FOREST BATHING CIRCUIT

2020-2021 ikasturtean, Yolanda Trabudua zuzendari eta Ingeleseko irakasleak Baso Bainu Zirkuitua (Forest Bathing Circuit) landu zuen 1. eta 2. mailetako ikasleekin, Bilboko Rekaldeberri ikastetxeko lorategi botanikoan. Proiektu xume bezain aberatsa, hainbat arlo lantzeko aukera eman baitzien: ingelesa, japoniar kulturaren ezagutza, naturarekiko harremana, adin desberdinetako ikasleen arteko elkarlana, emozioak, sentimenduak eta lanerako baliabide berrien ezagutza, esaterako.

 

Sarritan, ez dago urrutira joan beharrik naturaz eta berdeguneez gozatzeko. Nahikoa da ingurura begiratzea, eta dagoen horretan barneratzea, izan zelai handi, lorategi txiki, toki malkartsu edo baso zabal. Bilboko Rekaldeberri institutuan, horixe egin zuten duela bi urte: atzealdean utzirik eta ahazturik zegoen berdegune aldapatsu baztertua lorategi botaniko bihurtu zuten. Ezer ez ikustetik naturagune erabilgarri gisa ikustera pasatu ziren, eta begirada-aldaketa horrek aldaketak ekarri ditu irakaskuntzara ere. Azken bi ikasturteetan, ikasgai askotako irakasleak joan dira kanpoko espazio horretara irakaskuntza-jarduera han garatzera; horietako bat da Yolanda Trabudua zuzendari eta Ingeleseko irakasleak DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleekin aurrera eramandako Baso Bainu Zirkuitua. Ingeles eskolako azken hamar minutuetan, sarritan ateratzen da Trabudua ikasleekin ikastetxeko lorategi botanikora bueltatxo bat ematera, airea hartzera eta naturarekin harremanetan egotera. Baso Bainu Zirkuitua proiektuarekin, are gehiago barneratu nahi izan zuen naturan. “Jatorria Japonian duen kontzeptua da bainu honena —dio Trabuduak— Shinrinyoku esaten diote japonieraz, Forest Bathing Circuit ingelesez eta Baso Bainu Zirkuitua euskaraz. Shinrinek basoa esan nahi du japonieraz, eta yokuk, berriz, bainua. Beraz, shinrin-yokuk baso-bainu esan nahi du,

basoko giroan murgiltzea, naturaren barruan, zentzumen eta sentimendu guztiekin. Ez da basoan ariketa egitea, korrika egitea edo zaldiz ibiltzera joatea, baizik eta naturan murgiltzea, natura ikustea, usaintzea, dastatzea, entzutea eta ukitzea”. Horixe da ideia, naturaren parte sentitzea. Gauza sinplea dirudien arren, ez da hala, eta kostatu egiten da gorputz eta zentzumen guztiekin naturan barneratzea. 2050. urterako munduko biztanleriaren % 66 hirietan biziko dela aurreikusten da. Enviromental Protection Agency erakundeak egindako ikerketa baten arabera, amerikarrek, batez beste, beren denboraren % 93 barruko espazioetan pasatzen dute. Gure inguruan ere gauza bera gertatzen dela dio Trabuduak. “Gure ikasle askok ez dute naturarekiko harremanik, ez dakite aldapan, belarretan edo lokatzetan ibiltzen, beti asfalto gainean ibili izan direlako”. Irakasle asko ere beldur dira ikasleak eroriko diren, zikinduko diren... “Erortzen badira, lasai, altxatuko dira, jolastokian ere eror daitezke; zikintzen badira, garbituko dira. Kontua da onartuta dagoela boligrafoarekin edo ordenagailuko edukiekin zikintzea, baina ez lokatzarekin; edo onartuta dagoela ordenagailuarekin ikastea, baina ez naturarekin, natura aparteko gauzatzat hartzen baita. Hirietako lorategiak ez dira zapaltzen hemen, hori barneratuta daukagu; beste herrialde batzuetan, ostera, lorategietan eseri, etzan, egon eta ibili egiten dira. Han, parkeak gozatzeko dira; hemen, ez ukitzeko. Horregatik, begirada eta pentsamoldea aldatu nahi ditugu, eta naturan murgildu”. Trabuduak dio “negutegi-gizartean” bizi garela, eta horrela ari garela hazten. Arrazoi horregatik landu du baso-bainuaren proiektua ikasleekin. “Japonian helduek egiten duten ekintza da, baina niri garrantzitsua iruditzen zait txikitatik eta gaztetik hurbiltzea naturara, filosofia hori gaztetatik hartzea. Azken batean, pentsaera bat da, bizitzeko era bat, eta hori, urrunera joan gabe, gure ikastetxeko lorategi botanikoan jarri dugu praktikan”.

Naturan murgiltzeko jarduerak Naturan murgildu eta zentzumenak lantzeko, bost ekintzaz osatutako zirkuitu bat osatu zuten Rekaldeberrin.

1. gunea: landareak ukitu. Ekintza honetan, emozioak identifikatu zituzten. Ikasleek, landareen ingurura hurbildu, ukitu, eta sentitzen zutena adierazi behar zuten. Batzuek nazka edo antzeko zerbait sentitzen zuten, ez daudelako landareak ukitzera ohituta. Jarduera honek hiztegia lantzeko balio du.

2. gunea: arbola baten altuera neurtu. Arbolak nolakoak diren jabetzeko ekintza bat da. Laserra edo metro moderno bat erabili beharrean, atzamarren teknika erabili zuten kordelarekin arbola neurtzeko, eta jolas modura ibili ziren arbolak neurtzen. 

3. gunea: arbola besarkatu. Joko moduan planteatuta, ikasle bat itsua zen eta laguntzailea bestea. Azken honek ez zion esaten nora eramango zuen. Arbola batera iritsitakoan, arbola besarkatu eta sentitu behar zuen itsuak. Ondoren, hasierako puntura itzuli, begiak ireki, eta zein arbola besarkatu zuen asmatu behar zuen. Gero, deskribatu egin behar zuen bai arbola eta baita sentitutakoa ere. 

4. gunea: punteria landu. Harriak ontzi batean sartu behar zituzten. Gaur egun, makinek markatzen dute punteria, eta oso neurtuta izaten dute. Ikasleak konturatu ziren zehaztasuna lortzeko indarra neurtu egin behar dela. 

5. gunea: askatasuna. Bakoitza nahi zuen lekura joaten zen, gogoko txokora, animaliengana edo landareen gunera eta ondoren, deskribatu eta marraztu egiten zuten. Ariketa askeagoa da azken hau, filosofiarekin guztiz bat datorrena: murgilduz.

Baso Bainu Zirkuitua DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleekin landu zuen Trabuduak. “Aurrena, 2. mailakoekin, ni haien gidari nintzela; eta ondoren, 2. mailakoak 1. mailakoen gidari izan ziren. Aldi berean, iaz 1. maila egin zutenak 2. mailan izango dira ikasturte honetan, eta urtebete gazteagoen gidari izango dira”. Adin desberdinetako ikasleen arteko harremanak sortzeko balio duela dio Trabuduak, normalean ez dutelako erlazio handirik. “2. mailakoek uste zuten 1. mailakoek ez zietela kasurik egingo, baina ez zen horrela izan. Gidari lanetan jarri ziren, murgiltzearen kontzeptua azaldu zieten, eta ekintzak aurrera eramaten lagundu zieten; eta erantzun ona jaso zuten 1. mailakoen aldetik. Gainera, jarduera hau ebaluatu egiten dugu, notarako izaten da, eta horrek seriotasun handiagoarekin hartzen laguntzen du. Eta ez hori bakarrik, horrelako jarduerak ebaluatzeak ohiko azterketa-eredutik ateratzeko aukera ere ematen du”, erantsi du Trabuduak. 

Emozioen kutxa irekitzen naturan Baso Bainu Zirkuitua Ingeleseko eskola-orduetan egin zutenez, ingeleseko hiztegia lantzeko balio izan zien, eta, bereziki, naturarekin eta emozioekin lotutako hitzak eta esamoldeak lantzeko. Trabuduak onartzen du ez dela erraza emozioez eta sentimenduez hitz egitea, are gehiago nerabezaroan; haatik, helduarora edo zahartzarora iritsi arte itxaron gabe, lehenago hastearen aldekoa da. “Nerabeei asko kostatzen zaie sentitzen dutena adieraztea. Garai hori askatasunarekin lotzen da, baina, aldi berean, helburu bihurtzen da taldean onartua izatea. Hori dela- -eta, asko neurtzen dute zer eta nola esan, besteak hor daudelako inguruak epaitzen. Askatzen dira, eta hitz egiten dute, baina, gelako liderrek ez dituztela onartzen ikusten badute, barre egiten dute esandakotik ihes egiteko eta horrekin ez identifi katzeko. Horrexegatik, uste dut naturarekin harremanetan egotea eta naturarekiko sentimenduak adieraztea errazagoa dela: ez da esan behar zelan sentitzen zaren zure lagunekin edo familiarekin, baizik eta landare edo animalia batekin. Natura ez da mugatzailea eta askeago hitz egiteko aukera ematen du. Orduan, emozioak identifi katzeko aukera eman dezake”. Emozioen kutxa irekitzen laguntzen du naturak, eta baita gela barruko harremanak eraldatzen ere. Belarretan gora, lokatzetan irristatuz eta lorategian euren kasa ibiliz interakzioak naturalagoak, trankilagoak eta askeagoak dira; gela barruan ez bezala, oihukatu daiteke, eta “askatasun hori antzematen da nerabeengan”, dio Ingeleseko irakasleak. “Espazioa aldatu egiten da, eta horrek beste sentsazio bat ematen du”. Horrexegatik, Trabudua bezala, gainerako irakasleak ere hasita daude lorategi botanikora irteten eta gela barruko jarduerak hara ateratzen. “Ikasgai guztietan planifi katzen dira lorategian aurrera eramateko jarduerak”. Besteak beste, estazio meteorologiko bat eraikitzen ari dira Teknologia ikasgaian; lorategiko lurra Deriora eramango dute zein baliabide mineral dituen aztertzeko; Frantseseko irakaslearekin, ahuakatea landatu zuten, eta, bide batez, landare horren inguruko hiztegia eta informazioa landu zuten frantsesez: non landatu, zein urtarotan, zenbat ur behar duen eta abar; Gorputz Hezkuntzan, ibilbide bat egin zuten hainbat trebezia lantzeko; liburuaren egunean, liburuak gorde zituzten lorategian, eta haiek topatzen ibili ziren irristatuz, eroriz... Gauza txikiak baina esanguratsuak dira asfaltoan jaio, hazi eta bizi diren gazteak naturan murgiltzeko.

 


Natura ez da mugatzailea eta askeago hitz egiteko aukera ematen du

Yolanda Trabudua