COVID-19aren eraginez, haurdunak bakarrik joan behar dira haurdunaldi-prozesuko hitzordu medikoetara; beste haurdunekin bizipenak aurrez aurre eta taldean partekatzea zaildu dute online ikastaroek eta erditze-ostean ere murriztuta daude talde bilerak eta bisitak. Horren guztiaren aurrean akonpainatua sentitzearengarrantzia azpimarratu du Haizea Barandiaran psikologo perinatalak.

Muturrekoa da haurdunak bizitzen ari diren egoera. Fokua erditzean jartzen da,  une hori hain modu ez naturalean bizitzeak fokua hor jartzera garamatzalako. COVID-19aren aurretik ere prozesuari baino gehiago erditzeari begira egoten ziren haurdun asko, eta orain musukoarekin erditu beharrak areagotu egin du erditzearekiko kezka. Baina horrek ez du esan nahi prozesua ongi bizitzen ari garenik.Dagoenarekin konformatzen ari dira emakumeak, prozesua bidelaguntzarik gabe bizitzen, baina horrek ez du esan nahi behar bezalako akonpainamendua badutenik eta ongi daudenik”. Haizea Barandiaran psikologo perinatalaren hitzak dira. Haurdunaldian, erditzean eta erditze-
ostean haurdun dagoen emakumea bakarrik ez sentitzearen garrantzia azpimarratzen du. “Bizitzen ari garen garaiak eta osasun-sistemek ez badigute bermatzen prozesua akonpainaturik bizitzea eta modu natural batean elkartzea, egoerak eskatzen du norbanakoaren ariketa kontziente bat egitea taldea, sarea edo akonpainamendua bilatzeko”.

34. HAZI HEZIn eman zuen bizi izan zuen bakardadearen lekukotasuna Nerea Gonzalez bilbotarrak. Erditze ostea konfinamendu garaian eta bakarrik bizitzeak ekarri zion depresioaren berri eman zuen “ eta neurriak har daitezela” eskatzen zuen. Geroztik indartu dituzte osasungintzek erditze-osteko arretak, baina hala ere, bistakoa da COVID-19aren garaiko haurdunaldi, erditze eta erditze-
osteak modu isolatuagoan bizitzen ari direla emakumeak COVID-19aren aurreko garaietan baino. Hitzordu medikoetara haurdunak bakarrik joan beharra izateak; erditze-prestaketetan beste haurdun batzuekin esperientziak aurrez aurre partekatu ezinak eta erditze-ostean ere bisitak mugatuak egoteak eragina izan dezake gurasoengan. Akonpainamenduaren garrantzia azpimarratu du psikologoak, inportantea zen COVID-19aren aurreko garaietan, eta zer esanik ez orain: “Amatasunak, barrutik zein kanpotik mugitu eta nahasten gaitu edonor, bai ama eta baita beste gurasoa ere. Haur bat izatea, iraultza bat da, abentura bat. Zailtasunak, beldurrak, nekea eta zalantzak agertzen dira, baita asebetetasuna eta alaitasuna ere, baina ez dago amatasun lasairik ez eta perfekturik ere. Orokorrean, bidelaguntzak haurdunek sentitzen dituzten emozioei hitzak jartzea ahalbidetzen du, bakarrik ez daudela ohartzen dira”.

COVID-19a egote hutsak are zaurgarriago egin dezake lehendik ere sentibera den prozesua, birusaz kutsatzeko arriskuak eta beldurrak handicap emozional bat gehiago ekarri baitio prozesuari. Barandiaranen arabera, haurdunaldia hain medikalizatua eta kontrolatua egoteak berak, prozesua arriskuz betea ikusaraz dezake: “Teknologiaren aurrerakuntzak ekarri duen gainbegiraketa oso positiboa dela uste dut, baina, badu bere alde ez hain positiboa ere, haurdunaldiaren prozesua hauskorra eta zaurgarria izaten denaren susmoa sortu dezake”. Eta psikologoaren arabera, COVID-19ak zaildu egin du sentimendu hori, bai mediku bisitetara bakarrik joan beharra izaten ari den emakumeari urduritasuna areagotzen zaiolako eta baita hitzordu medikoetatik kanpo gelditzen ari diren bikotekideei ere: “Bikotekidearen presentzia izateak, egoera sostengatzen laguntzen die haurdunei. Haurdunaldia normaltasunez doanean, mediku bisitek efektu lasaigarria izaten dute eta gozatzeko bidea irekitzen dute. Baina ekografiek zein beste mediku frogek patologiak edo anomaliak daudela erakusten duten kasuetan, angustia handia sortzen da, eta bikotean egoerari eustea errazagoa da”. Halaber, aurrerakuntza teknologikoek ekarri dute ginekologoak egiten dituen ekografiak in situ ikustea une esanguratsu bilakatzea bikotearentzat guraso izateko prozesuan, eta orain, protokoloek bikotearen presentzia baimentzen ez duten honetan, haurdun ez dauden gurasoak bisita horietatik kanpo gelditzeak baduela ondoriorik uste du Barandiaranek: “Ekografiek, haurdunaldia erreala denaren kontzientzia hartzea ahalbidetzen dute, haurrari izatea ematen laguntzen dute eta gurasoek egoera berria asumitzea eragiten dute. Haurra imajinatzea eta berarekin fantaseatzea ahalbidetzen dute, lehen atxikimendu loturak  sortzea sustatuz. Protagonista ama dela esaten bada ere, haurraren bizitzan ama zein beste gurasoa oinarrizko figurak dira eta ekografiek edota haurraren bihotza entzuteak beste gurasoarengan ere eragin zuzena daukate, bai haurraren izatea eraikitzeko eta baita harekiko atxikimendu harremana ezartzeko ere”.

Osasun-protokoloek bikotearen presentzia galarazi duten garaiotan, Barandiaranek funtsezko jotzen du galera hori beste era batean asebetetzea, baita bikotetik harago, beste haurdun batzuekin COVID-19aren ondorioz parteka ezin dituzten denbora eta espazioak ordezkatzea ere. Izan ere, haurdunaldi-prozesuan emakume askorentzat hain garrantzitsu izan diren ikastaroak aurrez aurrekoak izatetik online formatura pasa dituzte osasun-etxe gehienek, eta aldaketa horrek taldearen akonpainamendua baldintzatu egiten duela uste du Barandiaranek: “Haurdunaldiko ikastaroek erditzearen prestakuntzarako informazioa ematetik harago, haurdunak bizitzen ari diren esperientziak elkarbanatzeko aukera eskaintzen dute. Egoera berdinean dauden beste emakumeekin norberaren beldur edo bizipenez hitz egiteko espazioak izateak, beldur eta larritasun sentimendu horietatik askatzea eragiten du". Terapeutikotzat jotzen ditu psikologo perinatalak beste emakumeekin partekatzen diren une horiek. Ordea, erditze-prestakuntzak onlinera pasatzeak harramanak egitea zaildu duela ikusten du psikologoak, beraz, harreman horiek on egingo dietela sumatzen duen emakume nahiz bikoteak berariaz eta kontzienteki bilatu ditzala gomendatzen du psikologoak.

Erditzeen kasuan, 80etatik hona emakume eta emaginek egin duten lanari esker lortu da haurdunak beraiek aukeratutako pertsonarekin partekatzea erditzea. Babesak argiki demostratu du erditzeen baldintzak hobetzen direla, Barandiaranek gogoratu duen eran: “Erditzean, haurdunak etengabeko akonpainamendua izan beharko luke. Ikerketek adierazten duten bezala, laguntza honek anestesia farmakologikoen, erditze instrumentalen, zesareen eta episiotomien intzidentzia gutxitzen du”. Barandiaranek nabarmentzen du haurdun bakoitzak erditze-momentuko bidelaguna aukeratzeko askatasuna izan behar duela, “dela bikotea, dela familiarteko bat, lagun bat... Helburua, erditzearen prozesua errespetatzea litzateke”. COVID-
19aren garaian ere erditzearen akonpainamendua zaindu beharra nabarmentzen du, jakinik ere ospitaleetako kudeaketa konplexua dela, “garrantzitsuena fokoa haurdunean (eta beste gurasoarengan) eta haurrarengan jartzea beharko luke izan”.

Erditze-ostean ospitalean igaro behar diren ordu edo egunak une gorabeheratsuak izan ohi dira berez, “erditze-ostean, haurrarekin lehen egunak, gutxienez, ‘arraro samarrak’ direla esan dezakegu. Amek zoriontasuna sentitzeaz gain, maiz, tristura, haserrea, beldurra, ziurgabetasuna, urduritasuna, desilusioa, etab. ere pairatzen dituzte”. Bikoteaz gain, lasaigarri izango zaion adiskidearen bisita, edo ahizparena edo amarena biziki lagungarri izan daitezke erditze ostean emakumearentzat. Haatik, haurra jaio eta hilabeteetan lagun eta senideen bisitarik gabe egon dira herri ezberdinetan bizi ziren familia asko, eta horrek zenbaiten kasuan zaildu egin dezake esperientzia. “Gaur egun, gurasoak bakarrik egon ohi dira jaio den haurrarekin. Askotan, ez da egoten ondoan beste pertsona heldu bat, zeinekin nekearen edo arduraren inguruan hitz egin daitekeen. COVID-19aren garaian, areagotu egin da egoera hau. Etxean egoteak eta haur baten zaintzaren ardura izateak, gainezka egitearen edo klaustrofobia sentimenduak ekar ditzake, izan ere, babesgabea den haur baten aurrean aurkitzen dira. Hori guzti hori jasangarriagoa izango da baldin eta amak babesa baldin badauka, sarea baldin badauka, beste amekin kontaktua badu, hitz egin eta esperientziak elkarbanatzeko aukera badu, eta are gehiago COVID-19aren garaietan”.