Beti dago bitartekari bat haur literaturan, umea irakurle autonomo bilakatu eta helduari “ez zaitut behar” esaten dion arte. Bitartekari horri bere liburu gogokoen maletara jotzea aholkatzen dio Imanol Mercero haur literaturan espezializatutako hizkuntzalariak haurrari irakurtzeko liburuak aukeratzeko garaian.
Urte gozoetan, haurra hasi da irakurtzen ikasten, baina oraindik ez da gai gurasoak irakurtzen zizkion haur literaturako liburuak irakurtzeko. Ez baita gauza bera letrak ezagutzea eta irakurtzen jakitea. Imanol Mercero Galtzagorriko kideak ongi ezagutzen ditu haurrentzako liburuak, eta hari galdetu diogu nola aukeratu 6 urtetik aurrerako haurrentzako liburuak.
Zer izan behar dugu kontuan irakurtzen ikasten hasi den haurrarentzako liburuak aukeratzean?
Haur literatura bitartekari batek bideratzen duen ariketa literario artistiko bat da. Beti dago bitartekari bat haur literaturan, beraz, haurrak jasoko duena beti egongo da baldintzatuta gurasoen/ irakaslearen /edo dena delako bitartekariaren arabera. Hain justu, haurrak esaten duenean “ez zaitut behar”, bukatzen da haur literatura. Horixe da muga.
Zein da haur bati eskaini dakiokeen libururik onena? Norberak gozatu duena. Bitartekariak bere esperientzia literarioa eduki du haur bezala, eta maite izan ditu liburu batzuk. Maite ditugun liburuak umeei transmititzen dizkiegunean beste kolore bat dute; maite ez ditugunak zuri-beltzekoak dira. Beraz, oso inportantea da bitartekariak berak maite duen liburua eskaintzea haurrari. Dena den, lasai hartu, umeak, normalean, eskuzabalak dira, konfiantza osoa baitute helduengan.
Batzuetan ez da hain erraza, ez dugu gure haurtzaroko erreferentzia literario asko gogoan.
Bitartekariak maite duen liburua tradizioa da eta euskaldunok zoritxarrez mugatua dugu tradizioa. 70eko hamarkadan hasi zen haur literatura euskaraz, aurretik ez zegoen ia ezer, Marijane Minaberri, Julene Azpeitia eta beste gutxi. Lehenengo liburua euskaraz euskaldun batek idatzia eta literatura garaikidea izan daitekeena Lourdes Iriondok idatzi zuen Antton Olariagarekin, 1975ean argitaratu zen: Asto baten maluzak.
70eko hamarkadatik aurrera jaiotakook badugu haurtzaro bat haur literatura bazegoena, eta baditugu liburu batzuk maite ditugunak: Ipurbeltzak, Txalopintxalo... Orain gutxi berrargitaratu dituzte, esate baterako, Siberia Treneko ipuinak —Bernardo Atxagaren Txitoen istorioa, Asto bat hypodromoan...—.
Aldiz, guraso batek transmisiorako maletatxo propiorik ez daukanean liburutegira joateko esango nioke, erreferentzia onena, kasu horretan, liburuzaina izango baita. Baina lehenengo geure iraganean arakatu behar dugu.
Irakurtzen hasi berritan, alde handia dago eurak irakurtzeko gai direnaren eta gurasoek irakurtzen dizkieten liburuen artean. Nola ekidin jauzi hori?
6-8 urte bitarteko adina da irakurketa dekodifikazio-fasean dagoenean; irakurtzen ikasten ari dira, eta horrek ez dauka literaturarekin zerikusirik. Adin-tarte horretan, eta irakurle autonomo izan arte, paralelo izan behar dute gurasoekin irakurtzea eta euren kabuz irakurtzea. Irakurle izaten hasten gara, beti, belarritik. Belarritik irakurtzen da lehenengo eta aberatsen, eta umeak kito esan arte, 8-10-12 urterekin umeak uzten duen arte, gurasoak jarrai diezaiola irakurtzen. Belarritik irakurtzea pardela bezala da: haurra prest dagoenean kendu behar da; haurrak esango du “orain nik bakarrik irakurri nahi dut”.
Belarritik irakurtzen ari denean, haurra trebakuntza jasotzen ari da, ez soilik afektibitatea eta goxamendu ikaragarria. Gurasoak haurrari irakurtzen dionean denbora eta arreta eskaintzen dizkio; horrek urrea balio du eta umeak asko eskertzen du. Testu mota desberdinak jasotzen ditu eta ohitu egiten da, gero, irakurle autonomoa denean oso baliagarri izango zaion trebakuntza jasoko du. Haurrari irakurtzea ez da huskeria: bera autonomo izan dadin laguntzen ari gara.
Ez da, beraz, gero eta lehenago modu autonomoan irakurri orduan eta irakurle hobea? “Badaki irakur-tzen, eta hala ere, nik irakurtzea nahi du”, esaten dugu askotan. Bi gauza desberdin dira?
Noski baietz. Nire aitak egunkaria irakurtzen zuen egunero, ederki ulertzen zuen, baina ezin zenion jarri liburu bat, ez zen gai izango testu mota hori dekodifikatzeko, testu mota bakoitzak bere kodea baitauka. Beraz, umea belarritik goxatzen eta trebatzen dugun bitartean, testu mota horiek lantzen ari gara berarekin, plazerezko lanketa bat da.
Dekodifikatzen, letrak —inurri zentzugabe horiek— elkarrekin hitz osatzeko ariketa egiten, matematikan bezala, saiatu egin behar du haurrak. Dekodifikatzen ikasteko liburuak oso liburu laburrak, ulergarriak, metafora gabeak, deskribatzaileak izan behar dira, umeari inurriak esanahi bihurtzen lagunduko diotenak.
Gure nahia umeak irakur dezan baldin bada, irakur diezaiogun, ezta?
Bai, halaxe da, dudarik gabe. Etxe batzuetan egiten da, baina egia da, baita ere, guraso askori kosta egiten zaiela onartzea eurak ez direla irakurle, eta ez direla ondo moldatzen orrialde bat letraz beterik dagoenean. Bada aukeratu testu errazagoak, marrazki gehiago dituztenak, edo, komikiak, Asterixak, Tintinak… Gurasoak gozatuko duen testu bat izan behar du. Gurasoak bere garaian Teorekin gozatzen bazuen, irakur dieziola haurrari Teo, lotsarik gabe, etxeko intimitatean gaude: ez al gara etxeko arropekin ibiltzen? Liburuekin gauza bera da.
Liburu-dendan, berriz, nobedadeak bakarrik aurkitzen ditugu.
Soka batean sartuak daude eta liburu berriak bakarrik izaten dituzte. Galtzagorri elkartearen webguneak emango dizkigu liburu berrienen erreferentzia onak.
Edo konpainia handien merchandaising-liburuak ditugu dendetan, arrosak, urdinak, telebistan agertzen direnak… haurrei arreta deitzen diete, baina agian ez dira kalitate onenekoak...
Haurrentzako liburu komertzialak hor egongo dira beti; ileapaindegian Lecturas irakurtzea bezala da: nik Tintin oso arrazistaren bilduma amorratzen irakurri nuen, horrek ez zuen nire ideologia baldintzatu. Haur bat ez da feministago edo euskaldunago edo dena delakoago bihurtuko ematen dizkiogun liburuen arabera, libra gaitezen pisu horretatik!
Eta zer iritzi duzu, aditu gisan, gustuko ez ditugun gauza horiek irakurtzen goazen eran aldatzeaz: esate baterako, etxeko lanetan ama ageri bada, aita jartzeaz?
Hori ezin duzu aldatu, hori gizartea aldatzea da. Gauza bat dira helduen arazoak eta beste gauza bat haurrentzako liburuak. Ezin dugu umea bihurtu liburuen bidez animalista edo ez-dakitzerista gure ideologia hori delako. Umeak Kattalin irakurri nahi badu, eta liburutegitik Kattalin-en liburu bat hartzen badu, irakurriko diozu, baina zuri ez bazaizu gustatzen ama agertzea beti etxeko lanetan, har iezaiozu bestelako bat; kontrapisuarekin funtzionatzea gauza bat da, eta beste bat zentsurarekin funtzionatzea. Mojak gorrotatzen genituen zentsuratzaileak zirelako, ez gaitezen geu bilakatu neomoja!
Liburuak baliatzen ditugu balioak transmititzeko, beldurrei aurre egiteko, gai hau edo beste lantzeko… Hori literatura al da?
Hori parafarmazia da; ez dago gaizki eta ez dago ondo. Liburu horien helburua ez da literarioa. Literaturaren definizioa bi ardatzen inguruan dago, batetik, arte-sorkuntza bat da, eta bestetik, aisia da.
Liburu baten benetako balioa denborak erakusten du. Winnie The Pooh eta Ozeko aztia dira argitalpen gehien dituzten liburuak AEBetan, ehun urte dituzten liburuak dira. Horiek dira benetan arrakasta dutenak eta transimisioa dutenak, denborak bereizten ditu alea eta lastoa. Hartz Txiki edota Janoschen Tigre txikia zoragarriak dira, biak 70eko hamarkadakoak dira.
Haurrak handitzen doazen neurrian, 10 bat urterekin, nola lagundu liburuak aukeratzen?
Entzun. Tamalez, gure egoeragatik, haurrak oso erraz joko du gaztelaniazko liburuak eskatzera. Nik plazera ematen diena hartzen uzten diet edozein hizkuntzetan dela ere. ”Euskaraz irakurri” esatea, segur aski, agindu gisa hartuko du, ohea egitea bezala. Futbolisimos nahi badu, erosiko diozu, baina hori barazkiak turmixean pasata bezalako literatura da. Igual hartu baita ere berarentzako aproposa iruditzen zaizun beste bat, euskaraz. Poliki-poliki ereiteko.
Adin honetarako komikiarena ere aukera ona da. Gizarte bisual batean bizi gara, eta haur batentzako errazagoa da Asterix gozatzea dena letra duen beste liburu bat baino.
Zerk laguntzen du haur bat literaturzaletzen?
Aritzeak. Eta faseak daude: eskolan irakurtzera behartzen gintuztenean nik ez nuen batere irakurtzen, agindutakoa kontrako eztarritik, plazerez, deus ere ez. Gero bueltatu nintzen, neure kabuz, gozamenetik irakurtzera.
Haurra irakurtzera derrigortzen dugunean, zaletzeko aukerak gutxitzen ari gara. Lotura afektiboa da zaindu behar duguna, belarritik irakurtzea.
Umeak eskatzen duena ez da gauza handia: bere ondoan egotea ordu laurden bat. Hori egiten badugu, marabillak lor daitezke. Eta guk geuk ere, nekea eranzten dugunean, ez al dugu gozatzen?