Haurrek jotzen dutenean, hozka edo bultza egiten dutenean, helduok ez gara eroso sentitzen. Kargu hartzea eta errieta egitea izaten da gure lehen erreakzioa baina haratago joateko aukera ere badagoela azaldu digu Nerea Mendizabal psikopedagogoak, beste modu batera adierazi ezin dituzten emozioak adierazten baitituzte haurrek agresibitatearen bidez. Begirada aldatu eta ispilua gure aldera biratzeak izan ditzakeen onurei buruz aritu gara.
Kolpe, bultzada edota hozkada bakoitzak SOS dei bat gordetzen du bere baitan. Beti dago arrazoiren bat jokabide horien atzean eta helduok “ez duzu jo behar, hori gaizki dago” paradigmatik begiratu beharrean, larrialdi deia ikus dezakegu. Epaiketatik haratago, helburua gizakia bera ezagutzea da Nerea Mendizabal psikopedagogo eta KEB Komunikazio Ez Bortitzeko adituak esan digunez: “Haurrak jotzea ez dago ez ongi eta ez gaizki; sinpleki dei bat da. Alarma gorria piztu zaio eta ez daki beste era batera adierazten”. Ekintza horren atzean ezkutatzen dena ulertzeko, hipotesiak egin ditzakegu, beti ere enpatia oinarri hartuta. Izan ere, haurrak jotzen duenean, ezinegona du, ondoeza, inpotentzia, haserrea… edo beldurra. Beldurra eta kezka. Indar erakustaldi horren atzean zaurgarritasuna izaten baita askotan. Gizaki gisa ongi egoteko beharrezkoak ditugun hainbat alderdi arriskuan jartzen direnean, inporta zaizkigun alderdi horiek bermatzeko estrategia eragin- korragorik ez dugunean, bortizkeria erabiltzen dugu. Eta bortizkeria horrek forma ezberdinak har ditzake; jotzea izan liteke edo jo gabe ere, estrategia nahiko traketsak erabilita ondokoari min ematea.
Esate baterako, haur batzuek anai-
arreben “inbasioa” sentitzen badute, jo egiten dute. “Une horietan, esklusibitatea behar izan dezakete horrek segurtasuna ematen dielako, garrantzitsuak sentitzen direlako”, KEBeko adituaren hitzetan. Ume guztiek dute oinarrizko behar hori. edozein kasutan, “esklusibitatea edo espazio segurua behar dutenean, erreakzionatzeko hainbat modu izan ditzakete: blokeatuta gelditzea, esperimentatu nahi ez izatea, babesa eta dependentzia bizitzea edota jotzea, min ematea. Eta batzuk ez dira besteak baino hobeak, sinpleki erreakzionatzeko modu desberdinak dira”.
Kontuan hartu behar dugu, gainera, agresibitatea ez dela soilik haurren kontua. Helduok ere jotzen dugu, batzuetan fisikoki eta beste batzuetan beste modu batera ematen dugu min. Honako adibidea jarri du adituak: ume batek txirristan dagoen beste bat bultzatu du eta besteen aurrean egin dio errieta helduak. Hori helduok “jotzeko” dugun modu bat da eta haurra egoera horretan umiliatuta sentitu liteke. “Helduekin intimitatean egiten ditugu halakoak eta beharrezkoa da haurra pertsona gisa hartzea, begirunez. Momentuan bertan esaten duguna zaindu dezakegu edo geroago tarte bat har dezakegu etxean horren inguruan lasaiago hitz egiteko”. Une horretan hiru aldagai kontuan edukitzea proposatzen du psikopedagogoak: begirunea, ulermena eta limiteak. Adibidez, hau esan diezaiokegu: “Hemen gauzak agian ez daude zuk nahi zenukeen bezala eta ez dakizu nola adierazi”… Edo hasieratik limitea jar dezakegu: “Ezin dizut jotzen utzi, tratu onak nahi ditut. Imajinatzen dut zerbait esan nahi duzula baina min emanaz ez, mesedez”. Babesa adierazteak ere on egin diezaioke, zer adierazi nahi izan duen eta ea beste era batera adieraz dezakeen galdetu… “Beste tresna batzuk bilatzeko laguntza eskaintzeak biiztzarako prestatzen lagun dezake”. Jotzea eta min ematea oso gaizki ikusita daudenez, helduok larritu eta haserretu egiten gara, ez dugu egoera kontrolatzen, ez gara seguru sentitzen eta azkenean umearen antzera gaude. “Zilegi da, ez baitugu zertan egoera horiek kudeatzeko baliabiderik izan”, dio Mendizabalek. “Kontuan hartu behar dugu helduok ahozko hizkuntza dugula, heldutasuna, esperientzia, hainbat baliabide… eta hala ere mina eragiten dugula maiz hitzekin, jokaerekin edota gure jarrerekin. Trakets ibiltzen gara gure emozioen kudeaketan edo gure beharrak asetzeko moduen bilaketan. Haurren kasuan horri guztiari adierazteko zailtasunak gehitzen zaizkie; oraindik ez dutelako hizketa erabat menperatzen, emozioei forma ematen eta izendatzen oraindik ez dutelako asmatzen… Ez dituzte helduok ditugun lanabesak eta baliabideak eta askotan guk egiten ez dakiguna egitea eskatzen diegu”.
Batzuetan ez jotzeko esaten diegu ipurdiko bat ematen diegun bitartean edo garrasika esaten diegu garrasirik ez egiteko. Denok ditugu koherentzia ezak eta geure burua epaitu eta kritikatu gabe, errua sentitzen dugun unean beste bide bat hartzeko hautua egin dezakegu Mendizabalek nabarmendu duenez: “Helduak gogoa baldin badu, ikasketa prozesu polita du aurrean”. Haurrek eta helduok ulermenenetik eta goxotasunetik elkarrekin ikastea proposatzen du adituak: “Ikus dezagun nola izan gaitezkeen haien bidelagun ikasketaprozesu horretan. Batzuetan hanka sartuko dugu; ez dugu asmatuko baina lasaitasunez har dezakegu, umiltasunez. Une interesgarria da guraso edo heldu perfektua bilatzen ari ote naizen hausnartzeko. Izan ere, perfekzioaren bila goazenean, haurrei ere perfekzioa eskatzen diegu”. Baina gure deserosotasunetik haratago, haurrei egiten diegun eskaera horren atzean altxor eder bat ere badagoela dio Mendizabalek: “Lortzen ez dugun hori exijitzen diegu haiek ere balore horiek izatea gustatuko litzaigukeelako. Kontua da, balore horiek izan badituela, nahiz eta beste behar edo balore bat zaindu nahian modu traketsean agertu den. Gure antzera”.
Umeak jotzen duela ikustean, ispiluari buelta eman diezaiokegu, izan ere, informazio polita eman diezaguke isla horrek: “Interesgarria da haurra norbait jotzen ari denean gu geroni ispiluan begiratzea eta gure buruari galdera egitea: ‘eta ni nor ari naiz jotzen?’. Agian bikoteari, nire gurasoei edo nire buruari min ematen ari naiz, nahiz eta agresio fisikorik ez egon tartean”, dio Mendizabalek.Helduak, beraz, haurraren bidelagun izan gaitezke gauzak beste modu batera adierazteko egiten duen ikasketaprozesu horretan. Arazo gisa ikusten dugun horren atzean dagoen aukera ikus dezakegu, Mendizabalen iritziz: “Jotzearen ekintzaren atzean harribitxi batzuk topatzeko aukera dugu; alderdi interesgarriak eta baliagarriak daude. Ez da zerbait negatiboa. Haurrak jotzen duenean, bere ustez bidezkoa denaren alde borrokan ari da, martxan jartzen ari da, zerbait adierazi nahian ari da eta hori garrantzitsua da bere garapenerako”. Era horretan jokatzen duen haurrak ausardia du eta defendatzeko eta borrokatzeko sena garatua duela dio Mendizabalek. Haren hitzetan, hori positiboa da eta horixe bera azpimarra diezaioke helduak; gauzak ongi ez doazenean adieraztea gustatzen zaigula esanaz edo beretzat zerbait bidezkoa izan ez bada horren alde borrokatzea edo determinazioz jokatzea zilegi dela adieraziz. Gaineratuz, jakina, hori guztia besteei minik eman gabe adieraztea ezinbestekoa zaigula.
Beste muturrean kokatzen diren haurrek kezkatzen dutela dio Mendizabalek: “Kezkatzen naute, baita ere, ondoeza sentitzen dutenean blokeatuta edo adierazi ezinik geratzen diren haurrek. Adibidez, berea defendatzen ez dutenek. Haur horiei alderdi hori aktibatzeko begirada berarekin lagun diezaiekegu. Hor ere, ispiluari buelta emanda, esan nahi dudana adierazi ezinik edo neure burua defendatzeko ausardiarik gabe topa naiteke hainbat egoeratan”.
Ispiluaren aurrean jarri, begirada aldatu eta arazo gisa ikusten duguna aukera bihurtzea da erronka. Horrela, haurrak eta helduok eskutik helduta elkarrekin ikasten jarrai dezagun. Gakoa geure burua eta umea ulertzea, onartzea eta laguntzea baita.