Arbizuko Kattuka haur eskolako hezitzailea eta 0-3 urte bitarteko etapako erreferentziazko aditua eta aritua da Eider Garde.

 

0-3 urte bitarteko etapako erreferentziazko aditua eta aritua da Eider Garde. Haur txikien garapen prozesua bikain ezagutzen du, eta baita familien beharrak ere.  Otsailean gaiaz laborategi bat eskainiko du Hik Hasiren egitarauaren barruan.

 

Eider Garde Mazkiaranek (Altsasu, 1979) umetatik argi zeukan txikien andereño izan nahi zuela. Errespetu eta miresmen handiz gerturatzen da orain hezitzaile moduan etapa horretara, aski formatu ostean, eta egunero ikasten jarraitzeko prest. Euskal Herriko erreferentzia garrantzitsuetako bat bilakatu da 0-3 etapan.

 

Haurren zainketak, hala nola, otorduak zaintzea, pardel aldaketa, loa... Kattuka zuen haur eskolaren ikuspegi pedagogikoaren oinarrian daude. Zergatik?

Guk zinez uste dugu haurra konpetentea dela eta gaitasunak dituela jaiotzetik, baina jakin egin behar da gaitasun horiek ikusten eta gaitasun horiei lekua egiten. Asko findu behar da hori guztia ikusteko. Nik 2000. urtetik daramat lanean eta ohartu naiz lanketa pertsonal handia egin behar dela haur txiki batekin, 4-6-8 hilabetekoarekin, erlazionatzeko. Hitz egiten ez dutenean eta haien adierazteko tresna nagusia negarra denean, hezitzailearen lanketa pertsonalak berebiziko garrantzia hartzen du negar hori nola identifikatu jakiteko; haurrak nola manipulatu jakiteko... Hezitzaileak hausnarketa pertsonal bat egin behar du haur txiki horiekin norantz goazen jakiteko, oso kontziente izan behar baitugu gure egiteko moduak haur horien izateko moduan zer eragin duen, ez soilik profesional moduan, baita heldu gisa ere, guraso moduan ere bai; hori dena zaindu beharreko zerbait da.

 

2000n hasi zinela esan duzu, eta bidean asko formatu zara. Nola ikusi zenuten haurrarekiko begirada horrek duen garrantzia?

Nik txikitatik argi neukan txikien andereñoa izan nahi nuela, haur txikiek beti erakarri izan bainaute. Behin lanean hasten zarenean, ezinegonak sortzen zaizkizu; adibidez, haur txikiak negarrez daudenean eta ezin diezunean lagundu eta ohartzen zarenean ezin lagundu hori hezitzailearen ardura pertsonala dela. Nik nire barneko profesional hori elikatzeko beharra dut, haurrei ahalik eta modu egokienean erantzun ahal izateko. Izaskun [Larrion] lankideak eta biok bizitza osoa daramagu elkarrekin, eta gure lanaren eta gai hauen gainean hausnartzen hasi ginenean, ikusi genuen garai hartan eskaintzen zen prestakuntzan ez zitzaiola garrantzi handirik ematen 0-3ari. Ondoren, bizitzak garai beretsuan haurdun gelditzera eraman gintuen, eta ama izateak gure alabei begira jarri gintuen, gure alabendako zer nahiko genukeen pentsatzera; eta hori izan zen detonatzaile nagusiena. Ama izan ginen arte ez ginen hain kontziente haurrek zer behar zuten eta zer merezi zuten.

Behin, Hik Hasiren jardunaldi batzuetan, Myrtha Chokler andrea entzun nuen, eta zerua ireki zitzaidan: emakume hark nire galdera guztien erantzunak zeuzkan. Berria zen esaten zuen guztia, Loczyri buruz eta psikomotrizitateaz hitz egin zuen… eta formatzen hasi ginen, beti Choklerren ideien orbita horretan. Gero Budapestera bidaiatzen hasi nintzen, psikomotrizitate ikasketak ere egin ditut... Prozesu pertsonal eta kontziente bat egin ez baduzu, ezin da haur txikiekin lan egin.

 


Bizkortasunaren bizitza honetan, eta dena azkar eta klik batean lortzen den honetan, ezinezkoa egiten zaigu haurren erritmora jaistea eta hori da hazieraren gaur egungo arazo handietako bat


 

Haur txikienei mira handia diezu.

Pertsonaren gakoa lehenengo urteetan dagoela uste dut. Nik zinez uste dut lehenengo urte horietan benetako lanketa egongo balitz, gerora sortzen diren arazo txiki eta zailtasun asko ez liratekeela hainbeste izango. Behin oinarri hori sendoa denean eta ongi eraikitzen denean, haurrak gerora baliabideak ditu zailtasun gehienei aurre egiteko.

Eta familiari baliabideak ematen dizkiogu, argitasun pixka bat ikus dezaten haurraren hazieran, ez daitezen desesperatu. Bizkortasunaren bizitza honetan, eta dena azkar eta klik batean lortzen den honetan, ezinezkoa egiten zaigu haurren erritmora jaistea eta hori da hazieraren gaur egungo arazo handietako bat. Barraskiloaren martxan doan gizaki bat 1 Formulako auto bat balitz bezala eraman nahi dugu, eta ezin da; bidean galera asko daude.


Zuek Kattukan duzuen pedagogiaren gakoetako bat erritmoa da, ezta?

Haurrek kokatzen gaituzte erritmo geldo horretan. Eskolak, benetan haurrari begira baldin badago, erritmo hori mantendu beharko luke. Hori da gakoetako bat, erritmo horretan guri ere findu egiten zaigu begirada.

 

Zein dira beste gakoak?

Gure ildo pedagogikoaren gako nagusietako bat zaintzarena da, eta hezkuntza proiektu osoa horren baitan eraikitzen da. Iruditzen zaigu, sozializazio goiztiarra gertatzen den kontestu artifizial batean —zeren ezin da ukatu haur eskola bat sozializazio kontestu artifizial bat denik—, banakako momentuak haurrari izatea ahalbidetzen diotenak direla. Erraza da taldean daudenean helduaren begirada difuminatzea, horregatik, ezinbestean, banakako momentuen garrantzia garatu dugu. Haurraren eta helduaren arteko harremana hor eraikitzen delako. Nola zaintzen diren oso garrantzitsua da, haurrak, horren baitan, harreman bat eraikitzen baitu helduarekin. Harreman hori ahalik eta seguruena eta osasuntsuena izatea da gure helburua. Haurrak, seguru, onartua denean eta begirada konpetente baten azpian eraikitzen denean, etorkizunerako lortuko dituen baliabideak ikaragarriak izan daitezke. Aldiz, zaintza momentu horiek zaintzen ez baldin badira, hau da, hamar haurrekin sartzen baldin banaiz komunean eta pardelak 5 minututan aldatzen baldin baditut, ez dago begiradarik eta ez dago komunikaziorik haurraren eta helduaren artean.

Psikea edo garapen kognitiboa oraindik ez dagoenean eta dena emozioak eta sentsazioak diren garai horretan, haurra nola sostengatzen dugun eta nola mugitzen dugun oso garrantzitsu bihurtzen da. Haurrek gorputzeko sentsazio horiek integratzen dituzte eta horrela eraikitzen dira.
 

Loa, pardela uztea edo esfinterren kontrola, mugimendua, elikadura… bakoitzak dauka bere zainketa eta bere koreografia. Nola jorratzen dituzue zainketa une horiek?

Nik uste dut gakoa hausnartzea dela: ez zertan nagoen ni eroso heldu moduan edo profesional moduan, edo zer datorkidan niri ondo; baizik eta haurraren beharra zein den pentsatzea. Profesional moduan, sentitu eta sinetsi egin behar dugu gauzak zergatik egiten ditugun egiten ditugun moduan. Hezitzaileok norbere lanarekiko pertzepzio pertsonal bat eduki behar dugu, profesional ahalik eta onena izateko nahia izan behar dugu.

Guk helburu batzuk ditugu. Adibidez, bazkariaren helburu nagusia inoiz ez da izan haurrek dena jan behar izatea, eta eguneroko agendan idazten dugunean ere, kantitateaz aparte, haurrak nola bazkaldu duen zehazten dugu: gustura, garbi, lasai, urduri… Horrela, gurasoek ere beste gauza batzuei balioa ematen diete. Bazkariaren kasuan, helburua haurrek autonomiaz eta garbi jan dezaten da. Eta horra iristeko behar den bakarra denbora dela ulertzen dugu. Titiko haurrek ez dute bakoitzak bere mahaian eta platerarekin jaten: hezitzailearen magalean jaten dute, ibiltarietan hasten dira mahaira jaisten eta bikoteka jaten.

Loari dagokionez, familia asko ohitura batzuk hartuta etortzen dira; adibidez, sukaldeko ke-erauzgailuarekin edo soinu zuriaren hotsarekin lokartzen diren haurrak izaten ditugu. Egoera hori imitatzen saiatzen gara hasieran, baina lotarako gure helburua, haurrek, lasai eta bakarrik, eragin gabe, lo egitea da. Batzuetan titikoetan lortzen den zerbait da eta beste batzuetan luzatzen den zerbait da. Haur batek, loan abandonatzeko, seguru sentitu behar du.

Esfinterren kontrolarekin, oraindik ikusten ari gara familiek kendu egiten diotela pardela haurrari. Familiak kontziente izango balira, haurra prest egon gabe, pardela kentzeak etorkizunean sor diezazkiokeen zailtasunei buruz, ez lukete halakorik egingo. Niri ekintza horiek erakusten didate oraindik ezjakintasun handia dagoela haurtzaroko lehen urteetan gertatzen denaren gainean. Oso garrantzitsua da familiei azaltzea esfinterren kontrola lasai asko luza daitekeela 5 urtera arte eta ez dela ezer patologikoa, ez dagoela presarik. Arazoa, horretan ere, presa da. Dena izan behar da azkar. Eta horrez gain, lehia dago: “zurea oraindik ez dabil oinez?”. Orain, ez dugu begiratzen haur hori nola dabilen… Haur bat, prest egon baino lehen, zutik jartzeak bere kalteak ditu. Oso demostratua dago mugimenduaren garapena errespetatu zaien haurrak zuhurragoak direla, haien burua askoz gehiago zaintzen dutela, ez direla erortzen… Baina oraindik ere, oinez ez dakiten haur txikiak gurasoen hatzetatik zintzilik ikusten ditugu...

 


Esfinterren kontrolarekin, oraindik ikusten ari gara familiek kendu egiten diotela pardela haurrari. Niri ekintza horiek erakusten didate oraindik ezjakintasun handia dagoela haurtzaroko lehen urteetan gertatzen denaren gainean


 

Urteak daramatzagu haurren erritmoak errespetatu beharraz mintzatzen. Hala ere, oinarrizko zenbait ideia jendartean ez direla ezarri esango zenuke?

Nik ikusten dut sistema kapitalista hau eta gurasotasuna ez datozela bat. Sistema kapitalistak gure haurrak beste batzuek hazi eta hezi dezaten sustatzen du, gu lanera joan gaitezen. Hor dago lehenengo arazoa. Familia askok ezin dute eszedentzia bat hartu edo haurren zaintzaz beste modu batera arduratu. Hazieratik eta hezieratik erabat deskonektatuta gaude, eta ardura guztia besteengan jartzen dugu: Nire seme-alabek arazoak baldin badituzte, besteen kulpa da. Gure arazoen soluzioak kanpoan bilatzen ditugu, gure esku dagoenari erreparatu gabe. Deskonexio horretan eta kanpoan bilatze horretan beste guztia sartzen da: ez du lorik egiten, beraz loaren aholkulariak sortu dira, melatonina gominolak… Tristea da baina jendeak Eduard Estivilen sistemarekin jarraitzen du, haurra negarrez utziz.

Nik hezitzaileei beti esaten diet istripu bat izan dutela irudikatzeko eta astebetez ezin dutela euren kabuz komunera joan eta pardela jarri behar dietela. Nola gustatuko litzaieke eurak zaintzea? Eta bazkariarekin berdin: ezin baduzue bazkaldu, nola gustatuko litzaizueke bazkaria ematea? Haurrek ezin diote helduari adierazi nola nahiko luketen zainduak izan, baina guk badakigu nola nahiko genukeen zainduak izan. Ba hori haurrengana eramatea besterik ez da. Haurra helduon erritmora eraman nahi dugu, eta haurrak ezin du gure erritmora joan. Haurrek geldiago bizi behar dute. Hausnarketa hori etxe guztietan egingo balitz, ziurrenik gaur egungo haurtzaroa bestelakoa izango litzateke. Nik uste dut haurrak asko sufritzen ari direla, helduak izango balira bezala hezi nahi ditugulako. Eta heldu izateko, ibilbide geldo, lasai eta seguru bat behar da, eta jendarte moduan horretarako egin beharko genuke lan.
 

Aipatu ditugu loa, pardela, mugimendua, elikadura… Baina zuek arreta berezia jartzen diezue hain ikusgarriak ez diren beste gai batzuei ere: mugak, autonomia, gatazkak, harremanak... Helduak nola kokatu behar du horiek denak zaintzeko?

Adin horietako eta pixka bat kozkorragoak diren haurren ezaugarri dira gatazkak, erasoak edo jarrera disruptiboak; harremanak izaten ikasten ari dira, eta hortik abiatzea sozializazioaren parte da. Ni-a integratua ez dagoen momentuan, zu-a ez dago integratua. Hori da lehenengo gakoa. Prozesu horretan, besteak objektuak dira, eta haurrak besteekin objektuak bailiran interaktuatzen du. Gainera, enpatia ez daukate garatua.

Nik uste dut horrek guztiak prebentzio bat duela, eta prebentzioa autonomia sustatzea da. Autonomiaz ari garenean, autonomo izatea gauzak bakarrik egitea dela ulertzen da; eta ez da hori. Autonomoa autoirudi positiboa duena da, bere gaitasunetan sinesten duen pertsona bat dena; ikasteko interesa eta grina dituena; jakin-mina piztuta duena… eta bereziki adin horietan, autonomia bere buruaren pertzepzio positiboa duen pertsonaren adierazgarri bat da. Nola lantzen da hori? Helduaren begirada konpetente batekin: helduak haurrari pertsona konpetente baten moduan begiratzen dionean, autonomia hori garatzen joaten da. Mirtha Choklerrek behin esan zuen: Autonomia ez da obligazio bat; eskubide bat da.

 


Gure arazoen soluzioak kanpoan bilatzen ditugu, gure esku dagoenari erreparatu gabe


 

Egokitzapenari begira, zer gomendio emango zenieke familiei?

Hasteko, kontziente izan behar dugu eskolatzea ez dela haurraren erabaki bat. Orduan, normala da haurrak horri kontra egitea. Garapenari begira,  haurra ez dago bere erreferentziazko irudietatik bereizteko eta ezezagun batekin atxikitzeko prest. Prozesua egin daiteke sufrimendu gehiegirik gabe, baina ongi begiratu behar dugu haurra nora eramaten dugun. Garrantzitsua da seme-alaba utziko duzun pertsona horrengan konfiantza izatea; familiaren eta hezitzailearen artean gutxieneko konfiantza dagoenean, normalean prozesua askoz errazagoa izaten da. Haurra eskolan gelditze hori erraztea ere oso garrantzitsua da. Oso zaila da ezezagun batek haurrarekin harremana eraikitzea, familia irekitzen ez bada. Agurtzen zarenean, agurra irmoa izan dadila eta joan zaitez.

Familiei disponibilitatea eskatzen diegu beti, egokitzapena luza baitaiteke. Ekainetik esaten diegu familiei B plan bat edukitzeko, norbaitekin hitz egiteko; gaixorik daudenean ere umeek ezin dute haur eskolara etorri.

 

Eta oro har, zer gomendio emango zenieke familiei, hazierari begira?

Sena eta erritmoa. Gurasoei haien senarekin konekta dezatela esango nieke. Utz dezatela Google alde batera; Internet min handia egiten ari zaigu sozialki. Senarekin konektatu eta barrenera begiratzen hasten garenean, haurrak ere lasaitu egiten dira. Ez garenean eroen modura soluzioak bilatzen ari, eta loaren aholkulariarengana eta osteopatarenera eta bestera eramateari uzten diogunean, egoera lasaitu egiten da. Jaitsi erritmoa eta disfrutatu, hau oso azkar pasatzen baita.

Pantailena ere oso gogorra da. Tristuraz, erabat txertatu dira pantailak, eta 0-3an, harremanen oinarri guztiak eraikitzen ari diren garaian, pantailak eman eta eman egiten dio haurrari, baina haurrak ez dio ezer erantzun behar pantailari, eta horregatik daude, nik uste, horrelako komunikazio eta logopedia arazoak. Nik 0-12an ez nuke pantailarik eskainiko. Eta heldu moduan, nire gomendioa da haurrek ez gaitzatela telefonoarekin ikusi. Ez dezagula zaintza baten bitartean edo haurrarekin gauden bitartean mugikorra erabili. Oso gogorra egiten zait ama bat edoskitzen ari denean mugikorrarekin ikustea. Behin pertsonak mundu analogikoa barneratu eta ezagutu duenean, mundu digitalak abantailak ematen dizkio, baina bitartean, kaltegarria izaten ari da.