Urgentziazko aldarrikapenak” egitera beharturik, zaintza lanen balioa ikusaraztea izan du helburu nagusien artean martxoaren 8ko greba feministak. Baina urgentziazkoaren behelainoak ez die eragozten premiazkoa ikustea hodeiertzean, eta zenbaki honetako elkarrizketa nagusian Bilgune Feministako kide Naia Torrealdaik adierazi bezala, zaintzaz baino, bizitzaz hitz egiten hastea dute helburu urrutira begiratzean. Bizitza bera erdigunera ekarriko duten egiturak sortzeko beharraz, indar desberdinak batuko dituen herri prozesuaz mintzo da. Elkarlanaz. Eta lankidetza behar hori bera aldarrikatzen du hazierarako ere. Gurasotasuna, bitasuna txiki uzten duen taldeaz hitz egiten du, komunitateaz.

Eta taldearen beharraz mintzo dira, hain zuzen, Miren Camison eta Ramon Mauduit Haur Prebentzioko adituak eta Carmen Ferro emagina ere zenbaki honetako gai nagusian, haurraren haziera den continuum horretako katebegi bitaz, edoskitzeaz nahiz titia uzteaz hitz egitean. Haziera nahiz edoskitze taldeen beharra, emakumeak bere baitan hain ohikoa den krak hori sentitzen duenerako. Izan ere, edoskitzearen bidean maldak ugariak izan daitezke, eta, titia ematearen onuren inguruko kontzientziarik handiena duenak ere, senti dezake uneren batean uzteko gogoa, edoskitzea eteteko beharra. Camisonek dioen moduan, ez baita erraza dena ematen egotea, “gure seme-alabekin urpean hondoraturik”. Taldeak eman diezaioke indarra krak egindako emakume horri malda hori gainditzeko, eta bidearekin jarraitzeko; eta, zinez akituta badago, gutxienez ahalik eta modurik samurrenean amaitzeko bidea. Edoskitzea “bizitzako maitasun istoriorik ederrenetarikoa” baita, Ferrok dioen moduen, eta “merezi du ondo bukatzea”.

Edoskitzea oztopatzen duten arrazoien artean, hain zuzen, Torrealdaik elkarrizketan esana, egungo jendartean ez dugula bizitza erdigunean. Horretarako egiturak sortu behar direla, taldean, herri prozesuan. Bitartean, ez lirateke gaizki etorriko, ordea, “urgentziazko neurriak” honetan ere. Gurasotasun baimenak izan daitezke sendagai bat, eta badirudi bide horretan urratsak badatoztela. Gehiagoren esperoan gelditu beharko. Baina, behela-inoak itsutu gabe, hodeiertzean bizitza erdigunean duen jendarte hori amesten.