Norbere prozesuen jabe egiteak eta kontzientzia hartzeak informatzea esan nahi du, informazio hori norbere iragazkitik pasatzea, sentipenei hitza jartzea eta bakoitzaren beharrak identifikatzea; baina baita ardurak eta erabakiak hartzea ere.  Haurdunaldiaren jabekuntzaz mintzo dira aldizkari honetako gai nagusian Estitxu Fernandez sexologoa eta Izaskun Zubizarreta emagina, baina hitz egin zezaketen erditzeaz ere, edota haurren hazieraz eta heziketaz nahiz familiako harremanez. “Zaila da haurdunaldiaren jabe egin ez den emakumea, erditzearen jabe egitea; zaila da erditzera konfiantzarekin iristea haurdunaldiaren jabe egiten ez bagara. Eta hazierarako ere oso desberdina da umea beldurrez hartzea edo konfiantzaz hartzea”, dio Fernandezek. Finean, norbere prozesuen jabe izatea eta kontzientziaz jokatzea bizitzaren aurreko jarrera bat baita.

Jabetzeak onurak dakarzkio andreari: “Jabetzeak ezagutzea dakar, konfiantza izatea eta erabakitzea; eta ez delegatzea, edo behintzat kontzienteki eta nahi duzun parte hori delegatzea”. Sarri, ordea, Elixabete Imaz antropologoak adierazi bezala, emakumeari ukatu egin zaio bere amatasunarekiko autonomia: “Autonomia kentzen digute, baina guk ere uzten dugu autonomia hori kentzen, erosoagoa zaigulako”. Eta autonomia, Montse Fabres hezitzaileak aldizkari honetan azpimarratzen duen moduan, ezin da exijitu —ez haurrei eta ezta helduei ere—, bakoitzak lortu beharreko zerbait da, horretarako prest dagoelako eta egin nahi duelako.

Izan ere, autonomia, kontzientzia eta erabakimena ez dira egun batetik bestera eskura-tzen. Haurra heltzen ari den heinean, autonomia irabaziz joango da, bere bidea egiten uzten bazaio, bere erritmoa errespetatzen bazaio eta txikitatik bere erabakiak onartzen bazaizkio: “Hezitzaileok haurrentzat ustez munduko proposamenik onena prestatuta ere, haurrak erabakiko du proposamen horretan parte hartzen duen edo ez. Ez ditugu inoiz behartuko”, Alfredo Hoyuelos NUPeko irakaslearen hitzak dira.

Eta haurrari, behartu gabe, erabakitzen utzi behar zaion bezalaxe, helduari ere erabakiak hartzeko eta bere prozesuen gaineko kontrola edukitzeko aukera eman behar zaiola aldarrikatzen dute emakumeek —adituek zein errespeturik eza azalean bizi izan dutenek— aldizkari honetan, horrela soilik saihestu ahalko baitira erruduntasunak, frustrazioak, sentsazio txarrak eta asebetetasunik eza.