Eszitazioa, kitzikapena, kitzikatzea... hiztegian agertzen diren hitzak dira, ongi definituta daudenak, baina egunerokotasunean apenas erabiltzen direnak. Ez da horretaz hitz egiten, ezta nerabeen artean ere. Nerabezaroan erantzun sexuala kontzienteki bizitzen hasten dira, esnatze erotiko honek dakarren guztiarekin. Ilusioa, aurkikuntza eta plazerarekin lotzen du eszitazioa Aitziber Estonba sexologoak, eta ikuspegi horretatik bizitzeko gakoak azaleratzen ditu.

Haurrak jaiotzen den unetik sentitu ditzake kitzikadurak, eszitazioa, eta lehen urteetan sentimendu horiek hor darraite: kilimak aluan, zakila tentetu eta abar. Nerabezaroan, aldiz, aldaketa bat gertatzen da: erantzun sexuala esnatu egiten da, kontzienteki bizitzen hasten dira, eta eszitazioarekin batera desio erotikoa sentitzen hasten dira. Une horretan emozio hori partekatzeko gogoa pizten da. Ilusioa eta aurkikuntza sentiarazten dien sentimendu berri bat sortzen da, zerbait berria nerabeentzat. Desira erotikoa azaltzen da eta horrekin batera esnatze erotikoa, garapen hormonalek bultzata.

Nerabeek erantzun sexual horren kontzientzia hartzen dute eta horren jabe egiten hasten dira. “Kontua da lotsarik eta kulparik gabe egin beharko liratekeela sentimendu horren jabe, plazerarekin lotuz”, dio Aitziber Estonba sexologoak. Eta hor dago erronka. “Naturak eman digun tresna honek zerbait polita baldin badu, hori plazera da. Plazer hori norberak bere gorputzarekin sentitzea oso bizipen positiboa da; norberak bere gorputzarekiko lotura lortzen du eta norberak bere gorputzarekin plazera sentitzea ere bai. Horrek autoestimua igotzea dakar eta gorputzari halako bultzada bat, feedback bat ematen dio: ‘zein ondo nagoen plazera ematen didan gorputz honetan’ esatea”. Beste une batzuetan beste gauza batzuk adieraziko ditu gorputzak (nekea, indarra, gosea, hotza, beroa, logurea...), baina aipatutako plazera ere bai momentu batzuetan.

Ilusioa eta deskubrimendua izan beharko lirateke nerabeek eszitazioarekin sentitu beharko lituzketenak sexualitatea modu osasuntsuan biziko badute, baina sarritan kulpa eta bakardadea ere agertzen dira. Estonbak dio gizartean orain arte ezkutuan gorde izanak eragina duela. “Normalean ez da eszitazioaz hitz egiten ez etxean, ez lagunartean, ez gizartean, oro har. Ondorioz, oso bakarrik eta isolatuta bizi dute esperientzia berri hau, kosta egiten zaie beraien artean ere partekatzea". Bibotea atera zaiela, ahotsa aldatu zaiela, bularrak handitu zaizkiela, genitaletan ileak atera zaizkiela... hori partekatzen dute, baina erotikarekin edo beraien esnatze erotikoarekin lotura duten gaietaz ez dute hain erraz hitz egiten, ez dute hain erraz partekatzen. Lagunen artean mito askorekin topatzen dira, eta baita komunikabideetako estereotipoekin ere, eta horrek ez die laguntzen. “Norbaitek beranduago sentitzen badu esnatze erotikoa gaizki sentitzen da, eta goizegi duena ere bai”.

Bakardadearekin batera kulpa ere agertu daitekeela dio Estonbak: “Gaur egun pornoa masiboki iristen da. 10-12 urterekin oso eskura dute eta bideoak jasotzen hasten dira. Agian ez dituzte propio bilatzen eta besterik gabe iristen zaizkie whatsappetik edo beste zerbait ikusten ari direnean. Bideo hori ikusten dutenean beraien gorputzak erantzun fisiologiko bat dauka —dela fluxua, dela zakilaren tentetzea, dela beste zerbait— eta bi emozio nahastu ohi zaizkie: eszitazioa eta kulpa, badakitelako beraien adinerako egokia ez dena ikusten ari direla. Bideoarekin eszitatu egiten dira, eszitazioa zerbait positiboa da, baina ez daukate onarpenik. Eta horrek kulpa sentiarazten die”.

Kulpa horrek baino indar handiago eduki beharko lukete esnatze horrek ekarri ditzakeen alderdi baikor guztiek: dela gorputzaren esploratzea, dela plazeraren esploratzea, horrekin gozatzea... “Azken finean, eszitazioa, desioa eta orgasmoa gorputzean gertatzen dira eta horrek lotura handia ematen du gorputzarekin. Eta, gainera, bitarteko polit batekin: plazerarekin”, dio Estonbak.

Intimitatearen mugetan laguntzen
Alderdi atsegin hori bultzatzeko, hasteko, izena jarri behar zaio, sentitzen den horri izena jarri eta ez epaitu. “Sarritan bromak egiten dira gaiaren inguruan, eta agian kalte egin dezake. Etxean pijama jantzita dagoenean zakila tente jartzen zaiolako barre egiten bazaio, adibidez, ez du laguntzen. Lehendabizi onartua dagoela sentitu behar du, barre horiek kalterik ez egiteko”, dio Estonbak.

Familiek aurretik landu dezaketen gaia da, momentuan zailagoa baita. Izan ere, behin nerabezaroan sartuta, gai horiekin lotutako ate asko ixten dituzte nerabeek. “Edonola ere, beste keinu batzuekin adierazi diezaiekegu gure ateak irekita daudela etxean”, azaltzen du sexologoak. “Adibidez, nerabezaroan gela bat baldin badauka beretzat, intimitatea sustatzen ari gara. Esan diezaiokegu gelan goxo egon nahi badu kisketa ixteko eta orduan guk badakigula ezin dugula sartu. Guraso bezala ez gaitezen sartu edozein momentutan arropa uztera, esate baterako. Nolabait adierazi etxean berak badaukala bere espazioa”. Hor gainean egon, baina intimitatea errespetatuz. Hor dago muga.

Nerabezaroaren aurretik hitz egiteko aukera baliatzearen aldekoa da Estonba. Ateak itxi aurreko unea probestearen aldekoa. “Ez da eseri eta eszitazioari buruz hitz egin behar besterik gabe. Beste modu batera landu daiteke. Esate baterako, 6-9 urterekin etxean daudenean eta gorputzaren erantzunak daudenean (kilimak aluan...) izena jartzen joan gaitezke. Orokorrean ez daude nerabezaroan bezain itxiak eta hori guztia barneratzen joaten dira”. Era berean, gurasoek euren iritzia eman dezakete hainbat mitoren inguruan, poliki-poliki mito horiek deseraikitzen joateko. Mutil nerabe batek semen isurketa izaten badu, bi arrazoigatik izan daiteke: gaueko isurketa delako edo masturbatu egin delako. Gai horietaz aurretik ez baldin badu inoiz hitz egin gurasoekin, zaila da esperientzia hori partekatzea bizi duen une horretan.

“Eta bada beste alderdi bat ere”, ohartarazten du Estonbak. “Haurrei, txikiak direnean, zerbait gaizki egiten ari direnean esan egiten diegu; bada, beraien gorputzarekin zerbait ona egiten ari direnean ere esan egin behar diegu: ‘zein ederra hori, zein gustura zauden zure gorputzarekin’. Normalean ez dugu esaten, ez dute horrelakorik entzuten. Zoriontasunari eta haserreari izena jartzen zaio, baina eszitazioari eta plazerari ez, edo askoz gutxiago. Plazerak ez dauka bere tokia oraindik gizartean”. Tokia izan dezan, beraz, izena jartzea da lehendabiziko urratsa, eta horretaz hitz egitea eta partekatzea hurrengoa.