Eder Etxebarria Rojo Baionako Bernat Etxepare Lizeoko irakaslearen iritzi artikulua.

 

Hezkuntza sisteman lan kooperatiboa gero eta tresna garrantzitsuagoa bihurtzen ari da, baina askotan ahaztu egiten dugu metodologia horrek ebaluazio eredua bera ere eraldatzea eskatzen duela. Ezin dugu lan kooperatiboa sustatu eta, aldi berean, ebaluazio indibidualari eutsi. Kontraesana begi-bistakoa da: ikasleei elkarlanean lan egitera eskatu, azkenean bakoitza maila indibidualean epaitzen bukatzeko. Lan kooperatiboak, beraz, ebaluazio kolektiboaren beharra dakar harekin, eta hori erronka bezain aukera paregabea da irakasleontzat.

Kooperatibismoak balio jakin batzuk ditu oinarri: elkartasuna, ardura partekatua, parte- hartzea eta taldeko erabakietan inplikazioa. Balio horiek ez dira neurketa kuantitatibo soil batekin ebaluatu daitezkeenak. Hortik sortzen da ebaluazio taula kolektibo bat sortzeko beharra, non irizpide hauek txertatuta egon behar duten: bakoitzak taldeari egindako ekarpena, entzute aktiboaren kalitatea, ardurak berdintasunez banatu ote diren, eta gatazkak modu konstruktiboan kudeatu ote diren. Errubrika hori tresna pedagogiko bilakatzen da, prozesuari ematen baitio lehentasuna emaitzaren gainetik.

Ebaluazio kolektiboak ez du esan nahi banakako erantzukizuna desagertzen denik. Aitzitik, bi dimentsioak uztartu behar dira: batetik, norbere ekarpena taldearen dinamikari begira; bestetik, taldeak kolektiboki lortutakoa. Autoebaluazioaren bidez ikasle bakoitzak egin behar du gogoeta bere ekarpenaren gainean zein taldearen funtzionamenduaren gainean ere. Modu horretan, ebaluazioa ikasketa-esperientzia bilakatzen da, nota hutsa baino harago doana, eta ikasleek kontzienteki hautematen dute euren ekintzek taldean duten eragina.

Indibidualtasunetik kolektibotasunera igarotzea ez da soilik metodologiaren aldaketa. Hezkuntza-filosofiaren eraldaketa sakona ere bada. Ebaluazio kolektiboak bizitzak berak irakasten duena irakasten du: jendarte batean bizi gara eta gure erabakiek besteen bizitzetan eragin zuzena dute. Eskolak, lan kooperatiboaren eta ebaluazio kolektiboaren bidez, herritartasun aktiborako prestatu ditzake ikasleak. Ez soilik jakintzan, baita elkarrekin bizitzeko trebetasunean ere. Hori da, azken batean, hezkuntzaren erronka nagusia.