Konfinamendua altxa eta egun gutxitara ilarak egin ziren lore-denden atarian. Herritarrek natura zati bat nahi zuten etxeratu. Itxialdian hainbeste bota zuten faltan berdea! Konfinamenduak balio izan digu lastoa eta bihia bereizteko. Azalaren kodea ulertzeko, besarkada baten garrantziaz ohartzeko; lagunen, senideen, aitona-amonen egarria sentitzeko balio izan digu konfinamenduak. Zer den benetan inportantea eta zer zelofana, superfiziala, balio gutxiagokoa.
“Naturak dena eskaintzen digu”, esan digu elkarrizketa nagusian Landarlaneko Garazi Auzmendik: “Naturak segurtasuna eskaintzen digu, ikerketek argi erakutsi dute naturan eta aire librean kutsatzeko arrisku gutxiago dagoela; eta gero, maila kognitiboan, pertsonalean, emozionalean… naturgune batek heziketa-gune bezala eman dizagukeena formula perfektua da”. Orain atera gaitezen bada, atera gaitezke eta.
Martxoaren 13an ikastetxeak itxi eta etxean zarratu genituen haurrak, helduak haizea hartzera bederen irten gintezkeen, erosketak egitera, lanera edo zakarra ateratzeko buelta luzatuz. Sei hilabete geroago, kutsatzea saihesteko hartu ziren neurri batzuekin zentzugabekeriak egin direla ohartarazi du hausnarketagaian Felix Zubia medikuak; Donostia ospitaleko Zainketa Inten-tsiboen Unitateko medikua izanik gutxik dute berak adina informazio COVID-19aren bilakaeraz. “Lehen unetan beste birusekin izandako neurriak aplikatu ziren, eta eskolak ixtea erabaki zen, haurrak birusa hedatzeko gaitasun handia zutela uste zelako. Hor burugabekeria batzuk ere egin ziren, eskolak itxi zituzten egunean pintxo potea izan zen, adibidez”. Horra gizarte honen paradoxa. “Haurrak etxean itxita denbora gehiegiz mantendu ziren”, erantsi du medikuak. Bat dator kontsultetan Gontzal Martinez de Hidalga pediatra: "Umeek pairatu zuten konfinamendu zorrotza akats larria izan zen".Ondoren ikusi da haurrek ez dutela gaixotasun larririk garatzen, eta euren kutsakortasuna ere ez dela helduena baino handiagoa. Hala ere, sei hilabete itxoin beharra izan dituzte, kasu gehienetan, eskolara itzuli eta ohiko sozializazioa berreskuratu arte. Eta itzuli ere neurri zorrotzekin itzuli dira, maskarak, distantziak, tenperatura-hartzeak, beste taldeekin ezin nahasturik… Helduok orain ere baditugu zirrikituak; eta, haurrek? Ari gara ikusten eskolen eragina ez dela uste zen bezainbestekoa kutsatzeari dagokionez, medikuak zehaztu du ikasturte hasierarekin ez dela kasuen gorakadarik eman, ez behintzat eskola-testuinguruan sortutako kasuengatik. Eta haurrak neurri zorrotzekin mantentzen ditugu. Ez dezagula hemendik sei hilabetera esan, orain burugabekeriak egin direnik!
Konfinamenduan egin genuen bezala, errealitate berria balia dezagun hausnarketarako: zerk balio du, zerk merezi du, zer da justua, zer da neurribakoa? Neurriak aldatuz joan dira, soka lasaitzen alde batetik, estutzen bestetik; hausnar dezagun zer den bihia eta zer lastoa, haurren heziketa, sozializazioa eta orobat osasuna ditugu sokaren alde batean…
Hausnartzeko baliatuko du Hik Hasik ikasturte hau. Pasako baita COVID-19a —pasako ahal da!—. Eta gure gain dago eskuartean zerekin geldituko garen, zein balio, nolako hezkuntza-eredu, nolako eskola, zer haurtzaro, zer sozializazio nahi dugun. Hausnartu eta ekiteko urtea 25.a. Benetan inportantea dena ospatzeko ikasturtea dugu aurretik.