Esti Akesolo, Areatza HLHIko irakaslearen testua.

 

Ikasturte berriarekin batera, hain gustuko dudan Jordi Mateuren artikulu bat heldu zitzaidan eskuetara. Bertan Jordik, heztea zerbitzu-lanbide bat dela zioen eta lanbide honetan gabiltzanok zaintzeaz, aukerak sortzeaz eta prozesuetan laguntzeaz arduratu behar garela. Horrek guztiak presentzia eta entrega handia exijitzen duela eta askotan estres handiko baldintzetan egiten dela zioen, alderdi ugarirekin arduratu behar izaten garelako.

Eman ahal izateko norbera ondo egotea beharrezkoa dela azpimarratzen zuen eta hala da; nork bere burua zaindu beharra dago besteak zaindu ahal izateko. Nire ustez, zainketa hori gure barne mundua arakatuz eta ulertuz hasten da, hau da, barrurantz begiratuz eta barnekotasuna landuz.

Barne lanketa horrekin, barruan ditugun korapiloak askatzea lor genezake, hain zuzen ere, gure beldurrak, mugak eta zailtasunak identifikatuz. Horrela, lehen barnean genituen su guztiak itzaltzea lor genezake, eremu baketsu bat sortuz. Horrek guztiak, pertsona eta profesional moduan, beste leku batean kokatuko gintuzke, eta gure begirada aldatuko litzateke, begirada ulerkorragoa eta errespetuzkoagoa bihurtuz. Eta horrek gure ikasleen kalitatezko bidaide izatea ahalbidetuko liguke. Ez al da hori gure ikasleei eskain diezaiekegun erregalurik ederrena?

Tarteka, gure buruak metodo pedagogikoetatik ateratzen saiatu beharko ginateke eta inguratzen gaituen bizitzari begiratu beharko genioke, honek dakarkiguna hartuz eta horretatik ikasiz. Bizitza oso konplexua da metodo batek bere osotasunean barne hartzeko. Azken finean, bizitzaz ari gara, eta bizitza ezin daiteke eskolako hormetatik kanpo utzi.