Iñigo Orteaga | Antzerkilaria
Inoiz galdetu izan didate: “Seme-alabak izateak bizitza aldatzen al dizu? Nik betikoa izaten jarraitu nahi dut, ez dut ezer aldatzerik nahi eta familia izateak....”. Eta nik erantzuten diet: “Bada, ez seme-alabarik eduki, ez ezazu horrelako aldaketa zoragarririk egin bizitzan“.
Ostirala da, martxoak 8, greba eguna, ikastolarik ez duten bi seme-alabaren aita naiz, bere burua feministatzat duena. Mugimendu iraultzaile honek ez al gaitu aldaraziko? Baietz espero dut. Aita izateak ere bizitza aldatzen dizu, eta nola, nire kasuan.
Aita izatearekin batera, nire lehen alabaren jaiotzarekin, antzerkiaren bitartez hezitzaile izatera pasa nin-tzen. Pasaian, arte eszenikoen eskola martxan jartzeko erronka eskaini zidaten eta aurten 8 urte bete ditu. Horrek ere esparru askotan aldaketa dezente ekarri zituen nire bizitzan eta baita, nola ez, kulturarekiko nuen begiradan eta harremanean ere.
Kultura edo sorkuntzaren munduan nabilela ez dira urte asko, baina nahikoa, artea, bizitza modu askotara ikusteko leiho zoragarri bat dela deskubritzeko. Zorionez, nire lehen pausoetatik eredu hegemonikoetatik aldentzen ziren lagunekin sortu eta lan egiteko aukera izan nuen. Atzerrian ikasteko eta artearekiko nire sentsibilizazioa sustatzeko aukera eskaini zidaten.
Atzerritik bueltan, lan esperimentaletan eta sorkuntza lengoaia berrietan edo ohikoetatik urruntzen direnetan murgiltzen ari nintzela, jaio zen gure lehen alaba, eta berarekin aldaketa, noski.
Alabarekin, eta batez ere, bere sozializazioarekin batera hasi zen nire aldaketa edo egokitzapena. Nork esan behar zidan niri herriko pertsona haiekin sozializatu behar nuela? Bere seme-alabekin batera inoiz espero ez nukeen antzezlanak ikusten eta ospatzen egongo nintzela? Sekula gustuko izan ez ditudan abestiak kantatu eta dantzatuko nituela!....
Bai, berriz diot, seme-alabek zorionez bizitza alda-tzen dizute. Nire kasuan toleranteago bihurtu nin-tzen. Seme-alabekin batera, lanean, ikasleei entzunaz, ulertu bainuen, adin jakin batzuetan partaide izatea oso garrantzitsua dela, besteak bezala izan nahi dutela, inork ez duela baztertua izan nahi. Zuk nola ez, maite duzun kultur aniztasuna eskaintzen jarraitzen duzun arren, espero eta gustuko ez dituzun eredu hegemonikoak etxean sartzen zaizkizu. Zer esanik ez literaturan, musikan, eta ikus-entzunezkoetan... Eta horien aurka egitea oso zaila eta gogorra da, beraz onartu egin nituen, eta ikasten saiatu.
Alabak ekarri zuen, zorionez, irakurtzeko zaletasuna nire mundura. Nik, onartu behar baitut, aita izan aurretik irakurtzeko oso ohitura gutxi nuela. Etxean telebista ez izatearen erabakiarekin batera, oso txikitatik maite izan ditu alabak ipuinak, klasikoak eta ez hain klasikoak: Teoren bilduma guztiarekin gozatu dugun bezala, Liesbet Slegers-en Kattalinen munduarekin ere izugarri ikasi dugu. Makilakixki edota Patxi errementaria bezalako hamaika klasiko behin eta berriz irakurtzen ditugun bezala, Printzesek ere puzker egiten dute edota Daniela Pirata bezalako askorekin orduak igarotzen ditugu. Uxue Alberdi eta Idoia Beratarbideren Lur Beldur oso gustuko dugu, baita Iban Barrenetxearen Zurginaren Ipuina ere. Pinttoren ipuin musikatu guztiekin askotan lokartu gara. Ruben Ruizen Nora joan da argia? ere aipatu beharrekoa da. Minis bildumakoak eramaten ditugu gainean autobusean edo etxetik kanpo edozein tartetan irakurri ahal izateko, esan bezala literaturaren gozamena beraiekin berreskuratu baitugu eta plazer handiz bizi dugu orain denok etxean.
Arte eszenikoei dagokienez, etxeko txikienek oso gertutik bizi duten mundua da. Izan ere, ama dantza-irakasle dute eta ni antzerkilaria, eta lagun asko ditugu sektorean lanean. Ez dugu sekula Dejabu panpin laborategiaren lan bat ere galtzen, opari bat da Euskal Herrian horrelako talde bat izatea, euskaraz eta izugarrizko maitasunarekin sortzen duena. Nola ez Markeliñeren antzezlanak, denak. Xake produkzioaken Mami Lebrun eta Lur antzezlanak oso gomendagarriak. Gasteizko Teatro Paraisoko kideek beti egin izan dituzte lan oso interesgarriak, etxeko txiki-txikienentzat, urte batekoentzat, adibidez. Leioatik pasatzeko aukera izanez gero, Umore azoka izaten da urtero, eta bertan kale-antzerkia, zirkoa eta dantza emanaldi asko ikusteko aukera izaten da. Dantza garaikideko talde interesgarriak ditugu Euskal Herrian, Ertza, Cielo Raso, Olatz de Andres Lasala edo eta Organik bezalako taldeak, kasu.
Goazen! fenomenoa iaz sartu zen gure 5 urteko alabaren munduan. 5 urte baino ez eta nire amona El secreto de puente viejo-ra baino engantxatuago egon dira, alaba bezala bere lagun eta gelakide guztiak, noski.
Bestalde, txikitatik oso arrakastatsua izan da etxeko guztientzat Pippi galtzaluze, baita munduan ospetsuak izan diren hainbat film, horietako asko euskaratuak, zorionez: Shrek, Happy feet, Surfak zoratuak... Oarsoaldean iaz martxa jarri zuten ekimen oso arrakastatsuari esker, Zinema Txikia, hilabetero herrian zinema euskaraz dugu txikientzat, eta bertan ikusi ahal izan dituzte: Grufaloa, Nur, Ardiak eta Otsoak, Zikoinak, Ballerina... Ekimen honetatik azpimarratzekoa, ekoizpen lantaldeaz gain, herriko jendearen borondatearekin lortzen dela. Saioetara, Pasai Antxon behintzat, haurrak etxetik kuxin eta mantatxo batekin doaz, lurrean esertzeko, txutxe-rik eta gurasorik gabeko saioak baitira, eta oso giro jatorra lortzen da.
Etxean sorkuntza eta artearen edertasunarekin gozatzen dugu: liburutegira maiz goaz; erakusketa batean sartzeko aukera dugun bakoitzean sartzen gara; musika zuzenean entzuteko aukera dagoenean ez dugu galtzen, kalean zein oholtzetan; ipuin kontalaritza saio askotara goaz; familientzat eskaintzen diren dantza edo antzerki tailerretan parte hartzen dugu... Tradizionalak eta identitarioak diren herri ospakizunetan ere parte hartzen dugu eta balorea ematen diegu... Alegia, gure seme-alabei gu zoriontsuago sentiarazten gaituzten pasioak transmititzen saia-tzen gara. Haurren mundua entzun, ulertzen saiatu eta beraiekin gozatu. Zeren jaio zirenean, bai, berriro diot, bizitza aldatu, eraldatu eta baita irauli ere egin ziguten, bizitza zoragarriago bilakatuz. Eskerrik asko, familia!