Askatasuna omen gure paradisu, gure nirvana, gure utopia. Askatasuna hitzaren xarmak liluratzen gaitu nonbait. Baina, jakin ba ote dakigu zer den ere hori? Baldintzarik eta mugarik gabeko itsaso zabal bilakatu dugu gure imaginarioan, nahi dugun norabidean, nahi dugunean eta nahi bezala igeri egiteko aukera ematen digun espazio mugagabea. Baina itsaso zabalak ere baditu bere mugak; han ere badira gure norabidea baldintzatu dezaketen korronteak. Gure gorputza bera ere bilakatuko da gure mitoaren etsai, ez baita gai izango guk nahi bezainbeste, guk nahi bezala igeri egiteko.
Izan ere, egunak gaua bezala, ilunak izateko argia behar duen bezala, askatasunak ere, zerbait izango bada, mugaren beharra du, izateko arrazoi bat, izateko zentzu bat eskuratzeko. Gure mitoan leku gutxi badute ere, mugak askatasunaren eskutik joan ohi dira errealitatean. Arazoa da, Ane Ablanedo irakasle eta psikoanalistak zenbaki honetako elkarrizketa nagusian dioen moduan, “gure sisteman ez ditugula berez errealitate osasuntsu eta on batean berezkoak liratekeen mugak bakarrik, beste muga asko ditugula, oso sistema bortitzean, mugatzailean, autoritarioan... bizi garelako”. Eta muga oro baztertzera, muga oro negatiboa dela pertzibitzera eraman gaitu gehiegi mugaturiko gure errealitate horrek. Eta heziketaraino, gure haurren haziera-ereduraino eraman dugu pertzepzio hori. Ondorioz, direktibotasunean oinarrituriko heziketa eredu batetik, erabateko askatasunean, muga zerbait txarra den heziketa eredu batera egin dugu jauzi, eta “autorregulazioa eta askatasuna modu okerrean ulertzearen ondorioz, haurrari eskaintzen zaion laguntza oro direktiboa dela pentsatzera iritsi gara eta, ondorioz, ataka askotan haurra bakarrik utzi dugu”.
Antzeko ildotik mintzo da Alvaro Beñaran psikomotrizista ere eztabaidagaiaren atalean jasotako Haur helduak, helduen nahasmena hitzaldian. Zenbait haurrengan “egiturarik ez duten” portaerak ikusten ditu, “zer nahi duten, zer behar duten, zer komeni zaien” ez dakiten haurrak. Eta horien ondoan sarri heldu nahastu bat topatzen dute, “haurrari behar duen sostengua” eskaintzen ari ez zaiona: “Errealitatearekin bat datorren zentzu bat eman behar zaio umea egiten ari den horri. Kontua da ikusten ari garela zenbait helduk ez diotela ezer esaten haurrari, hau da, ez diotela zentzurik ematen umea egiten ari den horri eta dena uzten dutela umearen eskuetan, artean haurra horretarako gai ez denean. Beste hitz batzuetan esanda, ume horrek ez du erreferentziarik”.
Inguratzen duen errealitatea mugatuko duen, zentzu bat emango dion helduaren beharra du umeak, bi adituen irudiko. Oraindik erabat eraiki ez dituen gaitasunetan bere bidelagun izango den helduaren presentzia behar du, ez nahasteko. Ablanedok esaten duen moduan, ni sendo bat osatzeko, “emozionalki eta afektiboki sendoak izan eta etorriko zaien errealitateari aurre egiteko, beharrezkoak diren mugak gainditzeko eta dagokiena eskatzeko”.