Egilea: Elixabet Jauregi, Zeraingo Eskola Txikiko zuzendaria.

 

Gabonak igaro berri ditugun honetan, jatordu koipetsuak eta gozoak jan ditugu eta orain, urtarrilean, urduri jartzen naute urteroko mediku analisiek… Tira, eta urteroko dentistaren errebisioak edo eskolako ikuskariaren bisitak ere arrangura sortzen didate. Nahiz eta jakin gure onurarako eta laguntzeko direla. Baina, zergatik jartzen naiz horren urduri? Zer gertatzen da nire barruan, laguntzeko prest dauden espezialistekin?

Ustez, erantzuna topatu dut: emaitzak  beldurtzen nau. Aztertua eta ebaluatua sentitzen naiz, nire konplexu eta intseguritate guztiekin. Ongizatea bermatzen duten langileak izan arren, emaitza jakin batzuk transmititzen dituzte: txantxarra dela, analitika kaxkarrak direla edo dokumenturen bat falta dela…

Batzuetan, ikasleekin gauza bera gertatzen zaigula iruditzen zait. Euren “prebentziorako” eta “onurarako” diren proba ugari pasatzen zaizkie. Euren indarguneak eta ahulguneak identifikatzearen eta ondorengo eskuhartzearen izenean. Horien artean ditugu esaterako, Arreta Goiztiarreko (AG) proba, Adimen Gaitasun Handiko (AGH) proba, Ebaluazio Diagnostikoa edo aurten martxan jarri den Irakurketa Trebetasunak neurtzeko Tresna (ITT) berria, beste batzuen artean.

Ez ote zaie ikasleei niri mediku kontsultarekin pasatzen zaidan gauza bera gertatzen? Betiko irakaslea izan arren, proba pasatzeko unean, emaitzaren mamuak urduritu eta duten ahalmena erakutsi ezinik geratzea?

Ahalmena, gaitasuna, boterea… “superboterea” esango nuke nik Koldo Rabadanek dioen moduan. Aspaldi esan zigun Francesco Tonuccik hamarreko ikasleen bila abiatzen garela eta haien gabezietan, falta zaien horretan bakarrik jartzen dugula begirada, proben emaitzetan, esaterako.

Zergatik ez dugu begirada duten horretan guztian jartzen?