Gizaki batek eta besteak %100ean partekatzen dute DNA; gure genak berdin-berdinak dira, baina horien baitako aldagai batzuk erabat desberdinak dira gizaki bakoitzeko. Beraz, oinarrian berdin-berdinak izan arren, aldi berean bakarra eta errepikaezina da gutako bakoitza. Abestiak zioen bezala, ‘ez dago zu bezalakorik’.
Desberdintzen gaituen hori begi bistakoa izan ohi da, baina oro har gustura hartzen dugu; segur aski gutako inork ez luke nahi bere berdin-berdina den inorekin gurutzatzerik kalean. Horren gainetik, berdintzen gaituena ikusteko gai izan ohi gara, izaki soziala baita gizakia, eta, desberdinak izanagatik, oinarrian berdinak diren beste horiekin harreman estu eta sakonak sortzeko gai da. Zenbaitetan, ordea, desberdintzen gaituena gailentzen zaio berdintzen gaituen horri, eta halako beldur irrazional bat sortu ohi du gure baitan; desberdina den horrekiko izua sentitzen du gure baitako animaliak, eta ihes egiten du. Horretaz badakite zerbait Laurak, Hodeik, Nazaretek, Palmirak, Jakesek eta Luciak. Gizarteak oro har onartzen dituen baino ezaugarri desberdin gehiago dituzte, izan kultura, identitatea edo genetika tarteko. Arau orokorretik kanpo gelditu dira. Ikaskide, parkeko lagun edo gainerakoen berdin-berdinak dira oinarrian, hori dio zientziak, baina bestelakorik gizarteak; begirada desberdin egiten dituen horretan jartzen baitu. Palmirak dio hazi ahala besteen begiradan mespretxua ikustean ohartu zela desberdina zela; Jakesen ama begirada txarrek lur jota utzi izan dute; Luciaren amak besteen begirada aldatzeko beharra du aldarri, bere alaba den horretan onar dezaten.
Gizartea du hizpide Carolina del Olmok ere, gizarteak ezartzen dituen mugak. “Haurren
etsaia” deitzen dio gizarteari, “ezartzen dituen exijentziak bateraezinak” direlakoan haur txiki baten beharrekin. Eta gurasoen etsaia ere bai, salatzen baitu gizartea ez dagoela prest hazierari eta horrekin loturiko zaintzari tartea emateko; hortik gurasoen ezinegon, kulpa eta frustrazio asko, bere irudiko.
Gizarteak sortzen dituen, gizartetik sortzen diren arazoak izan ditugu hizpide HAZI HEZIren zenbaki honetan. Baina, gizartea deituriko ente abstraktu hori errepikaezina eta bakarra den gutako bakoitzak osatzen du. Gutako bakoitzaren esku, beraz, begirada adeitsua edo mespretxuzkoa eskaintzea Laura, Hodei, Nazaret, Palmira, Jakes eta Luciari. Gutako bakoitzaren esku gizarte honen etorkizuna izango diren haur osasuntsuak eta askeak hazteko espazioei lekua egitea, eta horren alde lan egitea. Gutako bakoitzaren esku haurrei beraietaz arduratuko den gizarte inklusibo bat eskaintzea, guztiontzako eta gure zaintzarako lekua izango duena.