Nerabeek eta gazteek uste duguna baino gehiago irakurtzen dute.

 

Nerabeek eta gazteek uste duguna baino gehiago irakurtzen dute Mireia Delgado pedagogo eta literatur-bitartekariak dioenez. Helduoi dagokigu askotariko liburuak haien eskura jartzea eta irakurketa erraztea.

 

Maiz entzuten dugu nerabeek eta gazteek gutxi irakurtzen dutela, baina Mireia Delgado pedagogoa, literatur bitartekaria, ipuin kontalaria eta Galtzagorri elkarteko kidea ez dator bat baieztapen horrekin: “Baieztapen zabalegia dela esango nuke. Hasteko, irakurtzea zer den galdetu beharko genioke geure buruari, zer irakurtzeari ematen diogun irakurketa balioa eta zeri ez. Nik esango nuke baietz, gazteek irakurtzen dutela eta esaten dena baina dezente gehiago irakurtzen dutela. Helduak zirikatzea ere gustatzen zait haiek gazteak ziren garaiarekin alderatuta nolako aldea ikusten duten galdetuz; izan ere, memoriak traizionatu egiten gaitu eta guk gehiago irakurtzen genuela pentsatzen dugu, baina nik uste dut ez dela hala”.

Irakurtzeari buruzko uste okerrak ere alboratu egin beharko genituzke. Izan ere, zer da irakurtzea? Eleberri mardulak irakurtzea soilik? Ez du halakorik uste Delgadok: “Eskura dutena irakurtzen dute nerabe edo gaztetxo askok. Batzuek agian zuzenean gazteentzat eginak ez diren obrak irakurtzen dituzte, beste batzuek aldizkariak, beste batzuek jokoetako jarraibideak, beste batzek mugikorreko whatsappa… Eta obra bitxiak eta ezezagunak ere irakurtzen dituzte”.

 


Eskura dutena irakurtzen dute nerabe edo gaztetxo askok. Batzuek agian zuzenean gazteentzat eginak ez diren obrak irakurtzen dituzte, beste batzuek aldizkariak, beste batzuek jokoetako jarraibideak, beste batzek mugikorreko whatsappa… Eta obra bitxiak eta ezezagunak ere irakurtzen dituzte

Mireia Delgado, pedagogoa, literatur bitartekaria, ipuin kontalaria eta Galtzagorri elkarteko kidea


 

Eduki horietako asko erdaraz jasotzen dituzte, baina adin tarte horretan euskaraz irakurtzeko nahikoa eskaintza badela dio Delgadok: “Gehiago egongo balitz hobe, baina egon badago. Lan zoragarriak eta askotarikoak daude, ez soilik eleberriak. Batzuetan komikiak irakurtzen dituzte eta baita album ilustratuak ere”. Izan ere, album ilustratuak haur txikientzat soilik direla pentsatzen baldin badugu ere, beste literatur lan guztien moduan, edozein adineko pertsonentzat dira aproposak: “Nerabeen eta gazteen kasuan album ilustratuak baztertu egiten ditugu eta pena handia da. Galtzagorri elkartean oso temati gaude gazteei album ilustratuak eskaintzearekin eta izugarri gustatzen zaizkie. Beste irakurketa mota bat da, irudiak ere irakurri egiten direlako, eta askotan gu baino trebeagoak izaten dira irudiak irakurtzen”.

 

Autonarrazioaren bila


Gehien gustatzen zaizkien liburuak edo gaiak zein diren zehaztea ez da erraza. “Badira komiki zaleak, misterio zaleak, denetik dago. Baina helduok bilatzen dugun gauza bera bilatzen dute irakurketarekin. Izan ere, behar gizatiarra dago irakurketaren atzean: autonarrazioaren beharra. Fikzio eta istorio horietan gure autonarrazioen bila sartzen gara. Askotan esaten dugu distraitzeko irakurtzen dugula, baina harago doa: istorio horiek irakurri ahala egoera horietan zer egingo genukeen galdetzen diogu geure buruari edo pertsonaia jakin bat zeinen gaizki erortzen zaigun pentsatzen dugu… Liburuko eszenek, pertsonaiek eta paisaiek gure autonarrazioa osatzen laguntzen digute eta gauza bera gertatzen zaie gaztetxoei”.

 


Liburu bat ematen baldin badiezu eta, besterik gabe, irakurtzeko proposatzen baldin badiezu, ez duzu arrakasta handirik izango, baina liburua aurkezten baldin badiezu, izenburuaren gaineko iruzkinen bat eginez, trama aurrez oso ongi azaltzen baldin badiezu edo irakurketan topatuko dituen zailtasunak aurreratzen baldin badizkiezu… Horrek guztiak irakurketan gustura murgiltzera bultzatuko ditu

Mireia Delgado, pedagogoa, literatur bitartekaria, ipuin kontalaria eta Galtzagorri elkarteko kidea


 

Aldez aurretik liburuaren erreferentziarik baldin badute, irakurketan murgiltzea errazagoa izango dela eta aurkezten zaizkien irakurgaiak askoz ere gusturago hartzen dituztela dio Delgadok: “Liburu bat ematen baldin badiezu eta, besterik gabe, irakurtzeko proposatzen baldin badiezu, ez duzu arrakasta handirik izango, baina liburua aurkezten baldin badiezu, izenburuaren gaineko iruzkinen bat eginez, trama aurrez oso ongi azaltzen baldin badiezu edo irakurketan topatuko dituen zailtasunak aurreratzen baldin badizkiezu… Horrek guztiak irakurketan gustura murgiltzera bultzatuko ditu”.

 


Helduok bilatzen dugun gauza bera bilatzen dute irakurketarekin. Izan ere, behar gizatiarra dago irakurketaren atzean: autonarrazioaren beharra

Mireia Delgado, pedagogoa, literatur bitartekaria, ipuin kontalaria eta Galtzagorri elkarteko kidea


 

Promozio handia duten liburuak haien eskuetara errazago iritsiko direla pentsatzea ohikoa bada ere, ahoz ahokoak ere indar handia du nerabeen artean: “Lagunek eta ingurukoek irakurtzen dutena heltzen zaie eta horregatik da oso garrantzitsua helduok etxean eta ikastetxeetan askotariko liburuak haien eskura jartzea eta irakurketa erraztea”, dio Delgadok. Izan ere, ahaztu egiten dugu irakurketa zaila dela eta bizitzen ari garen momentuaren arabera joera bat edo beste izan dezakegula. Nerabezaroa aldaketa asko bizi diren garaia da eta irakurketa aterpea izan daiteke Delgadok dioenez, baina hori erraztu egin behar da: “Irakurketa txoko guztietan defendatu nahi dut. Ikastetxe batzuetan ezin dituzte jolasgaraian liburuak gelatik atera eta horren kontra nago. Zergatik ez diegu utziko liburuak eskura izaten?”, galdetu du Delgadok.

 

 

Negurako gomendioak

 

Lau nobedade aurkeztu ditu Mireia Delgadok:

Hamar marra

Iraitz Lizarraga  eta Izaro Lizarraga, Txalaparta. Album ilustratua

Amonaren buruko matazak, amonaren zimurrek, amonaren negarrek badute istorio bat gorderik. Memoria ariketa poetikoa da Lizarragatarren Hamar marra eta korapiloak askatzea du helburu, denek egia ezagutu dezaten.

Zurtz

Yolanda Arrieta Malaxetxeberria, Denonartean. Eleberria

Katik jakin-min handia dauka baina ez du eskola maite eta zurtz sentitzen da. Gari umezurtz-etxe batean hazi zen. Laurogei urte dauzka, baina pirata bat dirudi bere belarritako eta mototsarekin. Artista askeadela esaten du, eta ez duela inoiz zergarik ordaindu. Katiren aitak gela bat jarri dio ganbaran.

Medium

Etxeberriak eta Iñaki Holgado, Elkar. Komikia

Komikia. Sara Hazparne izeneko neska espiritista batek alargun aberats baten heriotza aurreikusten du. Handik gutxira mamu batek hilko du eta krimena ikertzen hasiko da kartzelatik salbatzeko.

Klase sozialak badira

Equipo Plantel eta Joan Negrescolor, Txalaparta. Album ilustratua

Testu hau 1978an argitaratu zen lehen aldiz. Ordutik, gauzak asko aldatu dira, baina pertsonen artean ezberdintasun material handiak daude oraindik, eta oraindik ere hitz egin dezakegu klase sozialei buruz. Eta, klase sozialak dauden bitartean klase borroka egongo da.

Nobedadea ez den arren, beste liburu hau ere gomendatu du Delgadok:

Queen Kong

Helene Vignal, Elkar. Eleberria

Bere sexualitatean libre arakatzen duen emakume gazte baten askatze eta burujabetze ariketa. Punta zorrotzez idatzitako testu gordin bezain sentsuala. Miren Agur Meabek egin du itzulpena.