Izaten dira burua zeharkatu eta bihotzeraino sartzen diren esaldiak edota adierazpenak, barruraino sartu eta zerbait ukitzen dutenak. Bada, horietako batzuk aurki daitezke HAZI HEZIren zenbaki honetan. Aspanovas Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkarteko kide Ainara Azkarragak dio, “seigarren solairuko leihotik ikusten duzun hori da benetako mundua, hortik ikusten da errealitatea”. Basurtuko ospitaleko seigarren solairuaz ari da, minbizidun haurrak han artatzen baitituzte. Eta benetako mundua, osoagoa, errealagoa, handik ikusten dela dio.

Batek baino gehiagok du begirada hori, Azkarragarekin batera erreportaje horretan hitz egiten duten Gure Señeak eta Ulertuz elkarteko gurasoek eta kideek, adibidez. Edo Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoko gainerako kideek. Edo Sormenaren atalean elkarrizketatutako Saioa Aizpurua Pantxinetak, zeina Algaraklown ospitaleko pailazoen taldeko kide den. Buru osasunaren gaia jorratzen den erreportaje nagusian ere, ikusezina eta lantzea beharrezkoa den barne munduaz mintzo dira Donna Apellaniz, Maite Lekuona eta Gema Lasarte adituak.

Beste askori, ordea, kosta egiten zaie seigarren solairuko begiradaz jabetzea, edota solairu hori badagoenik ere ez dakite. Horregatik aldarrikatzen dute solairu horretan egon direnek garrantzitsua dela horretaz jabetzea; alegia, mundu honetan behar bereziak dituzten haurrak daudela jakitea, izan minbizia, gorreria, gaixotasun arraroak edo buru osasun arazoak. Gizartearen bazterrera kondenatuak dira, gizarteak egoera horiek onartzeko eta laguntzeko dituen zailtasunen ondorioz. Alta, bazterrean kokatzen diren arren, begirada osoagoa dute, bizitzako gauza inportanteak ondo identifikatuta dituzte, eta arretaz entzun beharreko hitzak ere bai, Gure Señeak-eko Luisma Landaluzerenak kasu: “Bizitzako baloreak aldatu egiten zaizkizu, ezinbestean: geurea bezalako egoera bat onartu behar duzunean, ezin duzu gizarte indibidualista honen baloreekin bat egin gehiago”.