Umea aulkitxoan eserita doa, inguruari adi-adi begira. Orain hosto bat erori da zuhaitzetik, orain txakur bat pasa da ondotik, orain txoria pausatu da bere aldamenean. Aita aulkitxoa bultzatzen ari da eta hari esan dio, pozez, txoria ikusi duela: “pipi”. Aitak ordea ez du alabaren hitzik entzun. Mugikorraren pantailari begira doa, kaskoak jantzita, munduan zehar baina mundutik urrun, bere unibertso propioan sartuta. Isiltasuna jaso dute trukean alabaren hitzek. Ez dago erantzunik. Ez dute poza partekatuko. Ez dago elkartrukerik.

Umea aulkitxoan eserita doa, inguruari adi-adi begira. Orain hosto bat erori da zuhaitzetik, orain txakur bat pasa da ondotik, orain txoria pausatu da bere aldamenean. Amona aulkitxoa bultzatzen ari da eta hari esan dio, pozez, txoria ikusi duela: “pipi”. “Hara, txori txikia! Zeinen kantu polita egin duen gainera!” erantzun dio amonak. Amona inguruari begira doa, bilobarekin bater. Berehala erantzun dio umeak esandakoari. Poza partekatu dute. Interakzioa egon da.

Horixe behar dute umeek hizketa modu egokian gara dadin: interakzioa eta helduaren presentzia. Presentzia erabatekoa: gorputza soilik ez, burua ere hartzen duena. Gero eta ohikoagoak dira lehenengo eszenak irudikatzen dituen egoeraren antzeko egoerak, eta gero eta beranduago hasten dira umeak hizketan. Hainbat arlotako profesionalek —logopedek, pediatrek…— kezka dute hizketa gero eta gehiago berandutzen ari delako eta hizketa berandutzeak, haurren garapen integralean ere eragina duelako. Gai horixe izan zuten ahotan hainbat adituk Hik Hasik antolatutako Hizketan hasi ezinik izeneko jardunaldietan, eta aldizkari honetako gai nagusian tartea egin diogu horren gaineko hausnarketa egiteko beharra gero eta handiagoa delako.

Haurrek ondoan behar gaituzte eta ariketa erraza egin dezakegu modu egokian gara daitezen: haurrak begiratu, haurrak entzun eta haurrei erantzun. Haiekin egon, haiekin jolastu, haiekin bizi, haiekin hitz egin. Kalitatezko denbora eskaini. Gure presentzia oparitu, haiek oparitzen diguten modura. Horixe izango baita etorkizunerako inbertsiorik onena.