Aitziber Garmendia aktoreari eta umoregileari 21 urterekin ireki zitzaizkion telebistako ateak.

 

Garmendiari 21 urterekin ireki zitzaizkion telebistako ateak, ETBn  emititu zen Martin telesailean Maider Manterola pertsonaia antzeztu zuenean. Ordutik, hainbat pertsonaia gogoangarri sortu ditu. Umorea eta antzezpena ditu lanerako tresna nagusi, baina baita munduari  begiratzeko modua ere.

 

Aitziber Garmendia aktore eta umoregilea da; Zaldibian jaioa, eta Hazi Heziri eskainitako elkarrizketa honetan aitortu digu ez zaiola batere gustatzen bere burua hedabideetan aurkezle gisa aurkezten dutenean. Telebistarako egindako lanek egin dute ezagun, telesailetan eta umore saioetan bereziki, baina antzerkian ere ibilbide oparoa egin du.

 

Noiz eta nondik datorkizu umorearekiko eta antzezpenarekiko zaletasuna?

Nik uste dut zaletasun hori etxetik datorkidala. Oso txikia nintzenetik gogoratzen dut uneoro jendeari barre eginarazten ibiltzen nintzela, Haur Hezkuntzan nengoenetik; eta, egia esan, asko gustatzen zitzaidan jendeari barre eginaraztea. Sentsazio hori oso gogoan daukat. Antzerkiarekin, berriz, Zaldibiako eskolan hasi nintzen. Antzerkia izeneko ikasgai bat genuen, eta han hasi nintzen antzezpenari gustua hartzen. Gero, eskolatik kanpo hasi nintzenean, Beasainen hasi nintzen jada: Zaldibiako liburutegiko langileari galdetu nion ea inguruan antzerki eskolarik bazen, eta berak esan zidan Beasainen nuela horretarako aukera. Horrez gain, esan beharra daukat herriko jaietan jartzen zuten eszenatokiak ere lagundu zidala antzezpenarekiko zaletasuna izaten; izan ere, bertara igotzea zen nire barrakarik gustukoena.

 

 

Zer paper izan dute ingurukoek  zure sormena bultzatzeko orduan?

Adin horretan etxekoen babesa ezinbestekoa da. Gurasoekiko dependentzia handia duzu, eta nik zaletasun hori erakutsi nuen momentuan amak babes handia eskaini zidan: larunbatero autoz Beasaingo Antzerki Taldera eramaten ninduen; Donostian Arte Eszenikoen Tailerrean ikasten hasi nintzenean ere, berak eramaten ninduen; ordu txikitan nire bila etortzen zen, eta gastu guztiei ere berak egiten zien aurre. Argi daukat babes hori guztia –emozionala eta logistikoa– eskaini ez balit ez nintzatekeela honaino helduko.

Lagunengandik ere babes handia jaso dut. Eskolan, esaterako, guztiei musika mota bat gustatzen zitzaien, eta niri, berriz, Grease musikaleko kantak. Nire urtebetetzeetan eskolara Grease pelikulako Sandy pertsonaia bezala orraztuta eta jantzita joatea gustatzen zitzaidan. Nire lagunek nirekin izan duten pazientzia maila ez dago neurtzerik (barreak). Horrelaxe ezagutu izan naute beti: norbait desberdin modura, baina, aldi berean, horrela maite eta onartu izan naute. Familian, lagunartean eta baita Zaldibian ere, oso babestua eta maitatua sentitu naiz beti.

 


Herriko jaietan jartzen zuten eszenatokiak ere lagundu zidan antzezpenarekiko zaletasuna izaten; izan ere, bertara igotzea zen nire barrakarik gustukoena


 

Sormena dohain bat dela esaten da askotan; zure ustez landu eta ikasi daitekeen zerbait al da?

Nik uste dut berezkoa ere izan behar duela. Sormena, umorerako sena eta halako gaitasunak, neurri batean, berezkoak dira; baina landu ere asko lantzen dira, izugarri. Izan ere, kanpotik ez baduzu ezer kontsumitzen, ez bazara kanpotik elikatzen, zuk eman egiten duzu, eta azkenean hustu egiten zara, baina bete ez.

 

Zuk nola landu eta ikasi duzu?

Nik besteen sormena asko kontsumituz landu eta ikasi dut. Liburuak, antzerkiak, nobelak eta poesia irakurriz; antzerki asko ikusiz —nire plan gustukoenetako bat horixe da—; eta zinema kontsumituz elikatzen naiz. Azken finean, datorkidan guztia ondo datorkit; iristen zaidan guztitik zerbait loratzen da. Izan ere, zerbait ikusten dudanean, beti etortzen zaizkit burutazioak.

Gero, hori praktikan jartzeko garaian, loratu zaizkidan ideia batzuk garatu egiten dira, eta beste batzuetan ohartzen zara ezetz, momentuko taupada horri ez diozula heltzen jakin. Askotan, gau-mahaian koadernotxo bat eta boligrafo bat alboan ditudala egiten dut lo, batzuetan ideiaren batekin esnatzen bainaiz gauerdian. Hasieran, ohean nengoela horrelako burutazioren bat izaten nuenean, nire buruari esaten nion hurrengo egunean apuntatuko nuela; baina gero, hurrengo goiza iritsi, eta askotan ez duzu apuntatzen izandako burutazio hori, agian ez zarelako gogoratzen. Horregatik, nik apuntatu egiten dut. Batzuetan, ordea, gertatzen zait gauean apuntatutako hori irakurtzen hasi eta ideia horrek zer esan nahi duen arrastorik ere ez izatea (barreak). Baina gehienetan balio izaten dute. Azkenean, barruko sena gutxien espero duzun unean esnatzen da.
 

Zer ematen dizu umoreak egunerokoan?

Dena ematen dit. Nire lanbidea izateko zortea daukat, baina umorea bizitza-filosofia bat da niretzat. Munduari aurre egiteko modu bat da, gauza asko kontatzeko bide bat; agian, beste modu batera kontatzera ausartuko ez nintzatekeen gauzak kontatzeko bidea. Azken finean, umoreak asko babesten nau; askotan, gehiegi eta guzti (barreak).

 

 

Telebistan eta antzerkian pertsonaia ugari antzeztu dituzu. Nola antzezten da pertsonaia bat? Eta zer ikas dezake haur batek pertsonaietan jolastuz?

Pertsonaia bat antzeztu nahi dudanean, lehenik eta behin haren fisikoan fijatzen naiz: nola ibiliko litzatekeen, nola egingo lukeen korrika, nola begiratuko lukeen, eskuak nola edukiko lituzkeen... Gorputzetik abiatzen naiz, niri asko laguntzen baitit, eta hortik sortzen dira, pixkanaka, pertsonaiaren emozioa, arima eta ahotsa. Askotan, gainera, behaketa lana ere bada.

Umore programetan edo saioetan pertsonaia asko antzeztu ditut, pertsonaia oso muturrekoak; 6 urteko haurra den Goraneren pertsonaia sortzeko, adibidez, parke batera joan, banku batean eseri eta umeak beraien artean nola erlazionatzen ziren begiratzen nuen: harremanak izateko zer kode erabiltzen zituzten, nola egiten zuten korrika, nola igotzen ziren zabuetara... Begirada lan horretatik sortu nuen, pixkanaka, Goraneren pertsonaia.

Pertsonaiekin jolastea oso baliagarria da haurrentzat. Beste pertsona baten azalean jartzen laguntzen die, beste errealitate, arazo eta desio batzuk ulertzen. Azken finean, enpatia lantzeko modu bat da. Eta gaur egungo munduan, hain indibidualista eta teknologikoa den honetan, enpatia ezinbestekoa iruditzen zait. Horregatik da hain garrantzitsua antzeztea eta sormena lantzea.

 


Umorea bizitza-filosofia bat da niretzat. Munduari aurre egiteko modu bat da, gauza asko kontatzeko bide bat; agian, beste modu batera kontatzera ausartuko ez nintzatekeen gauzak kontatzeko bidea


 

Antzezpenean behin eta berriz probak egitea eta huts egitea ohikoa da. Nola lagundu ditzakegu umeek akatsak naturaltasunez eta presiorik gabe bizitzen?

Hasteko, frustrazioa normala dela esango nieke. Izan ere, frustratuta dagoen pertsona bati —berdin dio umea edo heldua izan— ezin diozu esan frustratuta ez egoteko, dagoeneko frustratuta dagoelako. Eta hori normala da. Denok nahi izaten dugu gauzak lehenengoan ongi ateratzea; instintiboki horrela sentitzen dugu. Baina hori gertatu denean, eta dagoeneko frustratuta zaudenean, esango nioke gauza onak eta txarrak pasatu egiten direla; mundu honetan ezer ez dela betiko. Lasaitasun horretatik hartzen lagunduko nioke: momentu onak pasatzen diren moduan, txarrak ere pasatuko direla gogoraraziz.

 

Umorea egiterakoan, non dago muga zuretzat, eta nola irakats diezaiokegu umeei barre egiten inor mindu gabe?

Nik uste dut muga bestea entzutean dagoela. Zuk egindako umoreak norbait mintzen baldin badu, lehenik eta behin entzun egin behar da; galdetu zergatik mindu den, askotan mina eragiten baitugu eta ez baitugu ulertzen zergatik. Hortik aurrera, saiatu jarrera hobea izaten minduta sentitu den edo senti daitekeen pertsona horrekiko. Egia da beti daudela muga ikusezin batzuk, gaindiezinak direnak eta kontuan hartu behar ditugunak. Horregatik, gakoa entzutean, galdetzean eta haren hitzak aintzat hartzean dago.

 

 

Ume askok txikitan askatasun handiagoa dute, baina gero heltzen joaten diren heinean lotsa edo epaiaren beldurra sartzen zaie. Zer egin dezakegu umeen ausardia ez itzaltzeko?

Lotsatuta baldin badaude ere, egiteko esango nieke. Ni oso pertsona lotsatia naiz, eta askotan kosta egiten zait lotsa horri aurre egitea, nahiz eta jende askok ez didan sinesten. Lotsatuta dauden ume horiei esango nieke nik ere lotsa handia pasatzen dudala, eta askotan beldurrasentitzen dudala, baina ez dela ezer gertatzen. Lotsarekin ere egin daitezke gauzak. Zoriontsu sentiarazten baditu, behintzat, egin dezatela.


Zer aholku emango zenieke gurasoei eta hezitzaileei, etxean edo gelan sormena eta umorea pizteko?

Batez ere, ume bakoitzak dituen gaitasunak indartzeko esango nieke. Badakit ez dela erraza 20 ikasleko gela batean heziketa komun bat ematea, ume guztiak desberdinak direlako, baina hori oso kontuan hartu behar dugu. Gaitasun guztiek berdin balio beharko lukete, eta hori ez da beti horrela izaten. Sormenak, adibidez, beti izan du garrantzi gutxiago, eta nolabait baztertuta egon da. Horregatik, bai gurasoei eta bai hezitzaileei esango nieke ume bakoitzak dituen berezitasunak eta gaitasun desberdinak kontuan hartzeko, eta horiek indartzeko. Isilarazi ordez, edo orokortasunean baloratzen diren gaiak soilik baloratu ordez, bakoitzak duen berezitasuna indartu behar dugu. Gizarte pluralago bat horrela soilik lor daiteke.