Gizarte ereduak arazo ugari sortzen dizkigula dio Izar Arregi psikologoak.

 

Gizarte ereduak (bai nerabeei eta baita helduoi ere) arazo ugari sortzen dizkigula dio Izar Arregi psikologoak. Bakardadea saihestea da arazo horiei aurre egiteko gakoetako bat.

Haurren eta nerabeen buru osasunari buruz asko hitz egiten ari da azkenaldian. Segurtasun falta, bullying arazoak... eguneroko gai bihurtu dira askorentzat. Horiei aurre egiteko gakoei buruz aritu da Izar Arregi.

 

Zein dira nerabeak psikologoarengana joateko arrazoi nagusiak?

Gaiak askotarikoak izan daitezke: lagunekin zerikusia duten gaiak, elikadura nahasmenduak, tristura, konplexuak eta segurtasunik eza, gurasoen banaketa… Nerabeek gurasoekiko indibiduazio prozesua gauzatzeko zailtasunak izaten dituzte askotan.

 

Pisu handia hartzen dute nerabezaroan autoestimuak eta autokontzeptuak , ezta?

Nerabeak etengabe ari dira euren buruari galderak egiten: “nor naiz ni?”, “zenbat balio dut?”, “zer nahi dut?”. Lasaitasun mezua eman behar zaie, euren bidea topatzen joan daitezen. Bestela, beldurrez eta antsietatez esploratuko dute nerabezaroa.

 


Nerabezaroan beti daude arriskuak, batik bat komenigarria ez den laguna edo bikotekidea topatzen badute


 

Eta, batzuetan, arrisku handiko jarrerak hartzera ere irits daitezke.

Bai. Nerabezaroan beti daude arriskuak, batik bat komenigarria ez den laguna edo bikotekidea topatzen badute. Norberaren eboluzioan, oinarria ona izan arren, beharbada gorabehera zailak gerta daitezke, baina askoz aukera handiagoa dauka aurrera ondo ateratzeko familia giro ona eta balio lanketa egokia izan dituenak.

 

Datuek diotenez, ugaritzen ari dira haurren eta nerabeen depresio arazoak, segurtasun faltak, bullying arazoak… Zergatik?

Estatistiketan kopuruek gora egiten dute etengabe. Depresioak eta jokabide inpultsiboak, nork bere buruari min ematea edo dena berehala nahi izatea, adibidez, asko ikusten ditugu. Gizarte eredu honen gaitzak dira, mugikorrari lotuta eta bakoitza berea zaintzen bizitzeak dakartzan arazoak. Komunitatearen babesa galtzen ari gara; taldeak eskaintzen duen kidetasun sentimendu hori galtzen ari gara, eta oso beharrezkoa eta lagungarria da kidetasun edo komunitate sentimendua izatea, nerabeentzat bereziki. Sare sozialetan agertzen den “beti pozik” jarrera hori, berriz, mingarria da nerabeentzat.

 


Asperdura bultzatu behar dugu. Aspertzen jakitea dohain bat da, eta, gaur egun, zoriontasunerako giltza da gazteen artean.


 

Sare sozialek asko eragiten diete nerabeei.

Izugarri. Azken lauzpabost urteetan, ikaragarri igo dira elikadura nahasteak, sare sozialen eraginez. Lehen, anorexia kasu asko ikusten genituen, baina, orain, are gehiago dira, ikaragarri igo baita gorputzaren kultua, baita mutilen artean ere; nerabeen artean gorputzaren eta indarraren idealizazioa ikusten ari gara. Mugikorraren beste arriskuetako bat bat-batekotasuna da. Gaur egun, nerabeek ez dakite zain egoten, dena berehala behar dute, eta bizitza ez da horrelakoa.

 

Horren guztiaren aurrean, zer balio sustatu beharko genituzke?

Asperdura bultzatu behar dugu. Aspertzen jakitea dohain bat da, eta, gaur egun, zoriontasunerako giltza da gazteen artean. Bultzatu beharreko beste balio bat esfortzuarena da, eta, esfortzuaren barruan, itxoitearen indarra ere aipatuko nuke.

 

Gero eta haur eta nerabe gehiagok hartzen dute medikazioa arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduagatik edo bestelako arrazoiengatik. Noiz da beharrezkoa medikazioa?

Diagnostikoa ondo egin beharko genuke. Diagnostikoa ondo eginda badago eta nerabe horrek neurotransmisore bat gutxiago badu, beharrezkoa izango da beti medikazioa erabiltzea, diabetiko batek intsulina behar duen bezalaxe.

 


 

Zerk egiten gaitu zoriontsu?

Aspertzen jakiteak, erlatibizatzen jakiteak, gure izaeraren arabera bizitzeak… zoriontsu egiten gaituela dio Izar Arregik: “Gauza batek edo bestek egin gaitzake zoriontsu, baina, gehienetan, bakarrik ez sentitzeak egiten gaitu zoriontsu, familiari zentzua topatzeak, egiten dugunari eta bizitzeko dugun estiloari zentzua topatzeak. Pentsatzen dugu ongi pasatzeko zenbat eta une gehiago izan orduan eta zoriontsuagoak izango garela, baina ez da horrela; batzuetan gustura egoteak edo barrez aritzeak ez du esan nahi zoriontsu garenik. Bakardadea saihestu behar dugu, eta kidetasun sentimendua indartu behar dugu, bakardadea baita dugun arazorik handiena”.