SARDE SARDEXKA ELKARTEA
Sardetik sardexkarako bidea egiten dute jaten ditugun elikagai askok baina maiz ez dugu jakiten zer dagoen ahoratzen dugun horren atzean. Nola sortu da? Non ekoiztua da? Nork landatu edo landu du? Ingurumena errespetatuz sortua da? Ekoizleen lana balioetsi dugu? Lurra, ingurunea eta geure burua zainduko al ditugu produktu hori kontsumituta? Gai horien guztien gaineko sentsibilizazioa bultzatzea du helburu Sarde Sardexka elkarteak.
Nekazaritza eta elikadurari buruzko gaietan sentsibilizazioa bultzatzea, pentsamendu kritikoa eta elikagaien kalitatea ebaluatzeko gaitasuna bultzatzea, ingurunea zaintzen duten eta animaliak errespetatzen dituzten tokiko produkzioak ezagutzea eta lurraldeko ekoizle eta artisten arteko topaketak eta elkartrukeak bultzatzea. Horiek dira Sarde Sardexka elkartearen helburu nagusiak. Lapurditik egiten dute lan Euskal Herrira begira, baina Biarnon eta Landetan ere aritzen dira. 2014an sortu zuten elkartea Jenofa Irubetagoyenak eta Gabrielle ArreAHALDUNTZE ESKOLA se-Igorrek. Irubetagoyena enologoa da lanbidez eta atzerrian lanean aritu eta gero, Euskal Herrira itzuli zela kontatu digu: “Ardoaren inguruan formakuntzak eta animazioak proposatzen hasi nintzen. Publiko helduari zuzenduriko tailerrak ziren eta haurrak ere ukitu nahi nituen. Orduan hasi nintzen eskoletan gustu tailerrak proposatzen. Zentzu pizte tailerrak ziren, dastamenaren metodoa eta janarien deskubritzea azaltzen nuen bost zentzumenak erabiliz. Xerkatu nuen zer egiten zen hemen Euskal Herrian horren inguruan, eta nire lankideak haurrentzat gauza bera egiten zuela ikusi nuen. Elkar SARDE SARDEXKA ELKARTEA ezagutu genuen eta horrela sortu genuen Sarde Sardexka elkartea”. Helburu orokorra publiko zabala sentsibilizatzea da, elikagai osasuntsu, iraunkor eta eko-arduratsuari dagokienez. Eta horretarako hainbat proiektu garatzen dituzte. Horien artean 2020 urtean sortutako Lur Istorioak, adibidez: “Baserrietan ibiltzen gara eta familientzako gertakari txiki bat antolatzen dugu etxaldeko bizitza, animaliak, produktuak… ezagutzeko”. Elkarteren batek edo ekoizleren batek bere produktua beste era batera ezagutarazi nahi badu, horretarako euskarriak ere sortzen dituzte. Euskarriak eta materialak beharren arabera egokitzen dituzte, haiek sortzen baitituzte euskarri eta tresna pedagogiko guztiak. Proposatzen dituzten aktibitateen artean daude eskoletan egiten dituzten tailerrak.
Eskoletako tailerrak
Eskoletan hainbat tailer eskaintzen ditu Sarde Sardexka elkarteak eta doakoak izaten dira denak: “Diru laguntzak xerkatzen ditugu eta eskoletan programak urririk proposatzen ditugu. 2019an sortu genuen Elikekintza izeneko tailerra. Euskal Hirigune Elkargora jo genuen hastapenetan eta diruz lagundu gintuzten. Urtero emendatzen dute diru kopurua eta eskola gehiagotara iristen gara. Agence Régionale de la Santé-tik eta Departamendutik ere dirua jasotzen dugu”, azaldu digu Irubetagoyenak. Tailerretan 2. eta 3. zikloentzako ekintzak proposatzen dituzte, beti ere bertako produktuak eta bertako ekoizleak aintzat hartuta. Eskolak erabakitzen du epea: batzuek jarraian egin nahi izaten dute tailerra eta beste batzuek hilero egun batez egitea hautatzen dute. Guztia jolasen bidez egiten dute eta Irubetagoyenak eta Arrese-Igorrek eskuz sortutako materialak erabiltzen dituzte. Eskoletan eskaintzen dituzten tailerretan hainbat gai lantzen dituzte. Horien artean, elikadura. Tokiko barazki eta fruitu biologikoak proposatzen dituzte eta bost zentzumenak erabiliz aztertzen dituzte. Euskal Herriko produktuak dastatzeko tailerra ere egiten dute: “Ossau-Irati gasna, Ezpeletako piperra, euskal kinto txerria, eztia, sagarrak… dasta ditzakete. Adibidez, sagarra hautatzen badute, dastaketa tailerra egiten dugu eta ikusmena erabiliz sagarraren kolorea behatzen dugu, argitasuna… Usaimena erabiliz zein sagar mota den ezagutzen dute… Sagarra ezagutzeko eta dastatzeko prozesua egiten dugu. Hiztegia ere ainitz lantzen dugu”, azaldu digu. Elikaduraren eta osasunaren arteko loturari ere garrantzia ematen dio Sarde Sardexkak. Horretarako 2016an sortu zuten maletako jokoak erabiltzen dituzte, ziklo bakoitzean ezberdinak. Ingurumena, kontsumoa, ondare kulturala eta osasunaren gaiak lantzen dituzte, eta Irubetagoyenak azaldu digunez gai bakoitzeko bi jolas egiten dituzte: “Jolas guztiak bi familien inguruan sortu ditugu: Sarde familia eta Sardexka familia. Sarde familia laborari familia da eta Sardexka familia, kontsumitzaileak dira. 2. ziklokoekin elikaduraren piramidea lantzen dugu eta hondakinak banatzeari buruz hitz egiten dugu. Zer egin dezaketen planeta salbatzeko, orekaz elikatzeko jarraibideak… Haiek hausnarketa egin dezaten nahi dugu. 3. ziklokoekin, berriz, laborantza herrikoiaren printzipioak ezagutzen ditugu. Pista jokoa egiten dute eta tailerra pintxoak eginez amaitzen dugu”. Sarde Sardexka elkartearen asmoa lanerako toki finko bat izatea da norbanakoak eta eskolak hara joan daitezen. Baratza izango du toki horrek, bertan tailerrak egin ahal izateko eta permakulturaren inguruan aritzeko. 2023rako martxan izatea nahiko lukete, hara hurbiltzen den orok sardetik sardexkarako prozesuaren nondik norakoak bertatik bertara ezagut ditzan.
‘Euskararen urtaroa’
Euskal Hirigune Elkargoak antolatutako Euskararen Urtaroa ekimenean ere parte hartu du Sarde Sardexka elkarteak. Janariaren, artearen eta musikaren arteko lotura egin zuten eta jakiak musika tresna gisa erabiltzea proposatu zuten. Hala, parte-hartzaile bakoitzak barazki edo fruitu bat zuen (piperra, hurra, intxaurra…) eta horiek hautsiz eta murtxikatuz, denen artean janariarekin nolako soinuak sor daitezkeen ikusi zutela azaldu digu Irubetagoyenak: “Bakoitzak bere esperimentazioa egiten du, eta meditazio moduko bat ere bada zeren dena poliki eta isilean egiten da. Azken helburua, talde bakoitzak mota bateko soinuak eginez, kantua sortzea zen eta hala egin zuten. Esperientzia oso polita izan zen”.