GOITIK DATOZEN ARAUAK HERRIAN KUDEATZEA DAGOKIE UDALEI, TOKIAN TOKI. NOLA KUDEATU DUTE COVID-19AREN KRISIA HERRI HEZITZAILEEK? IKUSPEGI SOZIALETIK ETA ELKARTASUNETIK EGIN DUTE KRISIAREN IRAKURKETA ETA KOLEKTIBO ZAURGARRIENAK ERDIGUNEAN JARTZEKO ARIKETA EGIN DUTE. USURBILGO ETA ERRENTERIAKO EREDUAK AURKEZTU DITUZTE HERRI HEZITZAILEEN JARDUNALDIETAN, DURANGON.
Telebista bidez iragarri zuten Pedro Sanchezek eta Emmanuel Macronek Espainiako estatuko alarma-egoera eta Frantziakoa, hurrenez hurren. Eta etxeratu ginen. Ezarri zituzten irteera eta etxeratze baldintza-berriak, eta baita horiek urratuz gero isunak ere. Lanera irten zitekeen, jolasera ez. Parkeei prezintoa ezarri zieten. Zarratu zituzten ikastetxeak, geroago urruntze-neurriekin eta maskaradun irekitzeko. Protokoloak ezarri ziren pedagogiaren aurretik, kexatu ziren irakasleak. Ireki zituzten tabernak. Itxi dituzte gero. “Inbasioa”, “erasoa”, birusaren aurkako “gerra” gisa aurkeztu digute mundu mailako pandemia hau, ez alferrik, militar kondekoratua ondoan zuela ematen zituen hasierako asteetan egunez eguneko eboluzioen berriak Espainiako Osasun Ministro Santiago Illak. Agintzen dute eta betetzen dugu. Paperak edozer eusten du, baina errealitateak, tokian toki, etxerik etxe, ñabardura asko ditu. Nola konfinatzen da etxerik ez duen pertsona bat? Zilegi al da partekatzea debekatzea haur bati? Bakardadeak zenbat gaixotu ditu? Hezkuntza eskubide bat baldin bada, zergatik ordaindu behar da etxean Interneta edukitzeko? Eta etxean Internetik/ordenagailurik ez duen haur bati, inporta al zaizkio logaritmoak?
Harremanak, lana, eskola, aisialdia eta zer esanik ez osasuna —osasun fisikoa eta mentala— baldintzatu dizkigu, den-den-denoi, COVID- 19ak. Espazioak eta denborak berridatzi behar izan ditugu. Zail da 2020 honetatik ezer onik berreskuratzea. Baina badira ahalegina egin dutenak. Koronabirusaren izurriari gerra logikatik begiratu dakioke bai, baina bizitzen ari garena irakur liteke hiztegi belikoa alboratu eta klabe sozialetan. Hori da Oinherriko herri hezitzaileak egiten ari diren ahalegina, Pandemia osteko herri hezitzaileak jardunaldietan urrian erdigunean jarri zuten gisan. “Klabe sozial eta ekofeministetan” begiratzen dio pandemiari Nora Salbotxek; “Nola irakurtzen dugun, halako ondorioak aterako ditugu”, adierazi zuen Amaiurko herri eskolako zuzendari eta maistrak jardunaldietako sarrerako hitzartzean. “Termino ekosozialetan eta ekofeministetan azaldu zitekeen gaitzaren garapena, eta gisa honetan ulertu, herritarrok, karrika eta lurra zapaltzen dugunok, nolatan garapenaren eta hazkundearen izenean, ez zegozkigun ekosistemak inbaditu ditugun, diru nahikeria nola soiltasunari gailendu zaion eta horrek, hain zuzen ere, guregan ondorioak dauzkala”.
Zer sinetsi, hala jokatu
Itxi, zarratu, konfinatu nor berera eta hau pasa arte loaldi batean bageunde bezala bizitzea-edo aukeratu liteke, egoerak berrirakurri, elkar zaindu, zaurgarrienak babestu eta bizitza erdigunera ekartzeko ahalegina egitea ere. Etxean bakarrik denari telefonoz deitu eta “zer moduz zaude? “zer behar duzu?” galdetzea aukera bat da. Edo adineko horiek zaintzeko lanik gabe gelditu diren zaintzaile horiek diruz laguntzea ere aukera bat da. Etxerik etxe, haur guztiek ordenagailua eta interneterako sarbidea daukatela ziurtatzea aukera bat da. Haur horien oinarrizko hezkuntza-eskubidea ez betetzea ezin zitekeen aukera bat izan, baina hala izan da herri askotan, tamalez.
Ezagutza, karrikak, parkeak eta hezkuntza komun baten gisa ulertzetik eta harekiko konpromisotik etorriko da alternatiba
Nora Salbotx
Amaiurko maestra
Pandemia honen errelatoa ikuspegi sozialetik eta elkartasunaren eta justizia sozialaren begiradatik egin dute herri hezitzaileek, “errelato belikoa Hollywood eta Netflixentzako utzirik, kapitalismoa eta bere jarraitzaile diren erakunde eta egiturentzako”. “Errelato soziala ekologia, feminismoa, justizia soziala eta elkartasuna dira, aldiz, herria, jende xume, gu”. Eta bizitakoak —eta bizitzen ari garenak— begirada zorroztu dio Nora Salbotxi hainbat gairekiko: hala nola, eskola, karrika eta parkeekiko. “Hezkuntza sistema, kaleak eta parkeak ez baitziren gureak lehenago ere, kritiko begiratzen genituen. Beraz 'kritikoago' begiratzeko tenorea da gaur”. Hezkuntza, kalea, haurtzaroa, bizitza 'geureganatu' eta birpentsatzeko tenorea da aurrean duguna, Salbotxen iritzirako. “Masa kritiko zabal eta anitzago baten garaia da”, dio Salbotxek. Eta nola birpentsatu gaurko eredua? Nola gainditu? “Maitasunaren betaurrekoak” jantzita, maistraren arabera, premia sozialak aseko baditu. Baina erne, Salbotx ez da maitasun erromantikoaz mintzo, Alain Badiouren eran, maitasuna “komunismo-minimotzat” harturik, komunikazioa eta zaintza maitasunez egin behar dela nabarmentzen du Salbotxek. Eta pandemiaren aurrean ezartzen ari diren neurriei ere betaurreko horiekin begiratzera gonbidatzen gaitu: “Ezartzen ari zaizkigun arauengan ez baduzu pertsona, haurra, bizitza erdigunean ikusten... hala bada, maitasunez, bihotzaren antiojoekin irakurri. Protokoloak, ezartzen ari zaizkigun neurriak maitasunez irakurtzea (ez arauak sortzen didan maitemiñaz, baizik eta horren objektu izanen diren pertsonekiko dudanaz, jendarte-mundu berri bati diodanaz), bihotzarekin irakurtzea, mundu berri baten sortzeko grinaz irakurtzea da eta horrek halabeharrez komunitatetik eta komunitarismorako irakurtzea da, feminismotik eta feminismorako, euskaratik eta euskararako”.
Bestelako eredu bat, alternatiba, Salbotxen aburuz, pandemiak, protokoloek, arauek uzten dituzten zirrikituetan baiezkoak, alderdi baikorrak eta positiboak bilatzetik etorriko da. “Ezagutza, karrikak, parkeak eta hezkuntza komun baten gisara ulertzetik eta harekiko konpromiso kolektiboa sustatu, artikulatu eta praktikatzetik. Hortik etorriko da alternatiba Gai gara irudimentsua, kritikoa eta komunitarioa izanen den alternatiba eraikitzeko”.
Dagoeneko ari dira alternatiba hori praktikatzen hainbat herri. Alternatiba bai ala bai komunitatetik eraikiko dutela defendatzen dute Herri hezitzaileen saretik. Bi adibide ezagutzeko aukera eman zuten jardunaldiek: Usurbil eta Errenteriako errealitatea, bietan erakunde publikoak eta komunitatea elkarrekin aritu dira lanean pandemia garaian, eta horrela lortu dute egoera zaurgarrienetan dauden herritarrei laguntzea. Gakoak bi izan dira: mobilizatzeko gaitasuna, elkartasuna, hurbiltasuna, zintzotasuna eta, bigarrenik, umiltasunetik asmo sendoz proiektu baten alde lan egitea.
Astinaldiak sistema biluzik utzi du, baina jendearenelkartasuna ere bai; injustizia sozialari erantzuteko hainbat egitura sortu dira
Agurtzane Solaberrieta
Usurbilgo alkatea
Tokiko administrazioak, eraginkorrenak
Macronek eta Sanchezek “itxi”, “konfinatu”, “mugatu”, “murriztu”, “eten” diotenean, banaka-banaka, Miren, Joseba, Alaia, Pedro, Marcos, Yoel, Amina, Ainhoari eragiten diete, arau, norma, lege eta zenbakiez harago, izen, bizipen eta egoerak baitauzkate bizilagun herriek. Horiei erantzutea dagokie tokian tokiko administrazioei. Karratua biribiltzea dagokie udalei, eskumen eta finantzazio mugatuarekin herritarrei laguntzea. Pandemia hasi zenetik eta alarma ezarri zenetik gaur arte, kolektibo zaurgarrienetan begirada jartzea izan da Usurbil eta Errenteria Oinherriko herri hezitzaileek hartutako bidea. Zaintza-sare publiko komunitarioak artikulatu zituzten bi herrietan itxialdia ezartzearekin batera, eta 500 boluntariorekin behar handienak zituzten herritarren premiei erantzuten saiatu ziren lehen unetik. Bestelako politika publikoak egin daitezkeela erakutsi dute.
Erdigunean herritar zaurgarrienak jarrita erantzun diete pandemiaren kudeaketari herri hezitzaileek. Lehen unetik, non jarri dugu begirada? “Krisiak ageriago utzi du arrakala”, adierazi zuen Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak: “Krisiaren aurretik ere hor zeuden kolektibo zaurgarriak, baina krisiak are ikusgarriago egin ditu kolektibo horiek. Lehen unetik arreta hor jarri dugu, eskumena gurea izan ala ez izan. Premia egoera horiei erantzutea zen”. Solaberrieta eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegi bat etorri ziren, udalen eskumenak mugatuak direla alor honetan, eta gainditu behar direnean, gainditu egin dituztela eskumenak herritarrak laguntzeko izan bada: “Oso baliabide mugatuak baldin baditugu ere, erakutsi dugu lokaletik erantzutea posible dela, beste erakunde eta instituzio askok gaitasun eza erakutsi duten bitartean”, azaldu zuen Otaegik. Usurbilgo alkatearen aburuz, pandemia honi kolektibotik eta ikuspegi komunitariotik erantzutea posible ez ezik, “beharrezkoa” ere bada. “Egoera zaila eta gogorra izanagatik, osasun krisi honek aukera eman digu udalaren eta komunitatearen hibridazio edo elkarlanerako aukerak esperimentatzeko. Nik uste dut garrantzitsuena arazo eta erronka handi hauei erantzuteko gaitasun kolektiboa landu dezakegula da. Hori da gure herrietako kohesio soziala lantzeko ezinbesteko bide bat”.
Pandemia garaian herri hezitzaileak egiten ari diren kudeaketari balioa eman zien jardunaldiak. Udalgintzaren ardatz gisa “eredu ireki, partehartzaile eta eraldatzailea” dauka Usurbilgo herriak. Politika publikoak herritarrekin lantzen eta eraikitzen saiatzen dira, eta urteak daramatza horretan Usurbilek; “lan estilo horrek pandemia garaian funtzioantu egin du —adierazi zuen Solaberrietak—, eta oso zaila zen egoera batean aurrera egiteko bidea erraztu egin du itxialdi garaian”. Elkarlana gakoa izaten ari da, hasieratik, pandemiak eta horren kontrako neurriek ekarri dituzten eragozpenei aurre egiteko: “Herritarrek, herriko eragileek eta kolektiboek euren ekarpena egin dute udalean, eta alde bakoitzaren egitekoa zein den bereiztuz, gai izan gara hori guztia artikulatzeko; eta udalak elkarlana eskatu duenean ere talde eta kolektibo horiek erantzun egin dute. Horrek erakusten du gure udalgintza eredua herrigintza dela, eta hori elkarrekintza bat, elkarlanerako espazio bat dela, eraldaketari zentzua eta norabidea ematen diona”. Alternatibarako bidea zabaldu du pandemiak ekarri duen astinaldiak. “Astinaldi horrek sistema biluzik utzi du. Sistema honen aldamio ezkutu horiek egiturazko akats horiek, zelofanak eta hauskortasun horiek, agerian utzi ditu. Baina positiboa izanik, horren kontrakarrean, jendearen elkartasuna ere agerian utzi du, injustizia sozialari erantzuteko hainbat egitura sortu dira han eta hemen; publikoaren eta komunalaren arteko lankidetza berriak sortzeko gai izan gara, eta beste gizarte bat pentsatzeko eta eraikitzen hasteko diskurtsoak eta mezuak ere ugaritzen ari dira.”
Udalgintza herrigile eta eraldatzailean sakontzeko baliatu dugu krisi honen kudeaketa, eta nabarmenago geratu da eredu talka
Aizpea Otaegi
Errenteriako alkatea
Krisiak, Usurbilen bezala hainbat herritan aukera eman du “komunitatearen garapen jasangarria sustatzeko, gertuko komunitatea berrindartzeko eta komunitate sentimendua hauspotzeko”. Hiru helburu horiek lortzeko “jendearen onena zukutzen” saiatu dira Usurbilen, “elkar zaintzan eta elkar heziketan oinarritutako komunitateak eraikitzen jarri ditugu indarrak, erantzukidetasunaren ikuspegitik, elkartasunaren eraikuntza komunetik eta, batez ere, eragile ezberdinen lankidetza markoetatik. Nire ustez, ez dago errezeta hobeagorik dimentsio honetako pandemia bati aurre egiteko”. Xede hori lortuz gero, pandemiari aurre egiteaz gain “u guztiok hobeto bizitzeko baldintzak” eraikiko lituzketela aurrikusten du alkateak.
Baina gauza eta asmo on hauek ez dira diskurtsoan gelditu. Praktikara eraman dute alternatiba, lehen unetik, Usurbilen eta Errenterian. Aurreneko pausoa, bi kasuetan, zaintza sare komunitarioak sortzea izan zen, 500 boluntariorekin herri bakoitzean. “Urtetan landu izan dugun lanaren bidetik, 24 ordutan bolondres sarearen egitasmoa martxan jarri genuen. Ariketa solidario eta komunitario handi bati hasiera eman genion eta herriko adinekoak zaintzea izan zen lehen lanetako bat”. Elikadura bankua ixtearekin batea herriko familia batzuen elikadura kolokan jarri zela ikusita, ezohiko diru-laguntza lerro abiatzea izan zen hurrengo urratsa, “herritarren oinarrizko elikadura bermatzeko”. Adinekoan “bakardade-egoera arintzeko eta laguntza eskaintzeko”, bi alditan, 65 urtetik gorako herritar gutiei deitu zieten, “800dik gora dei”. Errenteriaren kasuan, 8.000 dei egin zituzten zaintza-sareko boluntarioek. Eta herriko ikasleak izan ziren, baita ere, ardura-puntu nagusi Errenteriarentzat. “Hezkuntzaz ari garenean, eskubideez ari gara eta gure herriko ikasle guztiek etxetik eskolekin jarraitzeko baliabideak, ordenagailuak eta sarera konektatzeko txartelak izatea bermatu genuen”.
Itxialdiak behartuta ekarri zuen eredua indartzeko premia
Pandemiak lehendik ere bazeuden desberdintasunak eta zaurgarritasunak ageriago eta ikusgarriago bihurtzearekin batera, udalgintza ereduak ere narmendu egin ditu. “Gizarteko pitzadurak ageriago gelditu diren bezala, gure politikak ere nabarmenago gelditu dira —adierazi zuen Otaegik—; azken urteetako udalgintza-ereduan sakondu dugu, udalgintza herrigile eta eraldatzailean sakontzeko baliatu baitugu krisi honen kudeaketa, eta nabarmenago geratu da eredu talka eta gauzak egiteko modu desberdinak daudela”. Itxialdiaren ostean, garai zailak bizi izan ziren, “dena” berrantolatu eta birpentsatzeko garaiak bizi dituzte herrietan. “Orain aukerak baliatu behar ditugu bestelako politika publikoak eta ereduak aurrera eramateko”, adierazi zuen Solaberrietak.
Udalaren lan moldea edo eredua aldatzearekin batera, herritartasuna bera ere aldatu egiten da: “Herritarrak instituzioaren aurrean kokatzeko modua bera aldatu egin da, eta begirada sistemiko batetik elkar elikatzen duen dinamika bat sortzen da”. Bizitzak erdigunean jarriko dituen politika-ereduan sakondu nahi dute herri hezitzaileek, “pertsonen ongizatearekin zuzenean lotuta dago komunitate-sena indartzea eta gutasun baten parte izateko aukera guztiok edukitzea garrantzitsua da, guztiok sentitzea pertenentzia, eta ingurune abegikor bat edukitzea, komunitate-sen hori indartuko duen komunitatea, bizitza duinari lagunduko diona, bizitza duina eta komunitatea nola erlazionatzen den ingurunearekin guztia dagoela lotuta, eta eskema horren baitan lan egitetik gatoz, eta eskema horretan lanean ari ginela harrapatu gintuen pandemiak eta horrekin jarraitzen dugu”.
Udalgintza herrigilearen atzean, “herritarrekin eta eragileekin harremanak indartzeko estrategia eta borondate eta nahi garbi bat” identifikatzen ditu Otaegik, “herritarrekin eta eragileekin irizpideetan oinarritutako harremanak eraikitzeko nahi eta borondate garbi batek ekarri gaitu gaur gauden lekura”. Sekula elkarrekin lan egin ez duten eragileak elkarrekin lanean jartzeko dinamikak sustatu dituzte, herritarrekin eta eragileekin lanean aritzeko espazioak zabaldu dituzte horrek, alkateak adierazi zuenez, “paradigma aldaketa garrantzitsua” eragin du herrian eta herritarrengan.
Diskurtsoetatik harago, udalgintza egiteko garaian Errenterian leku egin diote herritarren ekimenari eta ekarpenari eta herritarren proposamenei bide emateko aukerak sortu dituzte. Horrek guztiak herritarren kohesiorantz pausoak ematea ahalbidetu du, komunitate bateko parte izatearen garrantzia nabarmentzen baitu Errenteriako Udalak: “Komunitate bakarra osatzen dugunaren ideia ari gara lantzen, gutasuna. Eduki ditzakegun banaketa ideologiko, sozioekonomiko edo jatorriaz haragoko ezberdintasunez harago, komunitate bakarra garenaren ideia lantzen eta sakontzen ari gara”. Eta gutasun horren oinarrian, printzipio hauek dituzte: “Elkartasuna, justizia soziala eta premia gehien dituztenen beharrei erantzuteko logikak eraikitzea da gure lehentasuna”. Honako hau da Errenteriako herri hezitzailearen politika guztien oinarrian dagon ideia: “Guztion ongizatea oso baldintzatuta dago gutxien duten horien edo behar handienak dituztenen ongizatearen baitakoa da; arazo indibidualetatik arazo sozialetara bidea egiteko baldintzak sortu eta arazo horiek kolektibo bihurtzen ditugun neurrian gai izango gara erantzun politiko eta publikoak emateko”.
Bizi dugun pandemia irakur liteke pandemia gerra klabeetan, baina eraiki daitezke alternatibak hiztegi sozialarekin ere.
Hiritik at: “Kalea ez da kontsumitzeko bakarrik izan behar”
Pandemiak mahai gainean jarri dituen erronkei hirigintzatik nola erantzun dakiekeen aztertu zuen Oinherriren jardunaldietan Durangon Ibai Esteibarlanda Hiritik at kooperatiba multidiziplinarreko arkitektoak. Espazioaren antolaketatik jendartearen antolaketan eta, alderantziz, jendartearen antolaketak espazioaren antolaketan eragin dezakeela sinetsita, auzoa, herria, eskualdea eta Euskal Herria nola antolatu pentsatzeari ekin zion kooperatibak pandemia garaian, eta Massimo Paolini arkitektoaren lana oinarri hartuta, Euskal Herria pertsonontzat manifestua ondu dute. “Pertsona guztientzako herria” pentsatzea proposatzen du Hiritik at kooperatibak, abiapuntu gisa zaintzarako eta bizitza erdigunean jartzeko zer-nolako herria daukagun pentsatzen hasita. “Hirigintzaz hitz egitean, lurrak eta azpiegiturak etortzen zaizkigu burura; aldiz, herrigintzaz hitz egitean harremanak eta eraikuntza sozialak ekartzen dizkigu gogora. Lurraldegintza edo tokigintza sustatu behar dugu”, adierazi zuen herri hezitzaileen ikuspegitik lurraldea berrantolatzeko bost lerro estrategiko proposatu aurretik:
1-Lurralde osoan etorkizun orekatu bat bilatzen saiatu behar dugu, bestela, zentroak eta erpinak sortzen dira; goiak eta beheak. Hau da, nekazal eremuen eta hirien arteko oreka sortu behar dugu. Nekazaritza eta produktu ekologikoak sustatu eta horiek hiriarekin konektatzea lortu beharko genuke, eta, nola ez, zerbitzuak (eskolak, kultur espazioak…) dezentralizatzea. COVID-egoerak azaleratu egin du azken urteetako kapitalismoaren joera basati hori: zerbitzu publikoen gutxitzea (esate baterako ZIU oheen gutxitzea; eskolen ratioak handitzea…). Lurralde osoaren etorkizun orekatu bat pentsatzea litzateke lehen lerro estrategikoa.
2-Lurralde orekatu hori planifikatu eta diseinatuko baditugu, pixkanaka egin beharko dugu.
“COVID-19ak erakutsi digu agian azkarregi bizi ginela. Gure herrietan eta lurraldean deshazkundearen logika ezarri behar dugu, dauzkagun bulkadak frenatuz. Zer kontsumo- eredu, zer azpiegitura-eredu eta zer energia-eredu daukagun aztertu behar dugu”.
3-Oinarrizko eskubideak eta beharrak asetzeko, zerbitzuak esku publikoetan eta komunitarioetan egoteko beharra ikusten du Hiritik at kooperatibak, (ura, elikagaiak, telekomunikazioak, zaintza, etxebizitza, argindarra…). “Izan ere, hala ez bada, krisi garaietan, argia, ura edo etxebizitza ordaintzen jarraitu beharko dugu. Etorkizuneko herri inklusiboa eraikitzeko, gako batzuk bazeuden lehen ere, baina pandemiak horien premia azaleratu egin du. Itxialdian denok etxean egon behar genuen, baina konturatu gara batzuek ez daukatela etxerik, esate baterako. Beraz, etxebizitzaren gaia merkatu logikatik ateratzeko beharra dago herri hezitzaileak pentsatzeko garaian”.
Arrakala digitala ere aintzat hartu behar da tokigintzan: “COVID-19aren garaian datuak guregana iristea, ura guregana iristea bezain garrantzitsua dela ikusi dugu. Etxeetan konfinatu gaituztenean, hezkuntza, harreman sozialak edo informazio-beharrak asetzeko telekomunikazioa oinarrizko behar bilakatu da, eta hor ikusi da nor den pobre behar horietan. Gai hauen inguruan ere sare komunitarioak behar beharrezko dira, bizi duguna ez baita krisi sanitarioa bakarrik, hau krisi ekonomiko, politiko eta soziala ere bada”.
4-Laugarren ildoari dagokionez, osasuna eta ongizatea ditu ardatz, eta horretarako herri eta hirien birnaturalizatzean dago gakoa: “Kutsadura (soinuari eta argiari lotutakoa ere bai) mugatu behar da, asfaltoa kentzen joatea eta, era berean, berdeguneak, zuhaitzak, ortu komunitarioak, edota korridore ekologikoak txertatu behar dira. Natura sartu behar dugu hirietan eta asfaltoa kendu behar dugu. Nola jarriko dugu bizitza erdigunean asfaltoa, hormigoia, kontsumoa eta eginbeharra baldin badaude zentroan? Hori kontzienteki aldatzen hasten ez bagara, gure harremanak aldatzea zailagoa izango da. Harreman-mota batzuk bultzatu nahi baditugu, gure herrien erdiguneak aldatu egin behar ditugu eta natura jarri behar dugu, bestela, ez dago bizitza erdigunean”.
5-Herri hezitzaileei begira, oso garrantzitsua da mugikortasuna berrantolatzea eta kaleen birjabetzea. Fokua oinezkoetan eta bizikletan dabiltzan pertsonengan jartzea proposatzen du kooperatibak: "Erakundeek bizikleten aldeko politika publikoak egin eta kaleak eta plazak polibalenteak izatea bultzatu beharko genuke (jolasteko, eserita egoteko, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko, bizitza kalean egiteko…). Kalea ez da kontsumitzeko bakarrik izan behar; arteak, harremanek edota kulturak ere tokia izan behar dute kalean. Kontsumo-eredua eta energia-eredua birpentsatu behar dugu gure herriak berdiseinatzean. Itxialdi garaian konturatu gara, esate baterako, zenbat bidaia eta kontsumo egin dugun alferrik. Burujabeago izateko, turismo ereduan eta aisialdi ereduan ere pentsatu behar dugu. Deshazkunde honetan, azpiegituren logikan elkarlana planteatu behar dugu. Espazio publikoak, kaleak eta plazak desegituratuak izan behar dute, bai haurrentzako eta baita helduentzako ere”.