Alizia Fernandez Huarte, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslea eta hikhasitarraren iritzi artikulua.

 

Aurten berrikuntza arduraduna naiz eskolan. Jendeak galdetzen didanean, horrela esaten diet. Niri begira gelditzen dira ezer esan gabe. Eta galdetzen diot nire buruari zer pentsatuko ote duten; berrikuntza hitzarekin etortzen zaizkigun ideiak produktibitatea, efizientzia, homogeotasuna eta kontrolarekin lotura dutenak izaten direlako, hau da, ahalik eta errekurtso gutxienekin etekin handiena ateratzeko formulekin.

Heike Freirek dioen moduan, zoritxarrez, eskolen antolamendua industrializazio garaitik datorkigu eta horren kutsua argi ikusten da: ordutegietan, azpiegituretan... Baina nola azaldu ingurukoei metodologia berriztatzaileenak guztiz kontrako ideiekin lotuta daudela.

Izan ere, hezkuntzan, gezurra ematen duen arren, aurrerapenik sakonena justu atzera egitea da: gure arbasoen garaietara bueltatzea da; basora, baratzera eta mahastietara joatea; lokatzez zikintzea; txitoak jaiotzen ikustea; zapaburuak jasotzea; istorioak kontatzea; istorioak entzutea; beste adinetakoekin elkartzea; askatasunez mundua miatzeko aukera izatea.

Paradoxikoki, berrikuntzarik eraginkorrena umeei denbora ematea da —“denbora galtzea” besteen begietarako—, eta berrikuntza efektiboena akatsak egitea da. Efizienteena ez da homogeneotasuna bilatzea, baizik eta aniztasuna ikustea, onartzea, eta horretara egokitzea. Eta aldi berean, probetxugarriena ez da asko “ekoiztea”: jolasteko, esperimentatzeko eta manipulatzeko aukera ematea da.

Baina ulertuko ote du gizarteak zein zaila den berriztea hezkuntzan? Ulertuko ote du zenbat kostatzen den lehiakorra den mundu honetan kooperazioz lan egitea? Ikastea lan moduan ikusten duen jendeak onartuko ote du umeak plazerra sentitzea? Jolasten ari denean ikasten ari dela nabarituko al du? Guztiz indibidualista den honetan, munduko arazoei talde moduan aurre egitearen alde egongo ote da? Merkatuaren interesek saihesten duten kritikotasunaren beharra ikusiko ote du? Edo edukietan hezitako belaunaldiek hezkidetza edo bizikidetza “lantzea” begi onez ikusiko ote dute?

Dena azkar eta perfektua nahi duen munduak, denborak moteltzea, desberdintasunak errespetatzea eta akatsak onartzea berrikuntza gisa ulertuko du?   

Hori guztia azaldu nahiko nieke galdetzen didaten horiei. Baina isildu egiten naiz eta marmarka uzten ditut euren pentsamenduekin... egiten dugunagatik gehiegi kobratzen dugula diotenekin.