Mehatxaturiko animaliak, haurrak kontzientziatzekoBerreskuratze zentroetatik datozen animalia mehatxatuak bizi dira Kortezubiko Basondo babes-gunean. Euskal Herrian bizi izan diren hegazti eta basanimalia nagusiak ikus daitezke bertan eta baita hainbat animalia exotiko ere. Helburu pedagogiko argia dauka babes-guneak: ekosistema zaintzearen garrantzia transmititzen diete haurrei.
Basondo ez da zoologiko bat. Animalia asko baditu ere ikusgai, hala nola, gure inguruko basanimalia nagusi guztiak, nahiz hainbat espezie exotiko, oinarrian duen filosofia guztiz bestelakoa da. Helburu pedagogikoa duen animalien babes-gunea da Kortezubiko Basondo auzoko aterpetxea. Lau eremutatik ekarritako animaliak ikus daitezke bertan: batetik, errekuperazio zentroetatik ekarritako mehatxaturiko animaliak bizi dira babes-zentroan; bigarrenik, legez kanpo ekarritako animalia exotikoak daude; hirugarrenik, espezie zehatz batzuk errekuperatzeko Europa mailako programetako animaliak daude; eta azkenik, baserriko animaliak, edo etxekotutako animaliak daude, garai batean basak izandakoak, hala nola, oiloak, ardiak, zerriak, basurdeak... Azken horiek izan ezik, Basondon bizi diren gainerako animalia guztiek atzeraezinak diren kalteak dituzte; hegaztiek, adibidez, lesioak dituzte edo tiroak jaso dituzte, eta euren kabuz ezingo lukete naturan biziraun.“Gure azken helburua gisa honetako zentrorik ez egotea izango litzateke, jendearen kontzientziatan eragin dugun seinale eta animaliek merezi duten tratua ematen ikasi dugun seinale”, adierazi du Roberto Uriarte arduradunak. Animaliak zaindu eta sentsibilizazio zein ingurumen-hezkuntza lanak egiten dituen babes-eremua da, beraz, Basondo.
Basondoko sei hektareatan Euskal Herrian bizi izan diren hegazti eta basanimalia nagusiak ikus daitezke, hala nola, hontza, urubia, arranoa, putrea, orkatza, oreina, adarzabala, basurdea, azkonarra, basakatua, azeria, eta baita gaur egun gure basoetan desagertuta dauden hainbat espezietakoak ere, katamotza, otsoa eta bisontea, esate baterako. Orain dela gutxi arte bi bisonte izan dituzte, baina une honetan bakarra dago Basondon, berau Europako errekuperazio programa baten baitan hazia izan da ondoren Basondora ekartzeko. “Gure historiaren parte da bisontea, eta hona ekarri genuen bisitariek jakin dezaten animalia honek ingurune hauetan guk adina denbora daramala, eta gizakia izan zela akabatu zuena”.
Basondon bizi den animalia bakoitzak bere historia du eta hala azaltzen diete monitoreek bisitariei, sentsibiliza daitezen. Azeria, adibidez, uzkur egoten da izkina batean. Izan ere, pertsona batek, jaioberritan basoan ikusi, ebatsi, eta etxekotu egin zuen, eta maskota gisa ez zuela gehiago nahi eta berriro mendian utzi zuen. Alabaina ordurako instinturik gabe eta bizirauteko ezinean zegoen azeria. Basozainek errekuperatu eta iritsi da Basondora, sena galduta. Antzekoa da otso ahizpen historia, edo azkonarrarena edo katamotzarena ere. Gure basoetan katamotz boreala bizi izan zen, “piztitzar” moduan hartzen zituzten eta ordaindu egiten zuten katamotzak akabatzeagatik, espezie hori gure lurretatik desagertzeraino. “Guk mezu argia ematen diegu bisitariei: basoan animaliaren bat ikusiz gero, ez ukitu. Kume bat ikusiz gero, ez hartu inoiz. Normalean ama gertu izango du, eta guk borondate onez hartzen badugu ere, ukitu orduko, ukazioa jasango du, eta okerrago: etxekotuz gero, euren biziraupena arriskuan jarriko dugu. Beraz, basoan aurkitzen ditugun animaliak ez ukitzearen garrantzia azaltzen diegu umeei”, nabarmendu du Uriartek.
Espezie autoktonoez gain, urruneko lurraldeetakoak nahiz exotikoak diren animaliak ere badaude Basondon. Australiako ualabi kanguruak, adibidez, inguruko jatetxe batean zeuzkaten bisitarien gozamenerako ikusgai. “Ezin da gisa honetako animaliarik eduki maskota gisa, eta ez zeudenez arauz eta baldintza onetan, gure zentrora ekarri zituzten”. Gisa honetako animalia exotikoak erakustean mezu argia eman nahi die Basondok ikasleei: “Oso modan egonagatik, sekula ez erosi espezie exotiko bateko animaliarik maskota gisa. Maskota bat nahi baldin badugu, hartu katu bat, etxeetan ez baitira baldintzak ematen gisako animaliek biziraun dezaten”. Hala, ualabiez gain, dortokak, eta hainbat narrasti dituzte Basondon. Hudoen kasuan, adibidez, jendeak maskota gisa hartu eta zein usain duten ohartzean edo erasokorrak direla ikustean, aske utzi dituzte basoan, ekosistemaren mehatxu.
23 urte hezten
Animaliak nola zaindu eta, batez ere, ekosistema babesteko zer ez den egin behar azaltzeaz gain, bertako faunaren eta floraren gaineko azalpenak ematen dituzte monitoreek, baita geologiari buruzko azalpenak ere, bisitarien adin-tarte bakoitzari eta aurretiaz duten ezagutzari egokituta. Santimamiñeko kobaren ondoan egonik, labar arteaz ere mintzatzen dira eta museo txiki bat ere badaukate Urdaibaiko padurako bizitzaren eta hegazti migratzaileen berri azaltzetzeko. Erakusmahaian, animalien oinatzen zein aztarnei buruzko informazioa aurkitzen da. Basondon 23 urte daramatzate hezten.