Iruñeko Andres Muñoz Garde behar bereziak dituzten ikasleentzako ikastetxea da.

 

Ohiko ikastetxeek ez dute laguntza behar handia duten zenbait ikasleren beharrei erantzuterik, eta horientzat zabaltzen ditu ateak egunero Andres Muñoz Gardek.

 

Behar bereziak izanik ere, ikasle guztiak ohiko ikastetxeetan eskolatzea izaten da administrazioaren lehentasuna; baina, ikasle bati ebaluazio psikopedagogikoa egin ondoren ohiko ikastetxe batek haren beharrei erantzuterik ez duela ikusten badute, behar bereziak dituzten ikasleentzako ikastetxe batera bideratzen du ikaslea Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Horrelako bi ikastetxe publiko daude Nafarroan: Iruñeko Iturrama auzoan kokatuta dagoen Andres Muñoz Garde eta Tuterako Torre Monreal. Tuterako eta Erriberako ikasleak hartzen ditu Torre Monrealek, eta Zangozatik gora bizi diren nafar ikasleak joaten dira Andres Muñoz Gardera.

3 eta 21 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu Andres Muñoz Garde ikastetxeak. Ikastetxeko zuzendaria Rocio Risquez da, eta Itxaso Antoñana, berriz, ikasketaburua. Azaldu dutenez, 3-16 urte bitarteko ikasleei dagokienez, ohiko ikastetxeen antzeko antolaketa dute: Haur Hezkuntzak 3-6 urte bitarteko tartea hartzen du, Lehen Hezkuntzak 6-12 urte bitartekoa, eta Bigarren Hezkuntzak 12-16 urte bitartekoa. Horren ondoren, bi aukera eskaintzen dituzte: Lanbide Heziketa Berezia eta Helduarora Igarotzeko Programak. Lanbide Heziketa Bereziko ikasgela bakarra dute, eta lau ikasturteko zikloa da; praktikaldia ere egiten dute, eta, ondoren, egokitutako lanpostuak dituzten enpresetan egiten dute lan. Ikasleen gehiengoa, ordea, Helduarora Igarotzeko Programetan aritzen da. Programa horien helburua ikasleak etorkizunean ahalik eta autonomoenak eta independenteenak izatea da, eta tutoretzapeko etxebizitzetan bizi ahal izatea. Horretara bideratzen dute curriculuma: eguneroko etxeko lanak egiteko autonomia izatera eta ikastetxetik kanpoko bizitzan ahalik eta autonomoenak izatera.

 

Ratio txikiagoak eta espezializazio handia

Behar handiak dituzten ikasleei arreta egokia eskaintzeko, ohiko ikastetxeetan baino txikiagoak dira ratioak; 3 edo 5 ikaslekoak, hain zuzen ere. Andres Muñoz Gardek 94 ikasle hartzen ditu guztira, eta klaustroa 49 irakaslek osatzen dute. Horrez gain, hezkuntza laguntzako 29 espezialista ari dira lanaldi osoan, eta beste 40, lanaldi partzialean. Azken horiek, batez ere, jangelarako errefortzu gisa aritzen dira, ikasleei jangelan eman behar zaien arreta ia-ia banakakoa delako. Fisioterapia zerbitzua, erizaintza eta terapeuta okupazionala ere badituzte. Risquezek azaldu du igerilekua ere badutela ikastetxean bertan: “Igerilekua onuragarria da denentzat, baina lau ikasle igerilekuan sartzeko behar dugun antolaketa izugarria da, eta nola erabil dezakegun hausnartzen ari gara”.

Etaparen arabera eta batez ere ikasleen beharren arabera egiten dituzte taldekatzeak, Risquezek azaldu duenez: “Ikasleek dituzten beharrak aintzat hartzen ditugu, eta baita haien arteko bateraezintasunak ere. Adibidez, gerta liteke gurpil aulkiekin obsesioa duen ikasle bat egotea eta haren ikasgelan ezin izatea gurpil aulkirik egon, edo batek egiten dituen oihuak beste batentzako jasanezinak izatea”.

Ikasgeletan bikoteka egiten dute lan. Ikasleentzat erreferentzia den hezkuntza laguntzako espezialista dute, eta baita pedagogia terapeutikoan espezialista den pertsona bat ere. Elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Risquezek: “Hemen, denok denetik egiten dugu; honek ezin du funtzionatu ‘hau nire eremua da, eta beste hau zurea da’ esanez. Denok batera joan behar dugu”. Oztoporik ez dute falta, hala ere; izan ere, hezkuntza laguntzako espezialistek eta irakasleek ez dute ordutegi bera, eta koordinazio lanak zailtzen ditu horrek.

 


Hemen, denok denetik egiten dugu; honek ezin du funtzionatu ‘hau nire eremua da, eta beste hau zurea da’ esanez. Denok batera joan behar dugu

Rocio Risquez, Andres Muñoz Garde ikastetxeko zuzendaria


 

Irakasle guztiak espezialistak dira: geletako tutoreak pedagogia terapeutikoan espezialistak dira, eta, horrez gain, bestelako espezialistak daude; Gorputz Hezkuntzakoa, adibidez. Laguntza behar handiak dituzten ikasleekin aritzeak etengabeko prestakuntzaren garrantzia areagotzen du, eta, gainera, oso prestakuntza zehatza behar dute. Psikologikoki prest egoteak ere garrantzi handia du, Risquezek adierazi duenez: “Hemen lan egitea oso gogorra da, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Zoragarria da; oso aberasgarria eta oso polita, baina gauza askotarako prest egon behar duzu. Ikasleak oso zaurgarriak dira; kasu batzuetan, ez daude ongi osasunez ere eta oso presente dago portaeraren gaia. Lesioen parte asko egiten ditugu. Baina inork ez gaitu horretarako prestatzen eta ez dugu horretarako trebakuntzarik. Beti esaten da heziketa bereziko ikastetxe batera lanera doan irakaslea asko gustatzen zaiolako joaten dela”. Ikasleek gorabehera emozionalak izatea ohikoa izaten dela dio Antoñanak, eta konfidentzialtasunaren garrantzia nabarmendu du: “Jende asko beldurrez etortzen da, lanera lehen aldiz etortzen denean. Harrera egiteko espazio segurua eta hizketarako espazioak sortzen saiatzen gara. Egunerokoan, egoera konplikatu asko sortzen dira, eta, hemendik kanpora, ezin dugu horiei buruz hitz egin, konfidentzialtasunak guztiaren gainetik egon behar duelako. Horregatik, beharrezkoa da ikastetxean hitz egin ahal izateko konfiantzazko espazioak sortzea”.

 

Familiak, etengabeko doluan

Familiak egoera zailean egoten direla nabarmendu du Antoñanak: “Familiak guztiz atsekabetuta etortzen dira, eta gure lana familiak hartzea, haiei eskutik heltzea eta haien beharrei arreta eskaintzea da. Familientzat, atsekabegarria da ikastetxe honetara iristea, eta etengabeko kezka dute: semeak edo alabak hitz egingo ote duen, oinez ibiliko den ala ez, fardela kentzerik izango dugun ala ez…”.

Familien arteko harremanak ere ez dira beste ikastetxe batzuetan bezain errazak, ez baitira sartu-irtenetan elkartzen ikasle gehienak eskolako garraioan iristen direlako. Beraz, familiek elkar ezagut dezaten hainbat jarduera antolatzen saiatzen dira ikastetxean: lantegiak, parkera irteerak… Familiek bakarrik ez daudela ikustea ahalbidetzen du horrek, eta guztiek arazo berdintsuak dituztela jabetzea. Komunikaziorako ere hainbat tresna erabiltzen dituzte: joan-etorriko agenda, esaterako. Agenda horretan idazten dute egunean zehar ikaslea nola ikusi duten, edota zer jarduera egin dituzten, eta familiek gauza bera egiten dute etxean. Astero argazkiekin osatzen duten aldizkaria da komunikaziorako beste bitarteko bat. Whatsappa ere erabiltzen dute, eta, jakina, familiekin bilerak egiten dituzte.

 

Bereziak bai, ikusezinak ez

Ikastetxeari ikusgarritasuna ematea da egungo zuzendaritza taldearen helburua, auzora zabaltzea. Horretarako, Iturraman bertan dauden gainerako ikastetxeekin elkarlanean aritzen dira: Iturrama BHI ikastetxearekin, Amaiur ikastolarekin eta Claret Larraona ikastetxearekin. Truke hori oso aberasgarria da denentzat. Supermerkatura ere joaten dira ikasleekin, gauzak erostera ohitu daitezen. Espazio publikoak irisgarriagoak izatea nahiko lukete, eta topatzen dituzten zailtasunen adibide argi bat eman du Risquezek: “Mugikortasun aldetik behar handiak dituen ikasle bat dugu, eta, iaz, zinemara eraman genuen ohatila eta garabia hartuta. 20 urterekin lehen aldiz izan zen zinema areto batean. Oso hunkigarria izan zen”. “Ezagut gaitzatela eta ikusi dezatela ikastetxe bat garela. Kanpotik, eredu asistentzialagoa ikusten da, baina hau ikastetxe bat da”, aldarrikatu du Antoñanak.

 


 

Hainbat metodologia

Egunerokoan, hainbat metodologia erabiltzen dituzte Andres Muñoz Garde ikastetxean; guztiak koordinatuta daude, eta ikastetxeko espazio guztietan eta une oro erabiltzen dituzte.

  • TEACCH. Egituratutako ingurunea sortzen dute ikasleek autonomia uneak eta komunikaziorako ahalik eta aukera handiena izan dezaten. Piktogramen laguntzarekin egiten dute lan batez ere.

  • Partekatutako ikasgelak. Ratioak txikiak izanik (gelako 3-5 ikasle) interakzio sozialak ere murriztu egiten dira, eta, partekatutako ikasgelei esker, 6 edo 7 ikasle batera egoten dira orain 4 irakaslerekin. Irakasleek ere babes handiagoa dute beste hiru lankiderekin aritzen direnean. Ikasgela guztiak ez dira horrelakoak, baina etapa guztietan halako ikasgelak dituzte.

  • Jokabide laguntza positiboa. Prebentzioa egiten saiatzen dira. Beharrezkoa bada, plan indibidualizatuak egiten dira ikasle bakoitzarentzat. Erregistro lan handia eskatzen du; kasu zehatzen balorazioa egiten dute, eta zer doitu behar duten aztertzen dute.

  • Lagundutako lengoaia naturala. Komunikazio arazoak ohikoak izaten dira ikasle gehienak ezin direlako ahoz komunikatu. Lagundutako lengoaiaren bidez, komunikatzeko aukera eman nahi diete ikasleei, tabletak, begi irakurleak edo papera erabiliz. Jangelan, komunetan, igerilekuan eta patioetan panel handi batzuk dituzte espazio bakoitzeko hiztegi zehatzarekin. Helduak du ikasketaren ardura, eta eredu zuzena eman behar dio ikasleari.

  • Skolae. Lan handia egin dute dena hezkidetzaren ikuspegitik eskaintzeko: bideoak, ipuinetako pertsonaiak, generorik gabeko piktogramak…

  • Zentzumen anitzeko estimulazioa. Oso garrantzitsua da ikasleek zentzumenen bidez jasotzen dutena nola integratzen duten lantzea. Informazioa ahalik eta zentzumen gehienekin jasotzeko aukera eman nahi diete ikasleei.

  • Estimulazio basala. Ikasleen komunikazioa, interakzioa eta behar oinarrizkoenen garapena bultzatu nahi dituen esku hartze globala da.

  • Pertsonarengan eta familiarengan zentratutako planifikazioa. Desgaitasunak edota zailtasunak dituzten pertsona horiei inoiz ez die inork ezer galdetu; ez zaie erabakitzeko eskubiderik eman. Hori aintzat hartzen dute, eta familiaren garrantzia nabarmentzen dute.