Ainize Madariaga, Kazetaria

 

Hiriaren tai gabeko biziak, elkarrekintzen segida infinituak, mota orotako zerbitzu eta materialen eskuragarritasun berehalakoak, bai ere norberaren mugikortasun-mugagabeak liluratu izan naute. Hiria etengabeko ariketa kardiobaskularrean dabilelako; espektakularra zait hiriak duen aldiberekotasuna; norbere bideari lotzeko ageriko trazua; jende bakoitzaren bizitza kolore bateko haria balitz bezala. Nahiz, gauak hatsantura amiñi bat baretzen dion. Gaua izan daiteke hiriak eta herriak estaltzen dituen mihise beltza, herioak handi eta ttipiak berdintzen dituen gisa berean.

Bada ere biek partekatzen duten bertzerik: lehenbiziko soak ikusten uzten ez duen sukalde ondoa. Agerian den hiriko jendeketak ez baitu halabeharrez jendetasunik bermatzen: zenbat lagun ez ote duen laguntzen bakardadeak? Eta, binperrez, herri ttipiko begi-bistako kontrol sozial baztertzaileak, ez ote du kukutzen komunitatea babesten duen sokadantza? Eskuz-esku partekatzen den isilpeko hitzarmena. Plaza hutsak ez ote diren beteak elkartasun ikusezinez? Seme-alabon zaindari arituz? Non ere baitzaude, bide orok ez baitzaramatza galeria sozialen batera, xerkatu egin behar dira.

Horiek hola, herri ttipian bizitzeak baldintza ukaezina barne biltzen du: gal ez dakizun autonomia, autoarekiko menpekotasuna onartzera. Eta, gidabaimena kausitu berritan piztu zitzaizun behinolako euforia hura airatzen zaizu. Izan ere, autoa bilakatzen baitzaizu baitezpadako tresna: ez baitira bereziki hurran etxekoak eraikitzeko beharrezkoak diren (g)uneak. Libertatea ekar diezazukeen bezala,  kartzela baten lokomotorrak harrapatzen zaitu.

Karmele Jaioren Maitasun kapitala maisulana jin zait gogorat; geure seme-alabentzat jariatzen dugun amodioa: maitatzea, agian, norbait zoriontsu egitea nahi izatea dela. Txanpona ez litzateke txanpona alde bakarrekoa balitz, infrentzua hutsa balu. Garesti jalgi dakiguke afera, baina ez gurasooi bakarrik, asteroko jardueretarat, ikastolarat, ahaideenganat joateko mundrunezko denbora paketeak berdin irensten baititu haurrak ere.

Baldintzarik gabeko amodio eta txoferra eskatzen dua gurasogintzak? Lau arrudetako zama honek badu ere alde ederrik: auzolanarena. Halaxe baikabiltza, harat- honatak bidaiari-gazteez edo egitekoz betetzen: bidaia bali. Menturaz sekulan harremanik izanen ez nukeen etxe hartako gurasoarekin lotzen gaituen periferia josten dugu haurren jardueretarat heltzeko. Bide berriak irekitzen zaizkigu gisa honetan.

Hori bai, oporretarat joateko, autorik gabeko hautua zaigu hautena: bil dezala hautsa aparkalekuan, ez baitugu ikusi ere egin nahi egonaldi osoan!