Pasa da beste ikasturte bat eta iritsi dira oporrak. Ordutegipeko jarduna eten eta atseden hartzeko denbora izango dute haurrek: goizean goiz jaiki beharrik ez, egun guztia jolaserako libre, familiakideekin eta lagunekin egoteko tartea, errutinak alde batera uztea, hondartzaz eta mendiaz gozatzeko aukera…

Udako oporretan, gozamenetik eta euren iniziatibatik abiatuta, haurrek desio duten hori egitearen garrantziaz mintzo dira  adituak. “Oporretan disfrutatu egin behar dute haurrek, libre sentitu eta  euren ekimenez jardun. Eguneroko bizimodu zurrun eta egituratua apurtu eta malgutasunez jokatu behar genuke”. Askotan, ordea, ez al da udako oporraldia ere gehiegi egituratzen? Eta eguna ekintzaz betetzen?

Familia askorentzat udako irtenbide bakarra haurrak udalekuetara eramatea izan ohi da. Praktikoena akaso bai, baina hori al da haurrentzat konponbiderik egokiena? Galdera horren gainean osatu dugu aldizkari honetako “Eztabaidagai” atala. Urtxintxa aisialdi eskolaren koordinatzaile Atzio Orexeak dioen moduan, udalekuek badituzte hainbat onura, baina haurrak bertara bidaltzekotan haientzat ona izango dela pentsatuz egin behar da, eta ez beste erremediorik ez dagoelako. Udalekuetan, gainera, beste klabe batzuekin egin behar litzateke lan. Haurren askatasunean, haien erabakitzeko ahalmenean eta gozamenean oinarrituz, malgutasunez jokatuz, eta momentuaren arabera inprobisatuz.

Baina haurrak  erabakitzeko ahalmena izan dezan, iniziatiba hartu dezan eta autonomiaz joka dezan, txikitatik berak nahi duena egiteko gauza izan behar du eta barnetik ateratzen zaion gogoari kasu egiteko kapaza. “Ez du egingo soilik esaten zaiona eta esaten zaion moduan, baizik eta gai izango da gauzak bere erara egiteko”, hala dio psikomotrizitateari buruzko erreportajean Alvaro Beñaran psikomotrizistak. Eta hori ez du udan soilik landuko haurrak, urte guztian baizik, eta jaiotzen den unetik beretik.

Haurra sortzaile izatearen garrantziaz hitz egiten du adituak, horixe baita psikomotrizitatearen xedeetako bat. Eta sortzaile dionean, ez du esan nahi umea “artista” bilakatu behar denik, baizik eta bere garapenaren protagonista eta bere ekintzen jabe izateaz ari da: “Umearen sormena eta barne-gogoa erreprimituz gero, haurrak barruan duena ez du erabiliko. Egin ditzake gauza asko, baina beti izango dira ikasitakoak edo kanpotik ezarritakoak”.

Haur zein nagusiok, aprobetxa dezagun, bada, uda geure barne-grinei kasu egiteko, patxaran egoteko, beste erritmo batean bizitzeko, lasaitasunetik harremanak izateko, plazera bilatzeko eta gozatzeko.