Nerabezaroan aldaketa handia bizi du gorputzak, eta nerabeak bere burua aurkitu behar du gorputz berri horretan. Modak, canonak… gizarteak, oro har, presio handia egiten du estetikaren alorrean, eta horren aurrean, nerabearen barneko segurtasuna elikatzea gomendatzen du Aitziber Estonba sexologoak.
Topiko bat dirudi izenburuko esaldiak. Baina egia handia da. Barneko edertasunak balio du, ez begiratzen duenaren begietara soilik, bereziki norberaren begietara, norbere barneko edertasuna eta norbera barnetik gustura sentitzea dira benetan garrantzitsuak, eta zer esanik ez nerabezaroan. “Bizipena eta sentsazioa dira garrantzitsuenak, ‘ongi nago nire gorputzarekin eta nire buruarekin’, hori da haurtzarotik elikatu beharko genukeen bizipena, nerabezaroan seguru sentitzeko”, Aitziber Estonba sexologoaren arabera.
Nerabezaroan gorputzak ikaragarrizko aldaketak bizi ditu, eta batzuetan bat-batekoak dira aldaketa horiek: “Nerabeek egokitu egin behar dute gorputz berrira, askotan ez baitira haien gorputzean aurkitzen”. Helduok ere geure gorputzarekin borrokak izaten ditugula kontuan izanik, nerabezaroan bereziki zaintzeko gaia da gorputzarekiko harremana: “Autoestimu fisikoa, hau da, norbere gorputzarekin gustura sentitzea, autoestimu orokorraren parte da, beraz, zaintzea garrantzitsua da”. Gustura sentitze hori, ordea, ez da canona edo modak jarraitzearekin bat etortzen beti: “Gerta daiteke neska bat edo mutil bat modaren eta irizpide orokorren arabera polita izatea, baina berak bere burua hala ez ikustea, eta baita kontrakoa ere: canonak ez betetzea, baina neska edo mutil hori gustura eta polit sentitzea eta autoestimu indartsu batekin aurrera egitea”. Sentimendu hori txikitatik elikatzen den prozesu bat da: “Atxikimendu seguruaren teoriak erakusten digu txikitatik bizi izan dugun bizipenak eragina daukala gure segurtasunean, bada, hori da gure seme-alabekin txikitatik elikatu behar duguna”. Horretarako ez da aski haurrari bere mezu baikorrak ematea, “honetan ere gurasook eta helduok eredu izatea oso garrantzitsua da”, Estonbaren arabera. “Pixka bat loditu garela eta kezkatuta ikusten bagaituzte, edo gure gorputzarekin gustura ez gaudela transmititzen badiegu, eredu hori jasoko dute eta euren gorputzarekin ere kezka horretatik erlazionatzen ikasiko dute. Lehendabizi geuk hausnartu beharko genuke nolako harremana daukagun geure gorputzarekin eta nola erlazionatzen garen besteekin”.
Barnekoa elikatzeak ez du esan nahi, haatik, kanpokoa ahaztu behar dugunik. Ume bati bere gorputzeko zerbait arazo bihurtzen zaiola ikusten baldin badugu, izan granoak, pisua, ileak, edo dena delakoa, arreta jartzea gomendatzen du sexologoak: “Gurasook askotan ez dugu nahi gure seme-alabak gorputzarekiko obsesiorik izatea, eta normala da, baina ez dugu beste muturrean gelditu behar, premiei arreta jarri behar diegu bere, eta zerbait benetan eragiten ari zaiola ikusten badugu, lagundu egin behar diogu”. Autoestimu orokorrean ez ezik, erlazioetan ere egina izango baitu bere gorputzaz daukan iritziak: “Gabeziatik erlazionatuko dira besteekin, eta horrek harremanetan desoreka sortzen du; gutxiagotasun sentimendu hori arriskutsua da”.
Arreta jartzeak, ordea, ez du esan nahi canonak eta modak eskatzen duen guztia egin behar duenik, “horrek ez luke bukaerarik izango”. Gogoeta bultzatzea gomendatzen du Estonbak: “Guk gure nerabezaroan jasotzen genituen mezuak baino askoz gehiago jasotzen dituzte gaur egun, eta eskakizunak oso handiak dira. Beharrak nondik datozen hausnartzen lagundu beharko genieke, ‘besteek egiten dutelako’ egin nahi duen, ala bere behar bati erantzuten dion hausnartzen lagundu behar diogu. Hau guztia negozio handi bat dela azaldu behar diegu, guztia muntatua dagoela edertasunean dirua etengabe gastatzeko”. Hala ere, “gure kasuan izan zen moduan”, gaiari buruzko benetako hausnarketa gero etorriko dela uste du sexologoak. “Gogoratu behar dugu nerabeen garuna ez dagoela heldua eta orain, momentuan, eragin handia izango dutela sare sozialetatik jasoko dituzten mezuek”.
Gorputzarekiko harremanetan eta autoirudiaren eraikuntzan ere, gurasoon egitekoa seme-alaben bidelagun izatea dela dio Estonbak. “Ez joan aurretik. Gurasook normalki oso normatiboak gara, eta geu gara bizarra kendu edo topa ez jantzi edo antzeko mezuak ematen dizkiegunak, geure beldurretatik funtzionatzen baitugu. Nerabeak entzun egin behar ditugu; topak neska bati ikaragarrizko segurtasuna emango dio, aldiz beste bati kendu egingo dio. Beraz, nerabea nola dagoen ikusi behar dugu, beretik, ez gure begietatik. Umea hartu duen erabakiarekin ongi eta lasai baldin badago —ez depilatzea edo egitea, bibotea kentzea edo ez kentzea, topa janztea ala ez janztea…— utzi lasai, eta ez saiatu gure arauan sartzen. Iseka egingo diotela? Eman tresnak aurrera egin dezan, ez saiatu bere erabakia aldatzen”.