian edota tronaren bandejatxoan. Modu horretan, haurrak janariarekin jolastu dezake, erortzen utzi, zanpatu, ahora eraman edo usaindu; eta bera izango da jango duen edo ez erabakiko duena. Beraien kabuz egiten uztea dibertigarria izateaz gain, seguruagoa ere badela gaineratzen dute Baby Led Weaning liburuan Gill Rapley eta Tracey Murkett adituek; “haurraren ahoan janaria sartzeak kontrako eztarrira joateko arriskua areagotu egin baitezake”. Ildo beretik, hainbat dira haurrari begira metodo honi ikusten dizkioten abantailak:

- Dibertigarria da. Jatorduan aktiboki jokatzeak eta zer, zenbat eta ze erritmotan jango duen erabakitzeak esperientzia atseginagoa izatea ahalbidetzen du. Aldiz, kontrakoa egiteak jatordua eguneko momenturik zailena bilaka dezake. Esperientzia goiztiar atsegin eta lasaiak bizitzeak, haurrak luzera begira janariarekiko ohitura osasuntsuak garatzeko aukerak biderkatzen ditu.

- Naturala da. Haurrek esperimentazioaren eta esplorazioaren bidez ikasten dute. Haur txikiek eskuak eta ahoa erabiltzen dituzte mota guztietako objektuak esploratzeko, eta berdina gertatzen da janariarekin. Beraien kabuz jaten ikasten badute, euren erritmora egingo dute.

- Elikagaiak ezagutzea ahalbide-tzen du. Euren kabuz jaten duten haurrek elikagai desberdinen itxura, usaina, zaporea eta testurak ikasten dituzte, eta baita zapore konbinaketak ere. Purean, aldiz, zapore guztiak nahastu egiten zaizkio batean. 


- Segurtasunez jaten ikasten da. Janaria ahora eraman aurretik esploratzeko aukera izateak, haurrari lezio garrantzitsuak ematen dizkio mastekatu dezakeenaren eta ez dezakeenaren gainean.

- Garapen psikomotorrean lagun-tzen du. Jatordu bakoitzean haurrek behatzekin eramaten dituzte elikagaiak ahora, eta horrek gaitasun ikus-motoreak garatzen laguntzen die. Tamaina eta testura desberdineko elikagaiak hartzeak, gainera, motrizitate fina lantzeko balio die, eta janaria mastekatzeak aurpegiko giharrak garatzea ahalbidetzen die.

- Segurtasuna norberarengan. Haurrek beren kabuz gauzak egiteak, ikasten laguntzearekin batera, bere gaitasun propio eta ezagutzen gaineko konfiantza eskaintzen die, autoestimua garantzen lagunduz.

- Apetitua kontrolatzea. Haurtzaroan garatutako elikatzeko ohiturak bizitza guztirako balio dezakete. Janari elikagarriz osatutako eskain-tzaren aurrean zer jan, zein erritmotan eta noiz den ase erabaki dezakeen haur batek pentsa dezakegu luzera begira ere bere apetituaren arabera jarraituko duela jaten. Eta hori gizentasunari aurre egiteko faktore garrantzitsua izan daiteke.
 

Noiz eta nola hasi
Egin behar den bakarra da 6 hilabetetik aurrera haurra familiako otordu guztietan presente egon dadila ziurtatzea, bai gosaritan, bazkarian, askarian edota afarian… beti ere nekatuta edo umore txarrez ez badago. Garrantzitsua da haurrak gosea ez edukitzea janaria esploratzeko esertzen denean, izan ere, elikagai solidoen hasierako saioetan janaria ez dago lotuta gosearekin, baizik eta jolasarekin zerikusia duen guztiarekin dago lotuta, elkarbanatu eta besteak imitatzearekin; eta, zentzu horretan, jatorduak ikasteko aukera paregabea dira. Gainerako metodo tradizionalekin alderatuta hor dago diferentzia nabarmenena. Haurrak gosea badauka familiarekin mahaian esertzean, ezingo du janaria manipulatzen gozatu, eta ezta bakarrik jateko gaitasunak garatu ere. Frustrazioa ekarriko dio horrek eta suminduta sentituko da.

Haur txikien okadak eta itolarria
Guraso askoren kezka izan ohi da bere kabuz jaten duen haurrari kontrako eztarrira joango ote zaion janaria. Baina haurrak ahora eramaten duen janari guztia berak kontrolatzen badu, eta bizkarra zuzen duela eserita badago, bere kabuz jateak ez dio zertan janaria kontrako eztarrira joatea areagotuko. Askotan, nahastu egiten da haur txikien okada mekanismoa eta janaria kontrako eztarrira jotea. Okadak janari zati handiegiak arnas-bideetatik urruntzen dituzten espasmo-mugimenduak dira, segurtasunerako erantzun bat. Sei hilabeteko haurrarengan erreflexu hau mingainaren aurreko partean gertatzen da (arnasbideetatik urrun) eta hazten doan heinean, mekanismo hori mingainaren barneragoko zatira pasatzen joango da. Itolarria, aldiz, arnasbideak partzialki edo guztiz blokeatuta gelditzen direnean gertatzen da.

Metodo honen aldekoek aipatzen dutenez, bi dira haurrari itolarria areagotu diezaioketen faktoreak: batetik, beste norbaitek sartzea haurrari janaria ahoan; eta bestetik, posizio etzanean egotea edo bizkarra zuzen ez izatea. Gaineratzen dutenez, bere kabuz jaten uzteak prozesua kontrolatzen uztea esan nahi du; eta prozesua kontrolatzeak modu seguruago batean egitea ahalbidetzen dio.

Badira, hala ere, duten formarengatik haurrarentzako arriskutsuak izan daitezkeen elikagaiak. Fruitu lehorrak, esaterako, haurrak hiru urte bete arte ez eskaintzea aholkatzen da Baby Led Weaning liburuan, izan ere, haurraren zintzur-hestean trabatuta geratu daitezke. Gereziak eta antzerako fruituak, berriz, hezurra kenduta eskain-tzea gomendatzen da, eta mahatsa bezalako forma borobileko fruitu txikiak erditik zatituta eskaintzea hobe da. Hezurra duten arrainak ere saihestu behar dira, eta haragi zatiak kartilagoa kenduta eskaini behar zaizkie haurrei.

Prest egon zikintzeko
Prozesua zikin samarra den arren, haur guztiek ikasi beharko dute noizbait beraien kabuz jaten, eta lehenago edo geroago zipriztinak jasan beharko dira. Pentsatzekoa da haurrari bere kabuz jaten utzita, lehenago hasiko dela zikintzen, baina metodoaren aldekoek azpimarra-tzen dutenez, haurrak bere kabuz hainbeste praktikatuta, errazago garatuko du jatearen teknika.