Aurten ere azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du Seaskak.
Seaskak deituta manifestazioa egin zuten urtarrilaren 24an Baionan “Baxoa euskaraz. Euskarari trabarik ez!” lelopean. Aurten ere baxoko azterketak frantsesez egin beharko dituzte euskal ikasleek Frantziako gobernuak berriki jakinarazi duenez.
Urtarrila hasieran bildu ziren Parisen EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroarekin. Bilera “baikorra” izan bazen ere, azterketen korapiloa askatu gabe gelditu zen. Geffray hizkuntza gutxituak aintzat hartuko dituen baxo eredua martxan jartzeko prest azaldu zen, baina Ministerioak proposamen berria apirilean egingo duenez, aldaketak etortzekotan, 2027tik aurrera etorriko lirateke.
Seaskak ez du 2027 arte itxaron nahi; “zinez kexu” direla azpimarratu du eta aurten ere azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du.
