EAE-ko hezkuntza sailburuari elkarrizketa

 

Lau urtez EAEko Hezkuntza sailburuorde izan ostean hartu du sailburutza Begoña Pedrosak. EAEko Hezkuntza Hitzarmena eta ondoren Legea egosi diren garaia izan da, eta berak berrikuntza eredu propioa diseinatu ahal izan du igaro den zikloan. Lehen lerroan hasi duen legegintzaldia Hezkuntza Legearen garapenean eta hezkuntzaren berrikuntzan sakontzeko aldia izango du.

 

EAEko Hezkuntza Legea onartu ondorengo legealdiko sailburu izatea egokitu zaizu. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Horrek esan nahi du lan asko egin behar dudala, hori lehenengo eta behin. Ohore bat da ardura hau hartzea. Ilusioa, ardura eta lan egiteko gogoa nabarmenduko nituzke. Guri lanak ez digu beldurrik ematen eta saiatuko gara beti komunitatearekin elkarlanean aritzen. Hezkuntza egiteak entzutea esan nahi du, eta entzuten ditugun proposamenak bideragarriak ote diren aztertzea; beharrak aztertzea, hezkuntza ahalik eta ondoen diseinatzeko eta garatzeko asmoarekin.

 


Gure profesioa,  hezitzaileona,  neketsua da,  erantzukizun handia delako pertsona bat heztea; erantzukizunik handiena


 

Legearen ezarpena eta garapena urte luzeetako zeregina izango da. Zein izango dira lehentasunak?

Lehentasun bat, hain zuzen ere, legearen garapena bera izango da. Kalitatezko hezkuntzan eta behar ditugun estrategietan eta tresnetan sakontzea izango da gure lanaren ardatz inportante bat. Nik zera azpimarratuko nuke, eta garrantzitsua iruditzen zait irakasleei hau ondo azaltzea: formazio ereduan bidea egiteko saiakera handia egiten ari gara azken bi urte hauetan. Denok dakigu irakaskuntzaren inpaktuan aldagai garrantzitsuena zein den: irakaslea da. Baina irakaslea ez da elementu isolatu bat, ez da bera bere kabuz eta bakarrik lan egiten duen pieza ikastetxearen barruan. Ikastetxea komunitate bat da eta hor, ikaste-irakaste prozesuari dagokienez hartzen diren erabakiek partekatuak eta lerrokatuak egon behar dute.

Formazio ereduaz hitz egiten dugunean guretzat oso inportantea da komunitate praktikaz hitz egitea. Gure eredu propioa garatu nahi dugu hor. Aurten hainbat komunitate profesional elkarrekin lan egiten eta hausnartzen izango ditugu, eta hortik ateratzen ditugun hausnarketak, ondorioak eta ikaskuntzak sistema osoarekin partekatzen saiatuko gara, testuinguruak eta tokian tokiko proiektuak errespetatuz.

 

Hori guztia entzunda, gaur egungo formazio eredua aldatu egingo dela ulertu behar al dute irakasleek? 

Aldatu baino gehiago, pauso kualitatiboak emango ditugula esango nuke. Hemen gaude Hik Hasin, eta Hik Hasik ere hausnarketan eta ekintzan oinarritzen den eredua jorratzen du. Nik ekintzan eta hausnarketan oinarritutako formazio ereduan sinesten dut, aspaldi frogatua dagoen eredua da, ezagutza biderkatu egiten baitu. Badakit eredu anbiziotsua dela eta esfortzua eskatzen duela, baina epe luzean inpaktu handiena daukan egiteko modua da.

 


Nik ekintzan eta hausnarketan oinarritutako formazio ereduan sinesten dut, ezagutza biderkatu egiten baitu. Badakit eredu anbiziotsua dela eta esfortzua eskatzen duela, baina epe luzean inpaktu handiena daukan egiteko modua da


 

Beste estrategiarik aipatuko al zenuke Hezkuntza Legearen garapenean lehentasun izan daitekeenik? 

Curriculumari dagokionez, ziklo honetan, ebaluazio ereduan sakondu nahi dugu; ebaluazioa hezitzailea izan behar da. Badakit gai konplexua dela, egonezin eta zalantza asko sortzen dituena. Hor gakoa zein da? Aplikazio koherente bat egitea.

Praktika oso esanguratsuak eta onak ikusten ari gara momentu honetan, eta ahotsa eman nahi diegu eurei, irakasleei, zuzendariei, berrikuntza arduradunei… Euren ahotsa ekarri nahi dugu beste ikastetxe batzuetara. Erreminta berriak sortu ditugu, esate baterako, koaderno digitalaren pilotajea hedatzen ari gara, eta horrek, nik uste, eta umiltasunez esaten dut, gure eredu propioan aldaketa esanguratsu bat ekarriko du.

 

Aipatu dituzun horiek hobekuntza estrategia integralean kokatzen al dituzu? 

Hobekuntzaz eta berrikuntzaz hitz egiten dugunean, argi daukagu ikastetxe bakoitzak bere ekintza propioa egin behar duela. Adibidez, digitalizazioaren esparruan ibilbide-orri nahiko zehatza eduki dugu sistema osora heltzeko, ibilbide anbiziotsua izan da eta oraindik ere martxan dago prozesua. Berrikuntzan sakontzeko euskal sistemako hiru unibertsitatetako adituekin mentore digitalak formatu ditugu, eta oso partekatua izan den paradigma batean aritu dira. Gu ez gara ari edozein digitalizazio ereduri buruz hitz egiten. Orain mentore digitalek eurek garatutako ezagutza hori ikastetxeetara transferituko dute. Itunpeko ikastetxeek ez dute parte hartu eta gure asmoa haiek ere sartzea da, opatu egingo diegu unibertsitateko formazioan sartzea.

Hobekuntza estrategia integral horretan badago beste espazio handi bat, konplexutasun handiko ikastetxeetan kokatzen dena. Horiek beraien ekintza proposamen zehatzak dauzkate. Eraldatzen sarean lan handia egin da azken bi urteetan, eta orain beste palanka batzuk aktibatu nahi ditugu ikasle horien oinarrizko konpetentziak indartzeko. Horrez gain, indartu eta bultzada handi bat eman nahi diogu irakurketa estrategiari eta, irakurketa estrategiaren barruan, ulermen konpetentzia  daukagu, eta behar ditugun tresna berriak eskainiko ditugu indartu behar ditugun oinarrizko konpetentziak sakontzeko. Ikasturte honetan detekzio goiztiarra egiteko pilotaje bat egingo dugu, batez ere ulermen zailtasunak dauzkaten ikasleen identifikazio sakonagoa egiteko.

Badakigu irakasleek lan handia daukatela, orduan guk bidea erraztu egin behar dugu, administrazio moduan, baliabideak eskaini behar ditugu.

 


Ikasturte honetan bertan diseinatzen ari gara eskaintza publiko berria, eta, gutxienez, 1.200 plaza ateratzea aurreikusten da


 

Estrategia digitala indartu nahi duzuela esan duzu. Zer eredu duzue zehazki? Zer esan nahi duzue estrategia digitala “indartu” nahi duzuela diozuenean? 

“Indartu”-k ez du esan nahi “gehiago”. Teknologia neurrian erabiltzen dugu, behar den garaian, etapa bakoitzak dauzkan ezaugarrietara moldatuz. Eredua esaten dugunean, hain zuzen ere, “nola” horren inguruan ikastetxeei aholkularitza emateaz ari gara. Noiz erabili behar dugu? Zertarako erabili behar dugu? Curriculumaren barruan, konpetentzia digitalaren garapena nola egin behar dugu? Horri buruz ari gara. Ez da teknologia gehiago, baizik eta teknologia testuinguratua eta etapa bakoitzari dagokiona ondo aztertzea esan nahi dugu “indartu” diogunean. Ikuspegi arduratsu horretatik bizikidetzaren zaintza oso garrantzitsua da; digitalizazioa teknologiarekin lotzen da, baina digitalizazioa bizikidetza ere bada.

Adimen Artifizialaz ere hausnartu behar dugu. Ezezagutza daukagu, eta ezezagutzak beldurra dakar. Irakasle taldeari azaldu behar diogu zeri buruz ari garen, horrek zer dakarren, zer aukera eta arrisku dauden... Inportantea da kontuan edukitzea ikasleak hor daudela, ezagutza izugarria daukatela. Horretarako gida bat egin nahi dugu aurten.

 

Zer-nola daukazue pentsatua Hizkuntza proiektuen garapena? Eta horri loturik, ‘Euskararen eta Hizkuntzen Markoa Eraikitzen hezkuntza testuinguru eleaniztunean’ dokumentua ondu zenuten aurreko legegintzaldian. Zer asmo duzu horrekin? 

Lehenengo asmoa Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortzea da, hori badator. Hortik bideratuko dira politika berri guztiak. Bitartean lana egiten ari gara. Helduleku garrantzitsua da marko hori, garatu eta gehiago eztabaidatu behar den dokumentu bat da, eta Berritzeguneetan eta beste aditu batzuen bitartez lan hori egiten ari dira. Tokian toki, euskararen inguruan ikastetxe guzti-guztien erronka da hizkuntzaren erabileraren inguruko zaintza.

Hizkuntza proiektuak ikastetxeetan garatzen jarraitzen dugu, baina erabaki genuen ikuspegi soziolinguistikoari espazio berezi bat ematea ikasturte honetan. Udal batzuekin batera praktika oso interesgarriak ari gara ikusten, eta, gainera, udalak komunitate horretako ikastetxe guztiekin lan bat egiteko ardura hartzen du, eta horrek ere kohesioa ekartzen du.

 

Neurri zehatzik hartuko al duzue ikastetxeetan kultur transmisioa berma dadin? 

Badakigu hizkuntzaren ikuspegi soziolinguistikotik kulturarekiko atxikimenduak erabilera ekartzen duela, motibazioa ekartzen duela… badakigu eragiten duen aldagai bat dela. Orduan, hori ere kontuan hartuta etorriko dira proposamen batzuk. Badaude hainbat material eskuragarri, baina gehiago sozializatu behar dira. Badauzkagu programa batzuk ikastetxeetan martxan. Adibidez, niri asko gustatzen zait musikarien programa, eta ahal izango banu, bikoiztuko nuke; agendan daukagu hori indartzea.

 

Euskal Eskola Publikoaren I. Plan Estrategikoa garatzea hitzeman duzu. Zein izango dira planaren koordenatuak?

Euskal Eskola Publikoaren I. Plan Estrategikoa mugarri bat dela uste dut. Maiatzean hasi ginen prozesu parte-hartzaile honekin. Hainbat ardatz identifikatu dira: ikaslea ardatz, familien parte-hartzea, berrikuntza eta hobekuntza prozesua gure ezaugarri izatea, digitalizazioa, jasangarritasuna, ikaste-irakaste prozesuei garrantzi handia ematea…

 

Klaustroen egonkortasun ezak izugarri baldintzatzen du eskola publikoetako hezkuntza proiektuen garapena. Planak hori eragozteko neurririk zehaztuko al du? 

Nik uste dut asko aldatu dela argazkia eta indar handia egin dela alda dadin, bereziki aurreko ikasturtean abiatutako egonkortze prozesuekin. Gure helburua ikastetxe publikoetan egonkortze tasa hori areagotzea da, bitarteko irakasleen tasa ahalik eta baxuena izatea da gure helburua. Mugarri batzuk jarri ditugu: datorren ikasturterako % 8ra jaistea gustatuko litzaiguke eta gure anbizioa legealdiaren bukaeran % 5era jaistea da.

Egonkortze prozesu handi bat egon da aurreko ikasturtean, datorren ikasturterako 5.000 irakasle egonkortzea ekarriko duena. Ikasturte honetan bertan diseinatzen ari gara eskaintza publiko berria, eta, gutxienez, 1.200 plaza ateratzea aurreikusten da.

 

Europako eskola publiko askotan zuzendaritzek irakasleak hautatzeko aukera dute. Horrek hezkuntza proiektuari lotutako profila eskatzeko aukera ematen du. Gisa horretako gobernatza eredu berri baterako aukerarik irekitzen al du legeak? 

Nik uste dut ikastetxe publikoen autonomiaren gaiari heldu egin behar diogula eta bide juridikoak bilatu behar ditugula, batik bat ikastetxe jakin batzuetan dauzkagun egoerei bidea errazteko. Gure asmoa hori aktibatzea da, eta dekretu edo arau berri baten bitartez egin beharko genuke, zuzendariek aukera izan dezaten, behintzat behar dituzten irakasle horiek zein diren perfilatzeko. Behar- beharrezkoa da, eta ikuspegi juridiko batetik berrikuntza bat da; aztertzen ari gara.

 


Ikastetxe publikoen autonomiaren gaiari heldu egin behar diogu eta bide juridikoak bilatu behar ditugu, batik bat ikastetxe jakin batzuetan dauzkagun egoerei bidea errazteko


 

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoari dagokionez, ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berberak izateko prozesu bat beharko da. Zein pauso emango dira? 

Guk Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaz hitz egiten dugunean, prestazioaz hitz egiten dugu; ikastetxeek hartu behar dituzten konpromisoez eta bete behar dituzten araudiez eta betebeharrez ari gara. Legeak hainbat elementu jasotzen ditu artikulatuan, eta horiek ekarri behar ditugu araudi ezberdinetara. Hori ez da egon orain arte. Lege berrian eta garatuko diren hainbat garapen normatibotan zehaztuko diren elementuak dira. Hor lan izugarria egin behar dugu parte hartu nahi duten ikastetxe horiekin betaurreko berdintsuak janzteko.

Badaude oso inportanteak diren elementu batzuk: bat, adibidez, segregazioaren estrategia guztia; erantzunkidetasunez jokatu behar da eta familiekin pedagogia egin behar da. Beste elementu inportante bat da inklusioaren markoa nola aplikatu behar dugun gure ikastetxeetan; eta hizkuntzen estrategia ere garrantzitsua da. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan prestazio bat ematen duten ikastetxe sareak hor kokatu behar dira. Inportanteak diren elementuetan lan egiteko araudia behar dugu eta araudiaz harago, pedagogia behar dugu. Horretarako, itun sozialak behar dira, eta hezkuntza komunitatean dauzkagun eragile ezberdinekin hitz egin behar da. Gehiago esango nuke, ikuspegi politikotik hainbat elementu atera behar ditugu, eta bat hizkuntzarena da.

 

Eskola-segregazioari lotuta, matrikulazio sisteman hainbat neurri hartu dira. Emaitzak 3-4 urte barru ikusiko dira, baina zerbait antzeman al duzue? Zer beste neurri hartuko dira?

Lehenik eta behin, Hezkuntza Hitzarmenean hartu genituen konpromisoak eta horien aktibazioa daude. Ibilbide-orri bat daukagu, eta apurka-apurka ari gara pausoak ematen. Horien artean matrikulazio prozesuan elementu zuzentzaileak sartzea zegoen, eta zerbitzu publikoa eskaintzen duten ikastetxe guztietan betebehar bat da, askotariko ikasleak jasotzeko. Ikusi ditugu hobekuntzak, baina arnas luzeko prozesua da.

Bi: ekintza zuzentzaileez gain, ikerketak esaten digu proiektu sendoak eta kalitatezkoak behar direla ikastetxe guztietan, eta hori segregazioarekin lotzen dut. Ikastetxe batean heterogeneotasunak aberastasuna eta bizikidetza ekartzen ditu, kohesioa eta hezkuntza kalitatea ekartzen ditu. Hori guztia apurka-apurka egin behar dugun prozesu bat da, hezkuntza komunitatearekin elkarrekintzan egin behar dugun bide bat da.

Horrek hirugarren neurria ekartzen du; aipatu ditugu neurri zuzentzaileak, aipatu ditugu proiektu pedagogiko sendoak eta, hirugarrenik, orain aukera daukagu segregazioari aurre egiteko itun bat garatzeko. Hori diseinatu nahiko genuke orain, eta ahalik eta azkarren aktibatu. Hiru elementu horiekin administrazio honek bide berri bat hartu duela esango nuke, eta ikusiko dugu bide horretatik zer ateratzen den, baina egin beharreko bidea da gure etorkizuneko herritarrak hor kokatu behar direlako.

 


Guk, administrazio moduan, babesa, laguntza, baliabideak eta tresnak eskaini behar ditugu. Baina inportanteena da ikastetxe batean jakitea zer den inportantea eta zehaztea non dauden lehentasunak


 

Ikastetxeetan ibiltzen gara gu eta irakasleak gaindituta ikusten ditugu. Zer esango zenieke? 

Nik esango nuke gure profesioa —eta nik hor kokatzen dut neure burua, momentu honetan zeregin ezberdinetan nagoen arren—, erantzukizun handikoa dela; gainera, erronka berri asko sartu zaizkigu, eta exijentzia ugari. Irakasleei eta zuzendaritza-taldeei esango nieke, badakitela zer egin behar duten, profesional onak dauzkagu, eta hautuak egin behar dira eta hautu horiek ondo antolatu behar ditugu; horretarako, estrategia bat edukitzeak laguntzen du. Horregatik, niretzat mugarria da eskola publikoetan estrategia argi bat izatea, eta hurrengo urteetan fokua non jarriko dugun jakitea eta, gero, hori tokian tokiko ekintza plan zehatzetara ekartzea. Guk, administrazio moduan, babesa, laguntza, baliabideak eta tresnak eskaini behar ditugu. Baina garrantzitsuena da ikastetxe batean jakitea zer den inportantea eta zehaztea non dauden lehentasunak. Lan neketsua da, erantzukizun handia delako pertsona bat heztea, erantzukizunik handiena.

 

Galdera laburrak

01.Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Antzerkigintza. Antzerkigintzan eta kantugintzan oso momentu emozional politak dauzkat.

02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Nire autoexijentzia. Autoexijentea izan naiz beti eta horrek neure buruari presioa sartzea eragin dit. Horregatik oso inportantea da autoerregulazio bat egitea.

03.Nolako eskola amesten duzu? 

Ikasle guztiak artatzen dituen eskolarekin amesten dut; ikasle guztiekin lan egiten duena, familia —berdin da zer familia tipologia den— ulertzeko eta hezteko saiakera egiten duena eta oso ondo formatutako eta konprometitutako irakasleekin.

04.Zuretzat garrantzitsua den balore bat? 

Lana. Lana eta konpromisoa.

05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

Arrakasta, Jasone Osororena.