Uda iritsi zaigu eta aisialdirako denbora gehiago izango dugu datozen asteetan. Baina horrekin batera, buruhausteak ere etorriko dira. Izan ere, kontziliazioa urtean zehar kontu zaila baldin bada, zer esanik ez opor garaian. Eta are gehiago guraso bakarreko familien kasuan. Nola moldatzen diren eta oporrak nola antolatzen dituzten jakiteko asmoz bildu gara bakarka ama izatea erabaki zuten bost emakumerekin. 

Egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoei buruz hitz egiten aurkitu ditugu hitzordura iritsi garenean. Urtean zehar kontziliazioa ez da kontu erraza izaten eta opor garaian, gehiago zailtzen da dena. Bakarrik egonda konplexua da zaintzaren puzzlea osatzea.  

Bakarka hartu zuten ama izateko erabakia Alazne Paramok, Bea Ibañezek, Kristina Carmonak, Izaskun Lertxundik eta Rebeca Gonzalezek. Bakoitzak bere berezitasunekin baina guztiek dituzte uda antolatzeko zailtasunak. 2 urteko umea du Paramok: “Uztailean eskolara joango da baina ezin ditut opor guztiak abuztuan hartu lankide batzuek ere hilabete hori behar dutelako. Beraz, denbora tarte batez haur eskolara joango da. Ez dut beste aukerarik”.

6 urteko alaba du, berriz, Ibañezek: “Orozkon bizi naiz, herri txikia da eta ez daude ama bakar gehiago. Nire gurasoak Bilbon bizi direnez, ezin didate lagundu eta dudan egoerara ahalik eta ongien egokitu naiz eta alabaren gelako amekin elkartu naiz”. Orain langabezian dago Ibañez eta errazagoa zaio alaba zaintzea. Carmona ere langabezian dago. Urtebete duen Miken ama da Carmona. Mikek osasun arazo bat du, eta Carmona langabezian dago semearekin egon ahal izateko: “Langabezian nago, nire diru-sarrerak murrizten ari dira eta logistika gero eta konplexuagoa da”.

Lertxundi Oierren ama da. 3 urte eta erdi ditu Oierrek: “Ama izatea erabaki nuenean Sopelara etorri nintzen nire gurasoak hemen bizi direlako, eta haiengana gerturatzeak asko erraztu dit egunerokoa. Etxeko lanak egiten laguntzeko neska bat dut etxean, baina horretarako dirua behar da. Lertxundik esperientzia desatsegina izan zuen iaz: “Medina de Pomar-era, Burgosera joan nintzen han gurasoek etxe bat dutelako. Semeak uztailean haurtzaindegira joateko aukera zuen bertan eta leku ideala aurkitu nuela iruditu zitzaidan. Nik telelana egin nuen eta Oier haurtzaindegira. Baina egokitzapen txarra izan zuen, lekua ez zuen ezagutzen, ez zitzaion gustatu eta niretzat irtenbide ona zirudiena ez zen inondik inora hala izan. Aurten errazagoa izango da Sopelan udalekuak daudelako. Udaletxeak antolatzen ditu, zozketa egiten dute eta hamabost eguneko egonaldia egokitu zaigu. Nik hilabeterako behar dut, ordea, eta azkenean beste udaleku batzuetan eman dugu izena. Garestiagoak dira eta horrek dena konplikatzen du, baina ez dugu beste aukerarik”.  


Hemendik gertu ibiliko gara eta denbora gurea bezalako familiekin partekatuko dugu


Alazne Paramo


Rebeca Gonzalez Lucasen ama da. Oierren adinekoa da Lucas, 3 urte eta erdi ditu. Urtean zehar kontziliatzeko dauden zailtasunak azpimarratu ditu Gonzalezek: “Ikaragarria iruditzen zait ikasturtean zehar ere kontziliatu ahal izateko umeek eskolan zortzi ordu baino gehiago pasa behar izatea. Hori da okerren daramadan gauzetako bat. Ez ama bakarren kasuan soilik, baizik eta orokorrean, sistema horrela antolatua dagoelako. Ordu asko dira eta ez duzu umearen gaineko inolako kontrolik. Egokitzen zaien pertsonaren eskuetan daude, beste 24 ume ere zaintzen dituen pertsona baten eskuetan. Eta uda iritsita konturatzen zara zein puntutarainokoa den eskolarekiko dependentzia. Nik, zortez, Lucasen adin bertsua duen iloba dut eta udan, koinatak eta biok umeen zaintzan laguntzen digun pertsona bat hartzen dugu. Baina horrek gastua dakar eta gero udalekuak daude. Donostian oso zaila da izaera publikoa duten horietara sartzea eta besteak garestiak dira. Kalkulua eginda, uztail osoa eta abuztuko aste bat hartuta, 600 eta 800 euro artean xahutuko ditut denera. Izugarria da. Kontziliazioa oso zaila da gure kasuan eta piezaren batek huts egiten badu, kolapsatuta gelditzen zara. Familiak laguntzen nau baina kosta egiten zait eskatzea, laguntza hori inoiz ez delako nik nahiko nukeen modukoa. Izan ere, nik laguntza eskatzen dudanean ez dut esaten gauzak nola egin behar diren. Ulertzen dut beste pertsona horrek ahal duen bezain ongi egingo duela eta, batzuetan, gauzak zuk nahiko zenukeen moduan ez direnean, barrenak nahasten zaizkizu. Antolatzea oso zaila da eta desgaste ekonomikoa, handia”.

Oporrak antolatzen
Euskadiko Ama Bakarren Elkarteko kide dira Paramo, Ibañez, Carmona, Lertxundi eta Gonzalez. Paramok ziur aski, elkarteko kideekin egingo du kanpinera joateko planen bat udan, Aste Santuan egin zuten moduan: “Alderdi ekonomikoagatik eta logistikagatik ez dut nire burua urrutira bidaiatzen ikusten. Hemendik gertu ibiliko gara eta denbora gurea bezalako familiekin partekatuko dugu”.

Ibañez furgonetarekin atzera eta aurrera ibili ohi da uztailean eta abuztuan. Kanpinera joaten dira beti: “Umearen eskolako amaren bat bilatzen saiatzen naiz, furgoneta duena. Aste betez joaten gara Galiziara, lagun batzuen etxera, edo beste nonbaitera. Uda urteko sasoirik zailena izaten da niretzat. 24 orduz egon behar duzu haurrekin asteko zazpi egunetan. Nik ere deskantsua behar izaten dut eta saiatzen naiz oporretara joaten garenen artean adin bereko umeak izan daitezen, nik ere denbora pixka bat edukitzeko eta gustura egon ahal izateko uneoro alabari begira egon gabe. Ekonomikoki ere hobeto ateratzen da, jakina”.

Oporrei begira jarrita, salaketa egin nahi izan du Carmonak: “Nik aurten astebetez edo bi astez joan nahi dut semearekin egun batzuk gozatzeko eta garestiago ateratzen da oporretara bakarka joatea bikotean joatea baino. Simulazioak egiten ditudanean ikusten dut beste heldu batekin joatea merkeago aterako litzaidakeela bakarrik joanda baino. Sinetsezina iruditzen zait”. 
Ama izan zenean elkartean sartu zen Lertxundi, lagun handiak egin ditu bertan eta oporretara lagunekin, elkarteko kideekin joaten da beti: “Lehenengo urtean Galiziara joan ginen, hurrengoan Lanzarotera, iaz Cadizera eta aurten Kataluniara goaz. Astebetez goaz beste ama batzuekin, haurrek elkar ezagutzen dute eta horrek dena errazten du”. Gonzalez Lertxundirekin batera joango da aurten Kataluniara. “Partekatzea eta egoera berean dauden pertsonen arteko sarea izatea oso ongi dago. Izan ere, gure adinean lagunek bikotea izaten dute edo familiarekin doaz oporretara eta ekonomikoki eta emozionalki babes handia ekartzen du partekatze horrek. Tribuan egotea errazagoa da beti”, dio Gonzalezek. Eta jarraitu du: “Hemen, Euskal Autonomia Erkidegoan, elkarteak aisialdirako ekintzen batzordea du eta irteerak antolatzen dituzte. Hilero antolatzen dute planen bat, baina oporrak guk antolatzen ditugu, ezagutzen ditugun pertsonekin. Dena den, elkar ezagutzen ez zuen ama talde bat Landetara joan zen eta oso gustura egon ziren. Normalean gauzak ongi joaten dira; jendea partekatzeko gogoz joaten da eta ez gatazka sortzeko gogoz”.


Garestiago ateratzen da oporretara bakarka joatea bikotean joatea baino
 

Kristina Carmona


Elkartearen babesa
Guraso bakarreko familien kopurua etengabe hazten ari da eta familia eredu horren alde egiten duten pertsonak Ama Bakarren Elkarteetan sartzea erabakitzen ari dira. Batez ere, borrokatzeko hainbat alderdi daudelako. Bakoitza bere beharretatik gerturatzen da elkartera eta aniztasun handia dago. Lertxundik aipatu du elkartea asko hazten ari dela eta ia herri guztietan dagoela elkarteko kide den amaren bat: “Hurrengo urteetarako erronka gure arteko elkar ezagutza bultzatzea eta gure artean laguntasuna sortzea da, elkartea gerora benetan babes sare bihur dadin. Zaintza beharra dugunean eta ongi pasatzeko beharra dugunean elkar laguntzeko aukera izan dezagun”.

Ibañezek elkartearen barnean dagoen aniztasuna azpimarratu du: “Asko gustatzen zait elkartean askotariko taldeak daudela ikustea: furgoneta dutenen taldea, mendizale taldea, 6 urtetik gorako seme-alabak dituztenen taldea, trukerako taldeak… Gai zehatz bati buruzko zalantzaren bat baldin badut, askotan taldeari luzatzen diot galdera eta beti jasotzen dut erantzunen bat. Familia moduko bat osatzen dugu, azken batean”.

Tribu izaera dutela azpimarratzen dute. “Nik beste baldintza batzuetan ama izan diren emakumeak ikusten ditut eta uste dut guk tribu izaera handiagoa dugula. Gure artean babes handiagoa dugu beste ama batzuek baino. Lehengo batean, adibidez, zinemara joan ginen eta ama bakarra ez den bat etorri zen gurekin. Zinemara joaten zen lehen aldia zela esan zigun”, aipatu du Lertxundik. Paramo harago doa: “Hazierarako ere, bikotea duten beste ama batzuek baino informazio gehiago izaten dugu askotan. Informazio asko pilatzen dugu denon artean”.

Elkartetik kanpora, berriz, tribua sortzeko zailtasunei buruz mintzatu da Ibañez: “Tribuari buruz hitz egitea oso polita da, baina oso zaila da tribua osatzea. Nik Orozkon Elkartasunaren Kabia izeneko elkartea sortu nuen kontziliazioa bultzatzeko helburuz, gai horretan denok antzera gabiltzala ikusi nuelako. Pentsatu nuen ongi egongo litzatekeela amak txandaka antolatzea: lau ama zortzi umeren kargu egitea, adibidez, eta beste lau ama horiek ordu batzuk libratzea. Niri ideia ona iruditzen zitzaidan baina oso zaila da. Jendeak proposamena begi onez ikusten duen arren, ez du halakorik egiteko pausorik ematen. Erresistentzia moduko bat dago eta oraindik asko kostatzen zaigu bai eskatzea eta baita ematea ere. Nik uste dut tribuaren kontzeptua ez dela existitzen. Edo, behintzat, oso jende gutxik lor dezakeela tribu izaera hori”.


Nik uste dut geuk ere, nahi gabe, geure burua desberdin ikusten dugula


Rebeca Gonzalez


Lertxundik uste du familiak hartzen duela gehienetan tribuaren izaera: “Lagunak alde batera gelditzen dira. Izan ere, jasotzeko peajea ordaindu behar da batzuetan, beste pertsona batzuek beste modu batera hezi dezakete, eta ez gaude prest hori onartzeko”. Elkartean, babes emozionalaz gain, laguntza juridikoa ere jasotzen dute. Horrela azaldu du Paramok: “Asko gara, gero eta ikusgarriagoak gara eta egoera hau bizi duen edozein amak asko eskertzen du gauza bera bizi izan duen edo bizitzen ari den jende gehiago dagoela eta laguntza emango diotela ikustea. Bidelaguntza handia da. Ez dugu lege-aholkularitzarik baina esperientziak egoerak sakonki ezagutzeko aukera eman digu”.

Haien artean jakintza handia pilatzen dute: hainbat lanbidetako emakumeak daude elkartean eta askotariko esperientziak biltzen dituzte. Emakumeen arteko zaintzaz, ahizpatasunaz hitz egiten da maiz eta ama hauek horren adibide garbia dira. Elkarteko kideen arteko maitasun sentimendua dagoela azpimarratu du Ibañezek, egoera bera partekatzeak sortzen duen sentimendua.

Haurrak, berdinen artean 
Haurrak elkarteko kideen gainerako seme-alabekin ongi moldatzen direla dio Gonzalezek: “Oraindik txikiak dira eta moldatzen dira. Gerora, 5-6 urterekin lagunak aukeratzen hasten direnean, zailagoa izango da eta, ziur aski, semeak aukeratu dituen lagunen gurasoekin egotea egokituko zait. Handiagoak diren haurren kasuan, nahiz eta txikitatik elkarteko lagunekin egon, gelako lagunekin planen bat ateratzen bada, nahiago izaten dute gelakoekin joan. Egunerokoa haiekin pasatzen dute eta normala da”.

Carmonak dio ama bakarren topaketak garrantzitsuak direla familia eredu bereko kasuak ezagutzeko: “Nire kasuan saiatzen naiz haurdunaldi subrogatuaren bidez haurrak izan dituzten familiekin elkartzen Mikek jakin dezan beste kasu batzuk ere badirela. Litekeena da bere gelan modu horretan jaio den bakarra izatea eta garrantzitsua da jakitea badirela beste ama baten sabeletik jaio diren beste ume batzuk ere. Jakin dezan ere hainbat familia eredu daudela. Hori etxetik landu behar izaten dugu bestela ez delako lantzen”.

Askotariko familia ereduak daudela naturaltasunez hartzea da gakoa, bereziak izateari uztea. Hala dio Gonzalezek: “Familia eredu anitzak daudela planteatu beharko litzateke eta guraso bakarreko familiak horien artean beste eredu bat baino ez direla. Baina nik uste dut geuk ere, nahi gabe, geure burua desberdin ikusten dugula. Beste familia eredu batzuk bizi diren naturaltasun berarekin bizi beharko genuke”.


Uste dut guk tribu izaera handiagoa dugula. Gure artean babes handiagoa dugu beste ama batzuek baino
 

Izaskun Lertxundi


Zentzu horretan zortekoa dela dio Lertxundik: “Oierren gelan aniztasun handia topatu dut: guraso bakarreko hiru familia, banatutako bikoteren bat, berriro sortutako bikoteak… Semeak gertuen duen inguruan, beraz, aniztasuna dago baina, jakina, hori ez da leku guztietan gertatzen”. 
Aintzat har ditzaten borroka betean ari dira guraso bakarreko familiak Gonzalezek azaldu duenez: “Familia ugariek, adibidez, bere garaian borroka egin behar izan zuten aintzat hartu zitzaten. Gizartearen bilakaeraren parte da hori. Gu orain baztertuta gaude zoritxarrez legea beti gizartearen garapenaren atzetik doalako. Ateak zabaltzea egokitu zaigu eta ama bakarrek borrokarik egin beharko ez duten unea iritsiko da. Guraso bakarreko familiak aitortuko dituen legea behar dugu, juridikoki babesa izan dezagun eta gure eskaerek babesa izan dezaten. Hori urgentea da. Gero eta gehiago dira ama bakarka izatea erabakitzen duten emakumeak eta eraren batean arautu behar da hori guztia”. 


Tribuari buruz hitz egitea oso polita da, baina oso zaila da tribua osatzea


Bea Ibañez