Ikastolen Elkarteak antolatutako 28. Jardunaldi Pedagogikoak.
Azalean gelditu gabe sakonera begiratzea eta pertsona gisa sendotzea, garen moduan bizitzea erronka handia da. Erronka eta aukera. Testuinguruak indar handia du fokua kanpotik barrura eramateko eta benetan garenarekin konektatzeko prozesu horretan eta eskola testuinguruaren zati denez, garrantzitsua da ikasleei lanketa horretan laguntzea. Ikasleei laguntzeko, ordea, hezitzaileek barne sendotasuna izatea berebizikoa da. Barne sendotasunaren garrantzia izan zuten hizpide Ikastolen Elkarteak antolatutako 28. Jardunaldi Pedagogikoetan.
Pertsona eredua. Bereizgarrietan sakontzen izeneko 28. Jardunaldi Pedagogikoak egin zituen Ikastolen Elkarteak azaroan Donostian. Bost bereizgarri dituen pertsona eredua bultzatu nahi du Ikastolen Elkarteak hezkuntza marko humanizatuagoa lortzera bidean: euskalduna, kooperatiboa, eraldatzailea, erabakitzailea eta ekintzailea eta, azkenik, barne sendotasuna duena.
Eta, hain zuzen ere, azken ezaugarri horren gainean mintzatu ziren Arantzazu Loidi eta Maitane Ormazabal adituak. Biek ere ideia bera azpimarratu zuten: ikasleen barne sendotasuna lantzea garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da irakasleek ere alderdi hori lantzea, ondoren ikasgelan ongi egoteko. Izan ere, Loidik André Rochais PRH eskolaren sortzailearen hitzak gogoraraziz azpimarratu zuen moduan, “inor ezin dugu eraman gu iritsi ez garen tokira”. PRH Personalidad y Relaciones Humanas Formazio Eskolako psikopedagogoa da Arantzazu Loidi eta Barne sendotasuna, hezitzaileon erronka izeneko hitzaldia eskaini zuen. Benetako erronka helduon eta hezitzaileon barne sendotasuna lantzea dela aipatu zuen Loidik eta ildo berean mintzatu zen Ormazabal, ikasleen barne sendotasuna nola dagoen begiratu aurretik, helduona eta hezitzaileona nola dagoen begiratzearen garrantzia nabarmenduz. Maitane Ormazabal psikoterapeuta da eta Nerabeen garrasia liburua idatzi du Telmo Lazkanorekin batera.
Norbere benetako indarra
Loidik Barne sendotasunaren definizioa eman zuen hitzaldiaren hasieran: “Pertsonaren baitan sakon-sakonean dagoen sendotasunaz, barne indarraz, nortasunaren orekaz ari gara. Pertsona orok beren baita dituen gaitasunak, baloreak, talentuak, dohainak eta aberastasunak ezagutzea, eta horien kontzientzia eta esperientzia izatea da sendotasunez jokatzea. Ezaugarri horien guztien indarra eta garapen maila ezagutzea eta gure eguneroko bizitzan horiek benetan bizitzea. Gure baitan ditugun zimentuetan oinarrituta bizitzea da eta ez norbere gabezietatik, beharretatik, adierazi nahi izatetik, protagonismo beharretik edo beldurretatik, usteetatik edo besteek gugandik espero dutena kontuan hartuz jardutea”.
Kontzeptua azaltzeko icebergaren irudia erabili zuen Loidik: “Icebergak kanpoan ageri denaren hiru halako edo gehiago izaten ditu urpean. Izozmendi hori pertsona bat dela irudikatzen baldin badugu, ur-azalean dagoen zatia soilik ikusten dugu eta ikusarazten dugu. Hori soilik garela uste dugu eta gaineko zati hori ongi zaindua, ongi apaindua dugu eta hortik egiten diogu aurre bizitzari. Heziketan ere, askotan hortxe jarri izan ditugu indarrak: burua, adimena, gorputza edo gaitasun periferikoak garatzen, baina pertsona bakoitzarengan urpean zenbat dagoen ezagutu gabe eta hori garatu gabe. Eta nik esango nuke pertsonaren onena hortxe dagoela: urpean. Hor daude gu garena, garatu dezakegun potentziala eta bizitzari eman diezaiokegun on guztia. Heziketa, pertsona bakoitzari hori guztia ateratzen laguntzea da”. Ideia horrekin bat egin zuen Ormazabalek: “Kanpokoa ikusten dugu, pertsonen jarrerak ikusten ditugu, baina gu ez gara gure jarrerak. Jarrera arazoek icerbergaren punta baino ez dute erakusten”. Irakastearen eta heztearen arteko aldeaz aritu zen, hain zuzen ere, Ormazabal: “Ikasleari buruan gauzak sartzen dizkiogu, baina heztea kontrakoa da: heztea, ikasleak barnean duena ateratzea da; bere talentuak, bere dohainak, bere mugak… ateratzea. Horrek helduoi ziurgabetasun handia sortzen digu, ordea. Izan ere, guk barne sendotasunik ez baldin badugu, oso zaila izango da ikasleengan halakorik aurkitzea. Prozesu hori gauzatzeko denbora behar da, alderdi horri garrantzia eman behar diogu eta curriculumean sartu behar da, alderdi emozionala landu ezean, alderdi kognitiboak ez duelako funtzionatuko”.
Pertsonaren baitan sakon-sakonean dagoen sendotasunaz, barne indarraz, nortasunaren orekaz ari gara
Arantzazu Loidi, psikopedagogoa
Barne sendotasuna alienazioetatik, loturetatik askatzea dela esanez jarraitu zuen Loidik: “Loturetatik askatzea da, pertsona gisa indartzea eta modu askean erabakitzeko eta aukeratzeko gaitasuna izatea. Gertaeretatik, egoeretatik, bestearengandik, eta nahasmenduetatik askatzea da. Horietatik urruntzea eta gure barneko euskarrian edo indarguneetan oinarrituta jarduteko gai izatea. Baita bake sentipenarekin uzten gaituzten erabakiak hartzen jakitea ere”.
Eta nola eraikitzen da sendotasun hori? Loidik dioenez, barne sendotasunerako bidean hiru etapa nagusi daude pertsonaren bizitzan. Lehena, alienazioaren etapa da: “Ingurura begiratuz gero, ikusiko duzue etapa hori ez dela ezinbestean kronologikoa, berez haurtzaroari dagokion arren. Heldu asko daude etapa horretan eta adibideak jarriko ditut: zerbait egiteko edo erabakitzeko orduan gainerako irakasleek esaten dutenari gure iritziari baino gehiago begiratzea, ikasleen gurasoen iritziarekiko mendekotasuna; norbaiti ezetz esateko beldurra; ikasleak, irakasleak edo lankideak frustratzeko beldurra, norbere erantzukizunak edo ardurak betetzeari ihes egiteko joera…”. Bigarren etapan, gure konbikzioak eta ebidentziak erreferentzia gisa hartzen hasten gara: “Nerabezaroa bertan kokatuko genuke: besteengandik distantzia hartzen dugu eta gurasoek edo hezitzaileek esaten dutenaren aurka egiten dugu. Norbere irizpide mentalak edo beharrak lehenesteko garaia da eta nortasuna eraikitzeko ezinbesteko etapa da. Bada etapa horretan dagoen heldurik ere: aurkako jarrera sistematikoa erakusten dutenak, indarraren eta segurtasun ezaren artean kokatzen direnak...”. Azkenik, hirugarren etapa barne sendotasunaren eta autonomia pertsonalaren etapa da: azkartasunez erabakitzearen, oreka pertsonalaren eta harremanetarako askatasunaren etapa.
Loidik berak azaldu zuen nola egiten den etapa batetik besterako bidea: “Gure gaitasunak eta gaitasun horien mugak ezagutu behar ditugu. Gure izate sakona, icebergaren beheko zatia urpetik atera eta bizi egin behar dugu: garen modukoak izatera ausartu beharko dugu. Sakonean garen modukoak izatea eragozten diguten oztopoak, gure barneko gatazkak, zauriak, minak, ezintasunak… landu beharko ditugu horretarako”.
Barne sendotasunakbizitza aldatzen du
Barne sendotasunak hezitzaileen bizitzara eta lanera hainbat aldaketa dakartza: “Barne sendotasuna duen pertsona bere ekintzen eta erabakien jabe izango da, ‘nik egiten dut’ batetik ‘egiten dudan horretan neu naiz’ batera pasako da; bere buruarengan konfiantza handiagoa izango du; koherentzia eta sormena garatuko ditu; sendotasun psikologikoa eta oreka pertsonala izango ditu; enpatia sakona eta asertibitatea bizi ditzake; bere buruaz irudi errealistagoa izango du; harremanetarako gaitasuna hobetuko du; adimen kolektiboa garatuko du; aldaketak, porrotak edota ezustekoak hobeto bizi ahal izango ditu eta zailtasunei aurre egiteko erraztasuna izango du, bizitzari eta errealitateari konfiantzaz, fedez eta sormenez aurre egiteko gai izango da. Horrek talde bizitza erraztu eta aberastu egingo du. Norbera izateko gaitasuna zenbat eta gehiago landu, taldea ere orduan eta indartsuagoa izango da”.
Ikasleari buruan gauzak sartzen dizkiogu, baina heztea kontrakoa da: heztea, ikasleak barnean duena ateratzea da; bere talentuak, bere dohainak, bere mugak… ateratzea
Maitane Ormazabal, psikoterapeuta
Pertsona gisa sendotzeko ez ezik, taldeak sendotzeko ere gakoa da, beraz, barne sendotasuna: “Taldekideek euren burua, izatea, aberastasunak eta mugak ezagutzen badituzte eta aske izateko gaitasuna garatu baldin badute, taldea ere indartsuagoa izango da. Sendotasun pertsonala eta sendotasun kolektiboa daude jokoan, beraz”. Hori dela eta, bizitza pertsonalean eta profesionalean baliabideak behar direla aldarrikatu zuen Loidik.
Hori guztia lortzeko zailtasunak, ordea, ez dira gutxi izaten, Loidiren hitzetan: “Zailtasun nagusietako bat pertsona bakoitzak dituen funtzionamendu psikologiko desegokiak eta horien ondorioak dira: gabezia psikologikoak eta afektiboak, zauri psikologikoak… Ikasleengan oso erraz identifikatzen ditugu horiek guztiak eta motxila ederra daukatela esaten dugu, baina helduok ere baditugu gure motxilak. Funtzionamendu desegoki horiek gure egonkortasunarentzat mehatxu sentitzen ditugun egoeren aurrean babesten gaituzte, baina, aldi berean, funtzionamendu horiek martxan jartzeak eragotzi edo zaildu egiten digu gure bizitzarako eta gure eginkizunetarako behar ditugun baliabideak izatea. Modu horretan, bere indarretik baino gehiago beldurretik, estresetik, antsietatetik, tentsioetatik biziko du hezitzaileak edo gurasoak bere jarduna”, azaldu zuen Loidik. Horren guztiaren aurrean, erritmoa geldotzeko deia egin zuen: “Geure baitatik urrun bizi gara askotan, jardunean, egiten, proiektuetan murgilduta, erritmo oso bizian bizi gara, gelditzeko aukerarik gabe eta guretzako denbora hartzen jakin behar dugu”.
Kanpora baino gehiago, barrura begiratzea da gakoa. Orain arte ahalmen posizionala lantzeari eman zaio lehentasuna eta ahalmen pertsonala lehen lerroan jartzea izango litzateke erronka Ormazabalek azaldu zuenez: “Orain arte ahalmen posizionala eraiki dugu batez ere, eta ez dugu ahalbidetu ahalmen pertsonala garatzea. Ahalmen posizionala garatzen dugunean ikastea, lan egitea, bikotea eta seme-alabak izatea, kanpoko garapena, kanpoko baloreak eta momentuko gauzak hartzen dira kontuan. Ahalmen pertsonalak, berriz, garapen pertsonala eta adimen emozionala, barne garapena eta barne baloreak hartzen ditu, eta iraunkorra da”.
Barne sendotasuna lantzeko behar diren bitartekoak hauek dira Loidiren esanetan: “Norbere burua ezagutzeko tresnak, lanketa pertsonala, meditazioa eta isiltasuna baliabide egokiak dira. Kanpoko munduarekiko deskonexioa eta barne munduarekiko konexioa beharrezkoak dira. Garrantzitsua da harreman elikagarriak bilatzea eta zaintzea, eta amaitzeko, idaztea: geure buruari, geure sentimenduei eta geure bizipenei buruz idaztea terapeutikoa da”.
Hezitzaileen lanerako giltza
Barne sendotasuna hezkuntzaren zutabe izeneko hitzaldia eskaini zuen Ormazabalek. Eta prebentzioa aipatu zuen, hasteko: “Ez dago oraina baino prebentzio hoberik. Lanketa orain egin behar da, etorkizuna orain bizi dugun horrek eraikiko duelako”. Eta hezkuntza prozesua autoezagutzarako prozesua izan beharko litzatekeela esanaz jarraitu zuen: “Autoezagutza hezkuntza arloan landu beharko genuke ondoren terapiara joaten ibili beharrik izan gabe”. Gazteek ere horixe eskatzen dutela dio: bizitzarako heztea. Eta gatazkak bizitzako parte diren aldetik, horiek modu eraikitzailean kudeatzen ikastea beharrezkoa izango da. Izan ere garbi dio Ormazabalek: "Osasun mentala ez da gatazkarik ez izatea".
Jende askok galdetzen du ea zer gertatzen zaien gaur egungo gazteei, baina nik galdera horri buelta eman nahi diot: zer gertatzen zaio gure gizarteari gazteak horrelakoak izateko?
Maitane Ormazabal, psikoterapeuta
Nerabeen egoeraz mintzatu zen Ormazabal eta euren min emozionala euren burua lesionatuz estaltzeko saiakerak asko ugaritzen ari direla azpimarratu zuen. Izan ere, lau nerabetik batek lesionatu du noizbait bere burua: “Min fisiko horrek min emozionala anestesiatzen du”. Sufrimendu horrek lau erpin dituela azaldu zuen Ormazabalek: “Lehenik, min emozionala eta mentala; bigarrenik ezina; hirugarrenik, zama eta, azkenik, nork bere buruarekiko etsaitasuna. Nerabezaroan gure identitatea sortu nahian ari gara, baina gizarteak errespetatzen ez duen prozesu batean gaude eta oso bortitza izan daiteke gaztetxo askorentzat. Helduok, gainera, gure txikien eta gazteen egoerak eta arazoak txikiagotzeko joera izaten dugu, baina ulertzen al dugu nerabe batek zer behar duen?”.
Hori dela eta ohikoa bihurtu den galdera irauli nahi du psikoterapeutak: “Jende askok galdetzen du ea zer gertatzen zaien gaur egungo gazteei, baina nik galdera horri buelta eman nahi diot: zer gertatzen zaio gure gizarteari gazteak horrelakoak izateko?”. Eta ikastetxeak gizartearen parte diren aldetik, eskolan ere begirada aldaketa egiteko beharra ikusten du: “Fokua ikasleengan jartzen da eta hori aldatu egin behar dugu: fokua haiengan eta gugan jarri behar dugu. Ikasleek, gainera, guk landu behar dugun horri buruzko pistak eman diezazkigukete”. Eta bide horretan arkitektura sozialaren kontzeptua aipatu zuen Ormazabalek: “Orain arte ardura guztia subjektuarengan jarri dugu, testuinguruari ez diogu jaramon handirik egin. Arkitektura soziala horixe da: testuingurua, eta hori ere aintzat hartu behar da. Irakasleok ikasle askoren arkitekturaren parte zarete”.
Barne sendotasuna duten pertsonen eraikuntzan giltzarri dira irakasleak eta etxetik eta eskolatik testuinguru egokia eskaintzea beharrezkoa da, beraz. Argi eta garbi esan zuen Loidik: “Barne sendotasunaren bidean sartzen ez denak, ez du bizi luzerik. Bide hori egiten ez duen gizarteak, ez du etorkizun onik”.
Ikasleen egoera ezagutzeko gakoak
Ikasleek bizi duten egoerari erreparatzean kontuan hartu beharreko alderdiak aipatu zituen Ormazabalek:
1. Burbuila emozional batean bizi gara; beldurra diegu porrotari, sufrimenduari, galtzeari… Sufrimendua akonpainatu beharrean, ekidin egiten dugu eta modu horretan gaztetxoak ahultzen ditugu. 2. Kanpokoari barnekoari baino gehiago begiratzen diogu eta arlo akademikoari emozionalari baino garrantzi handiagoa ematen diogu. 3. Nekearen eta errendimenduaren gizartean bizi gara. Gaztetxoek ere betebeharrak buruan bueltaka dituzte etengabe eta neke psikologiko handia izaten dute. Neke horrek depresiorako joera handiagoa dakar. 4. Askotan sentitzen dugun galbanari arreta jarri behar diogu, motibazio falta handia baita. Kanpoko motibazio asko izatera ohituta daude baina barnekoak zer diren ez dakite. 5. Balio aldaketa betean gaude. Gizartean baloreen krisialdia dago eta ikasleak gizartearen isla dira |
6. Perfekzionismo neurotiko batean sartuta gaude. Haiekiko espektatiba altuak ditugu eta horrek antsietaterako eta depresiorako aukerak sor ditzake. 7. Sare sozialak. Gazteak kanporantz bizitzera bultzatzen dituzte eta, zenbait kasutan, euren bizitza besteei erakusteko bizitzen ari dira. 8. Multitasking-a. Gauza asko batera egiteak arreta eta kontzentrazio falta eragiten ditu. 9. Fomo izeneko fenomenoa. Esperientziak galtzeko beldurra da eta ez gaude ezer galtzeko prest. Gaur egun kontzertu baterako sarrerak salgai jarri orduko agortzen dira. 10. Antsietatea: borroka handia dugu buruaren eta bihotzaren artean, eginbeharren eta guretzako behar duguna egitearen artean eta horrek antsietate handia sortzen digu. |