Maitane Urbieta | Kirol kazetaria

Zalantzarik ez dago emakumeek praktika-tzen dituzten kirolek gero eta oihartzun handiagoa dutela gizartean. Horren adibide, orain pare bat hilabete Realak irabazitako Erreginaren Kopako titulua. Garaipen hori, Granadan ez ezik, Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan ospatu baitzen. Emakumezkoak zirelako, akaso? Ez dakit. Dakidana da, ordutik askok beste errealitate bat ezagutu dutela. Orain arte, begien aurrean izan duten baina ikustera iritsi ez diren errealitatea. Eta garaipen historiko horrek horretarako ere balio izan duela esango nuke.

Baina berdintasunaren bandera erraz astintzen dugun honetan, asko kostatzen zaigu berdintasunez jokatzea. Oraindik ez gaude prest emakumezkoen kirola ikusteagatik ordaintzeko. 2019an, oraindik ere, emakumezko batek futbol partida baten kontaketa egitea albiste da batzuentzat. Niri gertatu zait, futbol zelaiko kabina batean egon, ondoko kazetari gizonezkoarekin hitz egiten hasi eta hark galde-tzea “baina partida nork eman behar du?”. Nire ezker bekaina gora igo eta bere galdera gizonezko bati ez liokeela egingo esan ondoren, gizona petraldu eta “ni ez naiz horietakoa” entzun behar izan dut bueltan. 
Zoritxarrez, “horietako” asko dago oraindik. Oraindik ere, nahi baino gehiagotan entzuten da emakumeen tokia sukaldean dagoela edota emakumeen kirola ez dela ez femeninoa, ezta kirola ere. Hori gure artean dagoen beste errealitate bat da, kirol esparruaz haratago, egunerokotasunean antzematen dena.

Berdintasunaren bidean urrats asko geratzen dira emateko. Kirol arloan, urrats guzti horiek ezin dira bat-batean eman. Oinarri sendoak behar dira. Eta berdintasuna ezin diegu erakundeei edo klubei bakarrik exijitu. Horiek dirua jarriko dute mahai gainean baina berdintasunaren balioak gure esku daude. Hortik hasi behar dugu berdintasuna eraikitzen. Gugandik. Gure artean. Gizartean. Eguneroko gauza txikietan.

Edozein kirolari, izan Oyarzabal edo izan Nahikari, gure umeen idoloak izan daitezke. Baina umeek, edonoren gainetik gurasoak miresten dituzte. Gu gara euren ispilu, euren eredu. Has gaitezen hortik. Has gaitezen berdintasuna aldarrikatzearekin batera, berdintasunez jokatzen, berdintasunean sinesten. Berdintasuna ez dadin izan, gure ondorengoek amestutako errealitatea.